Maliko gerla: nola zaindu Frantziaren uranio hornitzea

  • Frantziak Malin joan den ostiralean abiatu zuen interbentzio militarraren benetako kausa energia baliabideak segurtatzea da, Stéphane Lhomme Frantziako Nuklearraren Behatokiko zuzendariak Rue89 webgunean argitaratu duenez. Artikulua osorik euskaratu du Iñaki Etxelekuk. Jarraian irakur dezakezue.


2013ko urtarrilaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Nigerreko uranio ustiategiak Maliko mugatik oso gertu daude.

2013ko Urtarrilaren 11an, Frantziako armadak eskua sartu du Malin, talde islamista armatu batzuek, Bamakora buruz abiatu mugimenduen ondorioz. Badu hilabeteak, talde hauek beren esku daukatela Mali iparraldea eta hara non, omen, ausartu diren, herrialde osoaren okupatzeko asmoz.

Nehork ez du dudan ematen talde armatu horiek jende higuingarriek osatzen dituztela. « Erlijiozko » ideia batzuen aitzakiarekin, haien gustuko ibilmoldea  ez duen nornahi jotzen dute, ohoinen (egiazkoak ala ustezkoak) eskuak mozten dituzte, eta pegeseria batzuengatik edo batzuetan ezertarako ere, jendeak hiltzen dituzte —bereziki emazteak—.

Bizkitartean, eta Libian, Gaddafiren aurka miltarki esku sartu zenean bezala, jasanezina zaigu, egoeraren larritasunaren handizki hobendun diren horien interbentzio militar baten sustengatzera behartuak izatea.

Nork sinetsiko ote du eskualde horren babestea dela xedea ?

Gehiago dena, nork sinets dezake zinez, operazio hau, « Maliko demokraziaren aldekoa » dela? Hamarkadak baditu, herrialde horietako erregimen erosiek zangopilatzen dutela. Hauek, Frantziarengandik azkarki sustengatuak direlarik. Beraz, zergatik ote, halako bat bateko urgentzia « demokratikoa »?

Halaber, nork sinetsiko du « eskualdearen babestea » dela helburua? Egiazko helburua da, Frantziako zentral nuklearren uranioz hornitzearen babestea : uranio hori, Niger iparraldeko meategietan ustiatzen baitute. Basamortu gune bat da, mapa geografikoetan marra soil batek bereizten duena Malitik.

Artetik errateko, azpimarratzekoa da, botere kolonial ohiak zein perbertsoak izan diren, zentzurik gabeko muga horiek marrazteko mementoan, lekuko populuak batere kontutan hartu gabe, eta inguru guztiz bitxiak dituzten herrialdeak asmatuz : Niger eta Mali, biak ere, harea ordulari baten itxurakoak dira. Hego-sartaldeko eremu bat hiri buruarekin, arras bazter emana eta gehienbat basamortuz egina den ipar-sortalde eremu handitik urrundua.

Areva enpresako langile bahituak

Gisa horretan, 40 urtez, Areva enpresak (lehenago Cogéma), batere trabarik gabe bereganatu du Nigerreko uranioa, hiriburutik 500 kilometrotan eta Nigerreko « botere » politiko ahuletik hain urrun dauden meategi horietan.

Azken urte hauetan, eskualde horretan talde armatu batzuk antolatu dira : Tuaregak lehenik, mespretxatuak izateaz okaztaturik, erbesteraturik, indarrez ebatsiak. Bestalde, guti edo aski islamistak direnak, batzuk Algerian izua zabaldu zuten GIA taldeetarik datozenak, beste batzuk Gaddafik menperatzen zituenak, eta autonomo bilakatu direnak azken hau hiltzean.

Arevako langile batzuk, uranio ustiatze sozietateetako koadroak, 2010ko irailean bahituak izan ziren Nigerren, Malira eramanak eta geroztik bahiturik atxikiak. Ondotik, 2011ko urtarrilaren 7an, bi frantses gazte bahitu zituzten Nigerren.

Nuklearraren Behatokia bakarrenetarik izan da, Frantziako agintariek berehala abiatu duten operazio militarraren salatzen. Agintari hauek, bistakoa denez, bahitzaileen kosta ahala kosta gaztigatzea erabaki zuten. Bi bahitu gazteentzat, hau dena oso gaizki bururatu behar bazen ere. Eta hala izan da, biak hil baitira operazio horretan.

Bi gazte hauek ez zuten uranio ustiatzen lan egiten baina, argi da, xedea zela Arevako beste langile batzuen kontrako menturazko ekintzen egiteko gogoen kentzea.

Esku sartuz, Frantzia berriz lotzen zaio giderrari

Geroztik, Tuareg mugimendu laiko eta progresistak zokoratuak izan dira, partikulazki Ansar Dine talde salafistak indarra hartzearekin. Indartsua eta arma pisuduna, talde honek bat egin du Islamiar Magrebeko Al Kaidarekin (Aqmi), arrisku joanago eta nabariagoa ekarriz Niger iparraldeko Frantziaren uranio ustiatze lanentzat. 

Frantziak, jarraikortasun handienarekin sustengatu ditu bata bestearen ondotik izan diren Maliko gobernamendu erosiak, Estatu horren desegite bat eraginez emeki-emeki. Gainbehera horrengatik dira hain segur talde islamistak Bamakora buruz ausartu.

Gehiago dena, Frantziak 40 urte hauetan Nigerreko boterea ahultasun batean mantendu du, baita ere lehengo botere koloniala eta haren uranio ustiatzaile zen Cogéma, gero Areva bilakatu dena, enpresaren dependentzia pean. Nigerreko buruzagiak, ahal bezala Arevak egiten duena zaintzen saiatzen direlarik, Frantziak giderra berriz eskutan hartzen du bere interbentzio militarrarekin.

Berriki izan diren talde islamisten mugimenduek, ez dute, jada prestatzen ari zen frantses esku sartze militarra lasterrago abiarazi baizik. Dudarik gabe, indar kolpe neokoloniala da hau, itxura egiteko, mementoko Maliko lehendakariaren laguntza eskaera batekin mozorrotu bada ere. Lehendakari horrek sinesgarritasunik ez duelarik, 2012ko martxoaren 22an egin den armadaren estatu kolpe baten ondorioz baita leku horretan.

Demokraziaren aitzakia, betikoa

Berriz ere diogu ez diegula sinesgarritasun izpirik ematen fundamentalista lanjerosei. Droga eta arma salersoleak direnak gainera, jende zauritzeko eta hiltzeko lotsarik ez dutenak.

Bizkitartean, « demokraziaren aldeko » esku sartze militarraren ipuina ez dugu onartzen. Jada askotan erabili aitzakia da, bereziki Estatu Batuek nahi izan zituztelarik petrolio iturriak bereganatu. Eta hara non berriz agertzen den, Frantziak bere erreaktore nuklearren uranioz hornitzea bermatu nahi baitu. Artetik errateko, Rafale gerra hegazkin baten kostua, orduko 27.000€koa delarik, azpimarra daiteke nuklear jatorriko argindarra, uste genuena baino askoz garestiagoa dela...

Bukatzeko, berriz ere begi bistakoa da atomoak eta Estatu arrazoiak ez diotela ingurumenari eta bizidunei baizik kalte egiten, baina demokraziari ere bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude