Miguel Ángel Jiménez Blanco tiroz hil dute Guerrero probintziako Xaltianguis herrian. Jimenez Blanco Unión de Pueblos y Organizaciones del Estado de Guerreroko (UPOEG) taldearen polizi herritarraren parte zen.
Herritarrek osatutako polizia talde horiek narkotrafikatzaileen jazarpenen aurkako autodefentsan dihardute. 2014ko irailaren 26an Mexikoko Iguala probintzian desagertutako Ayotzinapako 43 ikasleen ikerketan parte hartzen ari zen Jimenez Blanco.
Larunbatean Jimenez Blanco taxi kolektibo bat gidatzen ari zela tirokatu eta hil egin dute. Ministerio Publikoak ez du hilketaren inguruko ikerketarik egitea baimendu.
Ayotzinapako hilketak Guerreroko polizia munizipalek eta Guerreros Unidos kartelaren zerbitzura dauden sikarioek egin zituzten, zenbait iturriren arabera.
Polizia herritarra lanean hasi zenetik 129 hilotz aurkitu dituzte. Jimenez Blancok BBC Mundo kate britaniarrari adierazi zionez, Ayotzinapako gertaeren ondoren berarengana 300 familia inguru hurbildu zaizkio senide desagertuak bilatzeko laguntza eske.
Urtea hasi zenetik, Guerrero estatuko Acapulco de Juarez udalerrian “delinkuentzia antolatuarekin” zerikusia duten 502 pertsona hil dituztela jakinarazi du El Sur komunikabide mexikarrak.
Guerreron 20 pertsona bahitu dituzte
Guerreroko probintziako Coyahuacan herrian 20 pertsonen desagerpena salatu dute CRSJ-PCP Herritar Poliziaren koordinadoratik. Udal eta estatuko PRI, –Partido Revolucionario Institucional– alderdi mexikarreko gobernariak seinalatu dituzte bahiketen erantzule.