Lourdes Huanca ekintzaile feminista eta nekazari perutarra Europan ibili da azken hilabetean, egoera salatzeko asmotan. Peruk Espainiako Estatuan duen enbaxadak komunikatu ofizial batean adierazi du Huanca gezurretan dabilela, eta ohartarazi egin gaitu hedabideok kontuz ibiltzeko berak esandakoekin. Huanca Peruko Emakume Nekazari, Artisau, Indigena, Natibo eta Soldatapekoen Federazioko lehendakaria da, eta berarekin izan gara Gasteizen.
Pedro Castillok urte eta erdi eman zuen Peruko presidente gisa. Abenduaren 7an kongresua desegin zuen, salbuespenezko gobernua ezarri eta batzar konstituziogilea iragarri. Eguna amaitzerako atxilotuta zegoen eta Dina Boluarte izendatu zuten gobernuburu. Ordutik protesta ugari egon dira Perun Boluarteren dimisioa eskatzeko eta batzar konstituziogile baten alde. Errepresio bortitza jasan dute mobilizazioek, 70 hildakotik gora eta milaka zauritu izateraino.
Elkarrizketa hau Peruko enbaxadaren iritziaren aurka egiten ari gara. Kezkatuta daude ea zer esango diguzun?
Eskuina beti kezkatuko da norbait egia kontatzen ari bada. Baina egiarekin nabilenez lasai nago, ezer zor ez duenak ez du beldurrik izan behar. Jatorrizko herrien izenean hitz egiten dut nik. Gure borroka ez zen abenduaren 7an hasi, Castillo presidente izendatu zutenean baizik. Orduan hasi baitziren bere aurkako tratu txarrak, probintziakoa delako, nekazaria, ekoizlea, eta hasieratik jasan du indigenen aurkako arrazakeria.
2021eko uztailean hasi zen borroka. Botere legegilea hainbat artikulu eta lege ateratzen aritu da ordutik, Castillo kargutik kentzea lortu nahian. Botere judiziala, legegilea, prentsa saldua, denak zeuden bere aurka. Ezgai deitu zioten, ezjakina... baina ez ziren konturatzen Pedro Castillori botatako irain bakoitza guri ere esaten ari zirela, eta zauria handitzen joan da horrekin.
Zer gertatu zen abenduaren 7an?
Pedro Castillok berak azalduko digu aurrerago egun hura, jaso zituen presioak eta bere arrazoiak. Baina kargutik kendu eta berehala giltzaperatu zuten. Horretarako prozesuak egon behar dira tartean, eta ez zen hala izan.
Meatzaritza eta petrolioaren interesak nahasten dira hemen. 30 urteren ondoren, Fujimorik gure aberastasun guztia enpresa handiei oparitu eta gero, aurten berrikusi behar dira ustiapenerako baimenak. Beraz, ulertuko duzu zergatik daukaten giltzaperatua gure presidentea.
Zergatik zaudete kalean protestan?
Eskakizun politiko bat da gurea. Boluarteren dimisioa nahi dugu. Herri indigenentzat bera ez da presidentea. Usurpatzailea da, bere hitza jan duena, gainera. Aspalditik ikusten genuen Castillo kargutik kentzen saiatzen ari zirela, eta Boluarteri askotan galdetu genion ea zer egingo zuen hori gertatzekotan, bera lehendakariorde izanda. Esaten zuen herriaren alboan egongo zela, ez zuela kargua hartuko, batera borrokatuko ginela. Traizio egin dio herriari, kargua onartu zuen. AEBetako enbaxadorearekin eseri zen, eta larrialdi egoera ezarri zuen. Gaur egun, gobernu militarra daukagu Perun, eta gure anaia-arrebak masakratzen ari dira. Sarraskia izan da.
Bost aldarrikapen dauzkagu. Boluarteren dimisioa, askatasuna Pedro Castillorentzat, kongresu hau ixtea, justizia gure 72 heroientzat eta batzar konstituziogilea ezartzea, plurinazionala eta parekidea. Ez ditugu hauteskundeak eskatzen, askatasuna eskatzen dugu. Guk badaukagu jadanik gure presidentea, demokratikoki hautatua.
Enbaxadatik diote Boluartek bakea eta elkarrizketarako deia egin duela, ustelkeriaren eta desgobernuaren aurka ari dela. Zer bilatzen du zuen ustez?
Ustelkeriaz hitz egin dezagun. Castilloren proposamena zen enpresa guztiek zergak ordaindu behar zituztela, eta diru hori jatorrizko herrien artean banatzekoa zen, eskolak eraikitzeko, adibidez. Gaur egun, zergarik ez ordaintzeko ateratzen dituzte legeak, legegileen txalo artean. Ni gezurretan ari banaiz, nondik atera dira 72 hildako hauek? Zergatik dago armada osoa Punoko eskualdean, ez bada litioa zaintzeko, urre zuria babesteko?
“Uste dute etxera joango garela 72 kide hil dizkigutenean? Ez, borrokatu egingo dugu”
Batzar konstituziogile bat nahi dugu, esan ahal izateko zer nahi dugun gure herriarentzat. Nahikoa da! Indigenen 200 urteko borroka eta Fujimoriren 30 urteko herentzia kapitalista sufritzen ari gara. Herri indigenak nekatuta gaude sostengu izateaz, gu garelako herrialdea elikatzen dugunak, gu gara goiz esnatzen garenak landareak ureztatzera edo animaliak zaintzera, mahai guztietan janaria egon dadin. Batzar berri honetan ez dugu soilik nahi gure eskubideak errespetatu daitezen gizaki gisa, gure kultura errespetatu dezaten baizik. Pachamama, amalurra, errespetatu dezatela, ez baita merkantzia bat.
Zer izan da Pedro Castillo zuentzat? Itxaropena zabaldu zuen?
Nostalgia handia sortzen dit gogoratzeak nola egon ginen 500 ahizpa presidentearen jauregian. Aukera eman zigun ministroekin batera esertzeko, entzunak izateko.
“AEBei ez zaie komeni herrialdeak artikulatu eta batu daitezen. Ez diegu hainbeste beldur izan behar”
Ama baten nahia zein da? Bere seme-alabek ikastea. Ez dezatela soilik dirudunek ikasi, eta hala eskatu genion Castillori. Presidenteak esan zigun unibertsitaterako sarbidea doako egingo zuela. Eta zer egin zuen botere legegileak? Proposamena artxibatu. Bigarren nekazaritza-erreforma ere eskatu genuen, emakume aurpegia izan behar zuena. Eta presidenteak 30 milioi proposatu zituen, emakumeen artean banatzeko. Ez da asko, baina emakume nekazariek inoiz ez dute aukera izan halako baliabideak izateko. Ez zen ona eskuinarentzat. Hori litzateke jatorrizko herriei banatzea eskuinaren aberastasuna, eta haiena dela uste dute. Ekimen hori ere ez zen aurrera atera. Indigenen aldeko 74 proposamen bota zituzten atzera, denak artxibatuta.
Eskualde guztiek eskatzen zioten presidenteari kongresua ixteko, batzar konstituziogile bat abiatzeko. Nola ez dugu esperantzarik izango halako presidente batengan, eskualdeetara joan dena, entzun gaituena?
Eta zer izan da Castillo kongresuarentzat? Zer moduz hartu zuten presidentetzara heltzea halako profileko pertsona?
Traba izan da kongresuarentzat, harri bat zapata barruan. Presidentea beti batzen zen gizarte mugimenduekin, eta enpresekin biltzen zenean ere argia zen bere jarrera: ez zigula traiziorik egingo. Ezkerreko kongresukide asko, Castilloren alderdikoak barne, bera kanporatzearen alde agertu zen. Bakarrik zegoen presidentea, herri mugimenduekin. Kongresuak ez du egin bera botatzen saiatzea besterik. Castillok bere ministroak hautatzen zituen, eta kongresuak kendu, banan-banan. Irain asko jasan dugu kongresutik. Heldu dira esatera Tawantinsuyu-a, gure bandera, jatetxe txar bateko mahai-oihala zela, horrela gutxiesten dute haien herria.
Aurten berrikusi behar ziren meatzeen eta petrolioaren ustiapen baimenak. Faktore garrantzitsua izan da hau?
Nire aberriaren jabeak, oraintxe bertan, bost edo sei familia aberats dira. Azken 30 urtean, haiek izan dira erabakiak hartu dituztenak, aberastu direnak. Meatzaritza enpresak dauden zonaldeak muturreko pobrezian daude, non dago ateratzen den aberastasuna? Enpresa bat hemen badabil lanean, irabazien %80 Perun gelditu beharko litzateke, gure aberastasun materiala ari direlako ateratzen. Baina hain eskuzabala izan denez Fujimori, %80 eraman dezakete eta %20 utzi. Eta gainera ez dute uzten, horren zergak ere ez dituzte ordaintzen.
“Castillok aukera eman zigun ministroekin batera esertzeko, entzunak izateko”
Esaten dute nekazariok ez dakigula pentsatzen, baina konturatzen gara ez daukagula errepiderik, eskolarik, ur edangarririk, ospitalerik... Nekatuta gaude hainbeste kolpe jasotzeaz. Aski da. Uste dute etxera joango garela 72 kide hil dizkigutenean? Ez, borroka egingo dugu. Heriotza mehatxuak egin dizkigute, baina ez dugu beldurrik. Isiltzen bagara, hemendik hamar urtera gure seme-alabak hilko dituzte. Mila aldiz nahiago dut neuk hil, haiek baino. Baina borrokan hilko naiz, ez belauniko eta ez arrastaka, zutik. Haziak bota ditugu, hazi autoktono kreoleak gara. Hilko gaituzte, baina haziak ernatuko dira udaberrian, eta borrokan jarraituko dugu.
Protestak gutxitu egin omen dira, errepide mozketa gutxiago dago orain. Indarra galtzen ari da mugimendua? Zer uste duzu gertatuko dela?
Ulerkorrak eta ulergarriak gara. Jendeak elikagaiz bete behar du biltegia, arnasa hartu. Gure kideak euren lurretara itzuli dira, patatari eta kinoari lurra ematera, orain dagokion bezala. Baina itzuliko gara, ez diogu bizitza erraz utziko Dina Boluarteri. Amestu nahi badute nekatuta gaudela, segi dezatela ametsetan. Lima bigarrenez hartzeko aldia badator, beste itzuli bat. Guk ere baditugu geure estrategiak, herri indigenetakook. Lehenik jatekoa bermatzen dugu, sabela ondo bete, indartsu egon eta borrokan jarraitu.
Zer harreman dauka Boluartek enpresa handiekin?
Uste duzu berak nahi duelako ari dela egiten hau guztia? Aberriarekiko maitasunez agindu duela hainbeste jende hiltzeko? Zenbat diru mugituko ote zen hor? Zenbat jasoko zuen Espainiako enbaxadoreak? Uste duzu dohainik egiten dutela? Zergatik ez dituzte erailketak aitortzen?
Niri eskaini zidaten Emakumearen ministro izatea. Baina norberak jakin behar du non kokatzen den, non dagoen beharra. Garai hartan, Castillori berari esan nion bezala, ez nengoen ahoan mozala jartzeko prest, ez nengoen protokoloetarako. Indarra kalean behar genuen, mobilizatu behar ginen kongresuak kanporatu egin nahi zuelako. Eta hori da egin duguna. Kongresu parean lo egin dugu, gure bozkak zaintzen. Nik hainbeste interes izango banu diruan, jadanik ministro izango nintzateke, baina ez. Niretzat lehenengoa norberarekiko errespetua eta leialtasuna dira.
Europan ari zara salaketa egiten, zer espero duzu nazioartetik?
Perun daukagun arazoa ez dago isolatuta Boliviako arazoetatik, Kolonbiatik, Ekuadorretik. Arazo geopolitikoa da. Eskuina ikaratuta dago. Haizea lagun dugu orain. Peru berreskuratu genuen, eta hor daude Mexiko, Kolonbia, Brasil, Bolivia eta Argentina. Irudikatu dezakezu zelako potentzia? Uste duzu kasualitatea izan dela Pedro Castilloren atxiloketa? AEBei ez zaie komeni herrialdeak artikulatu eta batu daitezen. Ez diegu hainbeste beldur izan behar. Iristen badira, irits daitezela, baina zutik harrapa gaitzala.
Gure gurasoek, gure amonek, ametsak bordatzen erakutsi ziguten, ehuntzen, eta aliantza estrategikoak ehundu behar ditugu, bide luze hau hariltzeko. Atzo bertan eskatu zuten gobernutik Perura eraman behar nautela bueltan. Aurrera ba, eraman nazatela. Zain naukate.
Peru iparraldeko kostaldean, Pañamarca aztarnategian, mochica kulturako (K.a. 330- K.o. 800) tronu areto bat aurkitu berri dute. Arkitektura ikusgarriagatik, iruditeria erlijioso zabalagatik eta xehetasunez betetako hormairudi koloretsuengatik ezaguna da kultura... [+]
Bere agintaldian egindako krimen ugariengatik eta ustelkeriagatik zigortua, Perun esku gogorra erabili zuen Fujimorik 1990eko hamarkadan. 87 urterekin hil da Keiko Fujimori politikari ultraeskuindarraren aita.
Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]
Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]
Abenduaren 7tik kartzelan, Pedro Castillok bere burua Peruko legezko presidentetzat du. El Salto-k hainbat galdera helarazi ahal izan dizkio, eta Chotako politikariak galdera horiei erantzun die espetxetik. Castillok prozesu konstituziogile bat eskatu du bere herriarentzat, eta... [+]
Pasa den abendutik Perun gertatzen ari diren istiluak, herrialdearen egoera politiko ahularekin lotu dituzte munduko hedabide nagusiek. Pedro Castillo presidente ezkertiarraren noraeza, haren kargugabetzea, Andeetako eskualdeetako herritarren altxamendua eta haien kontrako... [+]
Ostegun honetarako manifestazio handia espero da Liman Dina Boluarte kargutik kendu, parlamentua desegin eta Perurentzako beste konstituzio bat eskatzeko. Herritar asko autobusez eta kamioiez karabanetan antolatuta iritsi da hegoaldeko eskualdeetatik herrialdeko hiribururaino.
Igandean sartu zen indarrean larrialdi-egoera Cusco, Lima eta Puno departamentuetan, 30 egunerako. Bertan behera geratu dira, beraz, "bizilekuaren bortxaezintasuna, lurraldetik askatasunez ibiltzeko eskubidea, biltzeko eskubidea, eta askatasun eta segurtasun... [+]
Perun protestak hasi eta hilabete baino gehiagora, Dina Boluarte behin-behineko presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri du Liman eta herrialdearen hegoaldeko eskualdeetan. Oraingoz, Poliziak ia 50 lagun hil ditu, ia denak indigenak eta andetarrak, eta giza eskubide... [+]
Peru hegoaldean abenduan hasitako protestak berpiztu egin dira eta Juliaca hirian poliziak sarraskia eragin zuen astelehen arratsaldean, beste hamazazpi lagun tiroz hilda. Peruko fiskaltzak aurretiazko ikerketa ireki du "genozidioagatik", Dina Boluarte presidentearen... [+]
Ion Brakamonte Unanue zumaiar musikari eta irakasleak ia Amerika osoa zeharkatu zuen bi urte eta erdiz (2018-2021), Argentinatik hasi eta AEBetara arte. Bidaiaren bizipenak biltzen dituen Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua kaleratzeko crowdfundinga jarri du martxan... [+]
Kanpo Harremanetako Ministerioak ohartarazi du azken garaietan Liman izandako hondamenik “okerrena” dela. Besteak beste, babestutako bi naturagune eta 21 hondartza kaltetu ditu; erantzuleak zigortzeko eskatu dute hainbat eragile eta instituziok. Urtarrilaren 15ean... [+]