MANIFESTUA | Baratze oro baita urre, nor izan nahi badugu

  • Gure amonari eta bere baratzeari ohore.


2020ko apirilaren 17an - 07:06
Ilustrazioa: Maitane Gartziandia.

Gure amona zena, Joxepa Amunarriz Arostegi Zubietako Barrenetxeko sukaldetik baratzerako tartean gogoratzen dut. Baratze izugarri bat zuen bere kontu. Igandea izan ezik, egun guztiak bere baratzerako zituen. Baratzetik bizi zuen etxea. Baratzetik bizi zuen sendia.

Baratzea landu eta etxeko mozkinak Donostian etxez etxe saltzera joaten zen. Buruan sorkia eta haren gainean saskikada barazki eta lekale, eskuetan marmitakada bana behi esne, treneraino. Donostian kalez kale, etxez etxe bere etxeko emana saltzen zuen. Senarra zenak, Usurbilgo Azparrengo Benito Salsamendi Alkortak, honela esan omen zion lehen salmentarekin ekarritako dirua erakutsi zionean: “Egunero horrela ekartzen baduzu etxea aurrera aterako dugu”.

"Hazi guztia da hautaketa, hibridazioa, iragana eta etorkizuna"

Etxea ez da etxea. Etxea ez da eraikuntza soil bat. Gure amonaren etxea baratzea zen. Etxea egitura da. Zerbaiti eusten dion egitura: gurtetxea gurdiaren egitura da, aretxea arearen egitura da. Geure amonaren etxea, bere sendiari eusten zion egitura, baratzea zen. Baratzearen parte zen baserriaren eraikuntza. Eta kaletik ekartzen zuen mundua baratzera, beste emakumeekin haziak trukatzen zituen eta aniztasunarekin osatzen zuen bere jakintza. Hazi guztia da hizkuntza, historia, genetika, hautaketa, hibridazioa, iragana eta etorkizuna.

"Baratzea gure kulturaren oinarria da, 'kultura', izan ere, lurra lantzearen artea baita. Gu izateko (pertsona, kultura eta komunitate), baratzea da hatsapen eta muin"

Euskaldunontzat baratzea paisaia osoa da, urrutieneko menditik etxerainokoa laburbiltzen duen lurraldea. Baratzean ditugu: eraikitzeko zur eta berotzeko egur diren basoko zuhaitzak (haritz, arte...), fruitu arbolak (sagarrondo, udareondo, intxaurrondo, hurritz, pikondo...), erritualetarako landareak (hagin, lizar, ereinotz, lore...), lokarrietarako (zume, ihi, atxapar...), osasunerako sendabelarrak, xaboiak eta kosmetikoetarakoak (malba, menda, asun, pasmo-belar, zaingorri...), erleak eta gure espiritua eta estetika elikatzeko loreak (krabelin, kala, arrosa, amañilili, geranio, begonia, esparragera...), ontziteriarakoak (kurkubi, ezki, urki, ezpel...), jatenak (belaze, arbi, pagotxa, alpapa...) eta jatekoak (babarrun, arto, kui, barazki...). Hori dena da baratzea. Gure kulturaren oinarria, “kultura”, izan ere, lurra lantzearen artea baita. Izan, gu izateko –pertsona eta komunitate izateko, kultura eta gutako bakoitza izateko– baratzea da hatsapen eta muin. Baratzea paisaia kulturala da.

"Guk bizi dugun paisaia gure amonen kulturak eraikitakoa da. Berea zena gure baratzea da"

Eta paisaia kulturala gure kulturak egin duena da. Paisaia gure amonak eta bere amonak, eta haren amonak sortua da, bai. Guk bizi dugun paisaia kulturala da, gure amonen kulturak eraikitakoa. Berea zena gure baratzea da. Gu izan ginenak, gu orain garenak eta izango garenak gu izateko. Gure munduaren ikuskera eta hizkera.

Nor bagara, eutsi diezaiogun baratzeari. Baratzea artzaina da, eta basoneska, lorezaina, barazkigilea, mahastizaina, sagardogilea. Zaindu ditzagun, zaindu gaitzaten. Nekazaritza, hemengo gure nekazaritza. Arrantza, hemengo gure arrantza. Nor bagara. Nor izan nahi al dut?

"Baratzeari eta nekazaritzari bizkarra emanda ari den jendea, hedabide-politikari-teknikari-administrazio...
gu denoi labankadaka ari zaigu bizkarrean, atzetik! Aurre egin diezaiegun"

Belaunaldiz belaun, iraultzen dugu geure bizimodua eta kultura. Gure izaera egokitzen dugu, eta irauten dugu. Irautetik bizitzera urratsa egiteko sasoia da. Iraultza hori baratzea da.  

Baratzeari eta nekazaritzari bizkarra emanda ari den jendea, hedabide-politikari-teknikari-administrazio... Gu denoi labankadaka ari zaigu bizkarrean, atzetik! Aurre egin diezaiegun. Zuk eta nik. Bion, denon amonen izenean.

Hizkuntza, kultura, artea, lana, jakintza, ekonomia, elikadura, izaera, mundu ikuskera, natura, paisaia, aniztasuna, bizitza kalitatea, burujabetza eta... gure amona. Hori dena landu behar dugu. Hori egiten duena maitatu behar dugu. Horren mozkina gure mahaira dakarrena goratu behar dugu. Gurebiziko altxorra dugu nekazari oro. Berebiziko hartzaile izan gaitezen. Izan ere, baratze oro da urre.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzea/Ortua
2024-03-14 | Estitxu Eizagirre
"Amama harro legoke, nahiko luke landareetan izan genuen aberastasun horretara iristea egun gure lurra"

Onintza Enbeita bertsolaria da, kazetaria, parlamentari ohia... eta baratzezaina ere bada. Hiru ahizpek dituzte unibertsitateko ikasketak, eta duela dozena bat urte erabaki zuten etxean beti ezagutu duten baratzeari eta azokan saltzeari berriz ekitea. Mattin Jauregik Egonarria... [+]


2022-04-20 | Jakoba Errekondo
Jan eta bizi

Nahitaezkoa beharko luke hiri hondakinetan organikoa bereizi, luartu eta lurrari bueltatzea; hil ala bizikoa.


Eguneraketa berriak daude