Martxoaren 24an Korrikaren amaiera Baionan ospatzera deitu du AEK-k

  • 2.700 kilometro eginda, igandean helduko da Korrikaren lekukoa Baionako Askatasun plazara, 12:30 inguruan, eta mezu sekretua irakurriko du egileak. Egun osoko festa handia antolatu dute kultur eragileekin auzolanean: Ibil Bedi, Anje Duhalde, Xiberoots, txarangak, haurrentzako txokoa, zikiro jana eta beste egongo dira.

Argazkia: AEK.

2024ko martxoaren 19an - 12:51

“Korrikak merezi duen moduko festa handia” antolatu dutela ziurtatu du Ibai Capot Thornary azken eguneko AEK-ko arduradunak, asteartean Baionako Patxa plazan egindako aurkezpenean. Harro Herri lelopean 11 egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren, 23. Korrikak Lapurdiko hiriburua zapalduko du martxoaren 24an, eta 12:30 aldera iritsiko da Askatasun plazara, Santizpirita zubitik. Bertan egingo dute amaiera ekitaldia, Pantxika Maitia Kanaldude telebista katearen aurpegi ezagunak gidatuta, eta AEK-ko ordezkariekin batera lekukoa amaieraraino eraman ostean, mezu sekretuaren egileak irakurriko du aurtengo mezua.

Azken kilometroak eragile hauek egingo dituzte: Gure Esku; Etxerat, Sare eta Bakebidean; Errigora; hainbat alderdi politiko; euskal gehiengo sindikala; UEMA eta Udalbiltza; Hekimen; hezkuntzako eragileak; Azterketak Euskaraz, aurtengo Korrikaren omendua; Kontseilua eta Euskal Konfederazioa; eta azkenik, AEK eta mezu sekretuaren egilea.

Kontzertu eta ekimen ugari

AEK-ko antolatzaileek jendetza espero dute igandean, eta txoko guztietako euskaltzale oro gonbidatu dute bertaratzera: “Euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua izango da”. Jean René Etchegaray Baionako auzapezak astearteko prentsaurrekoan nabarmendu du hiri osoa aritu dela buru-belarri Korrikaren alde, bereziki edizio honetan.

Lau gunetan banatu dute festa, publiko guztientzat pentsatua. San Andres plazan Naiz gunea egongo da (puntu morea ere bai), Xaho kaian Etxepare institutua gunea (zikiro jana bertan egingo da), eta beste bi guneak Merkatu plazakoa eta Patxa plazakoa izango dira. Kaleetan ere ekintza ugari izango dira, euskararen aldarria zabaltzen, eta gogorarazi dute Korrika-lagun ostatuak ere amaiera eguna ospatzen arituko direla.

Kontzertu ugari iragarri dituzte, Ipar Euskal Herriko kultur eragileekin auzolanean antolatutakoak: Ibil Bedi, Anje Duhalde, Xiberoots, Xutik, Haira, TOC, Zetkin eta Nakar, besteak beste. Haurrentzako txokoa eta Pontx pailazoa ere egongo dira.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude