"Munstro gisa aurkezten naute, Peruko presidentea naiz"

  • Abenduaren 7tik kartzelan, Pedro Castillok bere burua Peruko legezko presidentetzat du. El Salto-k hainbat galdera helarazi ahal izan dizkio, eta Chotako politikariak galdera horiei erantzun die espetxetik. Castillok prozesu konstituziogile bat eskatu du bere herriarentzat, eta Dina Boluartek egindako errepresioa salatu du.

EFE

2023ko otsailaren 08an - 07:15
Azken eguneraketa: 12:59

Barbadilloko kartzelan dago preso, segurtasun handieneko espetxean, Pedro Castillo Peruko presidente kargugabetua. Kartzela horretan dago, halaber, Alberto Fujimori presidente ohi neoliberala, gizateriaren aurkako krimenak leporatuta, besteak beste. Castillok abenduaren 7an salbuespen-egoera deklaratu eta Kongresua desegingo zuela adierazi zuen, eta ordu batzuk geroago Kongresuaren gehiengoak presidentetzatik kendu zuen. Castillo Poliziak atxilotu zuen, Mexikoko enbaxadara bidean asilo eske zihoala. Ordutik, Dina Boluarte orduko presidenteordea da Peruko presidente berria, eta protestek eta errepresioak ez dute etenik izan.

El Salto hedabideak aukera izan du Pedro Castillo elkarrizketatzeko, haren abokatu taldearen bidez, eta erantzun horietako batzuk itzuli ditugu euskarara.

Zer gertatu zen abenduaren 7an? Peruko instituzionaltasuna iraultzeko saiakera bat izan zen? Hala ez bazen, zer egin nahi izan zenuen Peruko presidente gisa egun horretan?

Zaila eta esplikatzeko konplexua da. Ezin da politikoki bakarrik azaldu. Ez naiz inoiz saiatu Peruko instituzionaltasuna iraultzen. Herrira hurbildu nahi nuen. “Ezdeus/inor ez” direnei oihartzun egiteko eguna izan zen. Herri Batzar Konstituziogilearen bandera hartu eta hitzaldia eman nuen, nire alde bozkatu zuten herriak gogoratu nituen eta nigan konfiantza izan zutenekin leial izan nintzen.

Nire errebindikazioa izan zen. Klase politikoari ulertarazi nahi izan nion herri-boterea dela gizarteen adierazpen gorena. Ez nien obeditu nahi botere ekonomiko sozialetako taldeei. Herria guztiaren gainetik jarri nahi nuen.

Ni ez nintzen ihes egiten ari, prentsak esan bezala, familia Mexikoko enbaxadan uztera nindoan, dena oso azkar joan zen. Nire erabakia izan zen. Beste inorena ez. Urduri nengoen, baina egin nuen. Nazioari bidalitako mezuaren ondoren, Anibal Torres [Peruko Ministroen Kontseiluko presidentea] oso nahastuta zegoen, ez baitzuen ulertu zergatik egin nuen egin nuena. Baita han zeuden ministro guztiak ere, mezua irakurtzen ari nintzela iritsi zirenak.

Abenduaren 7an
klase politikoari ulertarazi nahi izan nion herri-boterea dela gizarteen adierazpen gorena

Mezuaren ondoren, nire familian pentsatu nuen lehenbizi. Mexikoko enbaxadara joan nintzen haiek uztera, ez nuen inoiz ihes egin nahi izan. Ni itzultzera nindoan. Nire familia salbu jarri nahi nuen. Presidentetza jauregiko kotxea hartu eta bidean ginen, Poliziak berak geldiarazi gintuenean. Erabat legez kanpoko egoera zen, nik lehendakari izaten jarraitzen nuelako. Nire alaba txikia negarrez hasi zen, bera nire hanketan eserita baitzegoen, besarkatu eta lasaitu egiten nuen negarrik egin ez zezan.

Esan behar da fiskala ez zela inoiz nire atxiloketan egon, eta ez zela legezko prozesurik egon eskubideak dituen perutar gisa, eta are gutxiago presidente gisa, zeren presidente izaten jarraitzen bainuen eta presidente izaten jarraitzen baitut. Jarrera bortitz hori guztia [Harvey] Colchado-ren erantzukizuna izan zen. Diroes-era eraman ninduten [Operazio Berezien Dibisio Nazionala] hurrengo egunean, eta orduan iritsi zen fiskala.

Zer deritzozu “autokolpea” izan zela diotenei buruz?

Eskuinak sortu duen diskurtsoa dela. Ez dute gauzen errealitatea ezagutzen, hain dira ezjakinak, beren istorioak asmatzen dituztela eta eurek errepikatzen eta errepikatzen dituzte, ikerketa-kazetaritzako lan egokirik egin gabe. Peruko prentsa tradizionala lotsagarria da. Nire familia suntsitzen saiatu dira, gobernu de facto honen aurka dauden beste pertsona asko suntsitzen ari dira. Prentsako arduradunak benetako ezjakinak iruditzen zaizkit, eta beraiek esaten dute autokolpea izan dela, ez herriak.

Konplot baten biktima al zara? Nork antolatu du konplot hori?

Bai, konplot baten biktima naiz. Batez ere Peruko eskuinak antolatu du, nazioarteko eskuinaren, talde neoliberalen eta inperialisten interesen alde egiten duenak. Botere ekonomiko eta politikoaren makineria guztia dute eta erabili dute. Horren artean Peruko prentsa dago, interes horiei ere erantzuten diena.

Fiskala ez zen inoiz nire atxiloketan egon, eta ez zen legezko prozesurik egon eskubideak dituen perutar gisa, eta are gutxiago presidente gisa

Gauzak aldatzeko politikan sartu ginen oinezko pertsonok hasiera-hasieratik egin dugu talka haien interesen aurka. Hori egitate bat da. Lehen landa-presidentea naiz, irakaslea eta nekazaria. Ez ninduten inoiz gobernuan nahi izan, eta herriak hautatu ninduen, nire hautaketa demokratikoa izan zen. Ez zidaten inoiz barkatu.

Haiek beti beldur izan ziren ez ote genuen boterea hartuko, bazekitelako pribilegioak gal zitzaketela. Dirua eduki daiteke, komunikabideak, baina ez daukate eta ez dute inoiz izango herriaren bihotza.

Zein da oligarkia estraktibista, neoliberal eta kapitalistaren papera?

Paper kolpista jokatu dute, kontratuak berrikusiko dizkiegun beldur. Enpresa estraktibisten, neoliberalen eta kapitalisten kontratu guztiak berrikustear nengoen ni. Horiek guztiek paper kolpista jokatu dute. Hainbat adibide daude.

Lehen gobernu guztiek prentsari ordaintzeko erabiltzen zuten aurrekontua, nire gobernuan hezkuntzarako erabili genuen. Irmo jokatu nuen eta bete egin genuen. Horregatik, prentsak eraso egin zidan eta egiten jarraitzen du.

Prentsak zor handiak ditu SUNAT-ekin [Aduanen eta Zerga Administrazioaren Superintendentzia Nazionala]. Ez dituzte beren interesak ordaintzen eta hala berrikusi daiteke Panamericana, America TV, Latina TV, ATV eta Willax plataformetan, herrialde honetan difamazioagatik delitu gehien dituen kanala baita. Kanal “pirata” bat dira.

Prentsako arduradunak benetako ezjakinak iruditzen zaizkit, eta beraiek esaten dute autokolpea izan dela, ez herriak

Kobrantzei dagokienez, aduana-ontziei, petrolio-ontziei eta itsasokoei kobratzea lortu nuen. Kontratuak berritzeari dagokionez, gutxieneko parametroak daudela ziurtatu behar nuen. Kontratu asko ezin izan ditut berriro negoziatu, Konstituzioak ez didalako uzten, aurreko gobernuek egindako lege-kontratuak direlako.

Puno-n, nire gobernuak eta nik Camisea-ko gasa eta eskualdeko litioa berreskuratu nahi genituen. Arazo guztiak litioarekin du zerikusia. Inperialismoak litioa nahi du eta nire gobernuak litioa herriari eman nahi zion.

Era berean, kontratuak berriro negoziatu nahi nituen, bertako enpresei aukera eman ahal izateko, eta ez nazioz gaindikoei. Ongarrien aurrekontu handiagoa bideratu nahi genuen abeltzaintza- eta nekazaritza-eskualde guztietara ere, eta ez ziguten utzi. Adibide asko daude.

Dena enpresa transnazionalena da. Bahitu egin dute herrialdea, eta Konstituzio bati eta lege-dekretuei lotu, gure lurraldearen, gure lurren eta gure bide publikoen bahiketa horri legezkotasuna emateko.

Nor da, gertaeren argitan, Dina Boluarte? Nolakoa izan zen zuen harremana abenduaren 7a baino lehen?

Dina Boluarte ezagutu nuen Peru Libre-k presidenteorde gisa proposatu zuelako. Modu birtualean ezagutu nuen. Ez zuen kanpainarik egin lehen itzulian, aurrez aurre bigarren itzulian ezagutu nuen. Denek esaten zidaten ez zuela babesten zuen pertsonarik, baina bera agintzailea zela, eta [Vladimir] Cerronek aukeratu zuen. Ez nekien zer pertsona mota zen, denboraren joanean konturatu nintzen emakume horren gaiztakeriaz.

Lehen landa-presidentea naiz, irakaslea eta nekazaria. Eskuinak ez ninduen inoiz gobernuan nahi, eta herriak hautatu ninduen

Demokrata zela bermatu zidaten, baina itxura hutsa zen. Gero, benetan nabaritu zitzaizkion interesak. Kalkulatzailea zen eta da, eta handinahia. Inork ez zuen ezagutzen, eta bere eskualdean ere ez zuten maite, gerora jakin bainuen oso emakume arrazista eta klasista zela. Nik egin nuen ezagun, ni herriaren oinarrietara iristen bainintzen, bera ez bezala. Garapen eta Gizarteratze Ministerioko ministro izateari eutsi zion, ez zuen inoiz askatu nahi izan. Borroka asko izan genituen horregatik. Kargutik ez kentzeko negar egiten zuen, familia zuela esaten zuen eta horrekin manipulatzen gintuen. Beti lortu du guk kargu horretatik ez mugitzea.

Zein da Boluarteren egungo harremana Peruko fujimorismoarekin eta oligarkiarekin? Aliatu egin dira?

Fujimorismoarekin lan egiten du, guztiek antolatu zuten konplota. Haien babesa du eta oso ondo dakit. Dena prest zegoen Poliziarekin eta indar armatuekin. Bera, Fiskaltza, Peruko eskuina, batez ere fujimorismoa. Orain badakit Peruko eskuinarekin harremana zuela 2022ko abenduaren 7a baino lehenagotik. Elkar hartu dute, hitz egin dute, eta hori lehenagotik izan da, orain jakin dudanez. Fujimorismoko pertsonak kontratatu zituen Ministerioan, ez zien inoiz aukerarik eman herri eta eskualdeetako pertsonei. Eta orain agerian geratu da, giza eskubideak gehien urratzen dituen eskuinari kabinetera deitu dio. Zerrenda ezaguna da. Demokrata itxura egin zuen, harik eta orain bere benetako nortasuna agerikoa egin den arte: diktadorea.

1993ko Konstituzio fujimorista erreformatzeko unea al da?

Une konstituziogilea da. Ez goaz gu bila, historia dabil gure bila. Konstituzioa aldatzea herriaren sentimendua da, ondare fujimoristatik irtetea. Berresten dut Herri Batzar Konstituziogilea behar dugula.

Zer diozu Kongresuak hauteskundeak ez bizkortzeko hartutako erabakiari buruz?

Kongresua deslegitimatuta dago. Haien eragina ez dago sinkronian herriekin. Gehienek prentsak komunikabideetan esaten dituen gidoiak jarraitzen dituzte. Adibidez, zergatik ez dute osoko bilkura bat egiten eskualde batean? Ea joaten diren Ayacucho, Puno, Apurímac, Ica, Cusco-ra, Poliziak eta indar armatuek hildakoak eragin dituzten eskualdeetara. Herriak esango lieke zer pentsatzen duten. Kongresuko burbuilatik atera eta herriak benetan zer pentsatzen duen jakin dezatela.

Kongresua deslegitimatuta dago. Haien eragina ez dago sinkronian herriekin. Gehienek prentsak komunikabideetan esaten dituen gidoiak jarraitzen dituzte

Zure ustez, zein da arrazakeriak Peruko eztanda sozialean izan duen papera?

Peruk bizi izan duen eta oraindik ere bizi duen arrazakeria, klasismoa eta desberdintasun sozial eta ekonomikoa dira sarraskiak eta eskubideen urraketa ugari egoteko arrazoiak. Ziur nago abokatuek irmotasunez eta ausardiaz eramango dituztela urraketak nazioarteko instantziara.

Zein urrats eman behar dira Boluarteren oposizioaren kontrako indarkeria politikoa eteteko?

Konstituzioa behar den epean aldatu behar da, herriak behar duen bidea da, eta horregatik egin nion mezu hori nazioari [abenduaren 7ko mezuaz ari da]. Herri ahaztuenak aldarrikatu nituen, 500 urtez zapalkuntzan bizi izan garen herriak.

Eskuinak beti jazarriko gaitu, beti ezabatu nahi izango gaitu. Eta hemen nagoela, preso, familiarik gabe, gehiago pentsatzen eta hausnartzen dut horri buruz. Nire familia ere jazarrita dagoenez, presidente eta pertsona gisa pentsatzen dut horri buruz. Era berean, garrantzitsua da esatea indarkeria politikoak jarraitu egingo duela diktadura honek jarraitzen badu. Dina Boluarte eskuinaren jostailu bat da, Keiko Fujimori bezalakoa da, kalkulatzailea, ez dituena balioak, eskaintzailerik onenari saltzen zaio, eta orain eskuinari saldu zatzaio, eskuin mingots eta zikinenari. Giza eskubideen urraketengatik eta, batez ere, gizateriaren aurkako delituengatik preso sartuko duten emakumea da. Preso sartuko dute eta nazioarteko justiziak berea egingo du, herriak hala eskatzen duelako.

Peruko presidente ohi gisa... Zer irtenbide ikusten diozu zure herrialdeko egungo gizarte-eztandari?

Peruko presidente izaten jarraitzen dudala deritzot. Peruko Gobernu genozida hau ez dut Peruren ordezkari gisa onartzen. Ez dut presidente gisa bakarrik hitz egiten, perutar gisa hitz egiten dut, gobernu diktadore honek ez gaitu ordezkatzen.

Indarkeria politikoak jarraitu egingo du Boluarteren diktadura honek jarraitzen badu

Zer deritzozu estatuko agenteen indarraren neurrigabeko erabilerari? Peru diktadura bat dela uste duzu?

Indarraren neurrigabeko erabilera... ez da soilik hori. Sarraskia da. Nire herrikideak hiltzen ari dira. Bai, uste dut Peruk estatu-terrorismoa bizi duela gobernu honengatik. Bai, diktadura bat da. Atxilotze arbitrarioak dira Dina Boluarteren diktaduraren erakusgarri bat.

Nola azalduko zenuke, europar batentzat, terruqueo terminoa?

Terruqueoa da sistema kritikatzen duenari terrorista deitzeko ekintza oro, eta hori Peruko eskuinetik dator, botere talde hauetatik: prentsa, Polizia eta Fiskaltza. Irainekin hasten da, eta amai daiteke pertsona errugabeei terrorismoagatik prozesuak irekitzen, nire kasuan eta buruzagien kasu guztietan bezala. Munstro gisa ikusten naute, hori da nazioarteko prentsak eraiki duen kontakizuna. Ni naiz perutar guztiek bozketa bidez aukeratutako presidentea. Ez naiz terrorista, eta ez dut matxinada edo konspirazio deliturik egin, egozten didaten bezala. Ez dut inoiz armarik ukitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Peru
Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Lourdes Huanca
"Herri indigenentzat Boluarte ez da presidentea, usurpatzailea da"

Lourdes Huanca ekintzaile feminista eta nekazari perutarra Europan ibili da azken hilabetean, egoera salatzeko asmotan. Peruk Espainiako Estatuan duen enbaxadak komunikatu ofizial batean adierazi du Huanca gezurretan dabilela, eta ohartarazi egin gaitu hedabideok kontuz... [+]


Peruko hegoalde pobreak lurra du aldarrikatzen eta egurra du jasotzen

Pasa den abendutik Perun gertatzen ari diren istiluak, herrialdearen egoera politiko ahularekin lotu dituzte munduko hedabide nagusiek. Pedro Castillo presidente ezkertiarraren noraeza, haren kargugabetzea, Andeetako eskualdeetako herritarren altxamendua eta haien kontrako... [+]


Eguneraketa berriak daude