MSF Mugarik gabeko Medikuen “Dignity I” erreskate ontziak bideoa zabaldu du. Bertan asteazkenean Libiako kostatik 30 miliatara hondoratu zen ontziaren erreskatearen irudiak erakusten ditu.
Italiako kostara iritsi nahi zuen egurrezko ontziak 700 pertsona inguru zeramatzan.
Erreskate lanetan zazpi ontzik parte hartu dute, eta dagoeneko 400 inguru erreskatatu dituzte. Nahiz eta ostiralean iturri ofizialek 25 hildako daudela jakitera eman, MSFek eta Nazio Batuek errefuxiatuentzako duen ACNUR agentziak esan dutenez itotakoen kopurua 200tik gorakoa izan daiteke.

MSF Mugarik Gabeko Medikuek jakitera eman dutenez, joan den maiatzaren 2tik, 10.000 persona erreskatatu dituzte Mediterraneoan.
Juan Matias, “Dignity I” MSFko salbamendu proiektuko arduradunak salatu du erreskate lanak egiteko “baliabide eskasia” dagoela.
“Hondoraketa izan zen lekura iristean ikusi genuena izugarria zen: jendeak flotagailuei helduta zeuden eta bere bizitzagatik borrokan. Bitartean beste batzuk itotzen ari ziren, txalekorik ez zeukatelako edota igeri egiten ez zekitelako”, gaineratu du Matiasek.
Mediterraneoko zeharkaldiek 2015aren hasieratik 2.000 hildako utzi dituzte, asteartean IOM Munduko Migrazioen Erakundeak eman zituen datuen arabera.