M8an planto egingo dugu ARGIAko emakume kazetariok, komertzialok eta administrariok

  • ARGIAn 24 langile gara, hamaika emakumezko eta hamahiru gizonezko. Martxoaren 8an, ARGIAko egoitzan, gizonezko langileok baino ez gara arituko lanean.

ARGIA @argia
2018ko otsailaren 28a
Langileon batzarra.

Hala erabaki du langile batzarrak. Egun horretan emakumezko kazetariek (bi kazetari egun osoz eta beste bi praktiketan) greba aktiboa egingo dugu, hain justu, grebari oihartzuna emanez eta Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutako ekintza eta manifestazioetan hartuko dugu parte. Gizonezko kazetariek (bederatzi) argia.eus-en greba feministaz informatuko dugu.

Erredakzioan askogatik gizonezkoak badira nagusi, administrazioan eta salmenta sailean aurkakoa gertatzen da. Bi sailak batera hartuta (hamar langile) bakarra da gizonezkoa. Emakumeok greba egingo dugunez eta ARGIAra deitzen duzunean egunero telefonoa hartzen duen langilea emakumea denez, martxoaren 8an gizonezkoek egingo dizuegu harrera.

M8ri buruzko langile batzarra baliatu dugu denon artean hausnartzeko gizon eta emakumeen arteko desorekez, zaintza lanez eta etxetik kanpoko ordainpeko lanez. Mahai gainean jarri da, adibidez, kazetari gehienak gizonezkoak izatea, saltzaile gehienak emakumezkoak, eta administrazioko langile guztiak emakumezkoak. Bestalde, grebarekin bat egitea aho batez onartu da, emakume langile guztiok adierazi dugu greba egingo dugula, baina greba egitea errazen ARGIAn dugula ere esan da. Izan ere, greba lantokian, ikastokian, kontsumoan eta zaintzan egitea eskatu du mugimendu feministak. Batzarrean emakume askok adierazi dugu zaintza alorrean planto egitea askoz zailagoa egingo zaigula. Eta hari horri tiraka beste mutur bat atera da. ARGIAk parekidetasuna babesten du eta bultzatzen du, ARGIAk bizitzea merezi duten bizitzak eraiki nahi ditu, eta beste makina bat enpresatan baino malgutasun handiagoz egiten dugu kale lantokian, haurrak, gaixoak, zaharrak zaintzeko, etxeko martxari eusteko…, hain ahaztua dugun bizitza horri heltzeko. Zer gertatzen da ordea, ARGIAk horrela jokatzen badu eta inguruko enpresek (ARGIAko lankideon bikotekide, senide eta lagunen enpresetan adibidez) ezikusiarena egiten badute? Zama ez da zabaltzen. Horregatik, ARGIAn lana bizitzaren parte izan dadin etengabe lantzen jarraitzeaz gain, gainerako lantokiak interpelatu nahi ditugu, haiena ere baden ardura bere egin dezaten.

Esandakoa, emakumeok planto egingo dugu. Gizonok lan egingo dugu ARGIAn, edo zaintza lanak beteko ditugu, edo biak batera, edo… Horretarako baita martxoaren 8ko greba, patriarkatuaren zimenduak astintzeko, edo sikiera egun horretan azkura egiteko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: M8 greba feminista  |  ARGIA

M8 greba feminista kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude