Lurraren Altxamenduak ilegalizatzeko prozedura abian jarri du Frantziako Barne ministroak

  • Martxoaren 25eko protesta jendetsuaren ondotik plazaratu du erabakia Gérard Darmanin Frantziako Barne ministroak. Bertan sekulako errepresioa pairatu zuten manifestariek, 200 kolpatu eraginez – bi koman daudenak oraindik martxoaren 30 honetan–. Poliziaren "basakeria" estaltzeko estrategiaren parte ezarri du erabakia Lurraren Altxamenduak-ek.

Sainte Soline elkarretaratzeko irudi bat. Argazkia: AFP

2023ko martxoaren 30an - 12:08
Azken eguneraketa: 2023-06-21 11:54:45

Lurraren Altxamenduak kolektiboa desegiteko prozedura abiatu duela jakinarazi du Darmaninek diputatuei martxoaren 28 arratsaldean. Urrian "ekoterroristatzat" jo zituen uraska erraldoien aurkako herritarrak, eta orain beraien antolaketa bat ilegalizatu nahian dabil.

Poliziaren indarkeri basatia estaltzeko asmoz harturiko erabakia da Lurraren Altxamenduak kolektiboaren ustez. "Irain gisa daukaten mugimendu politiko federatzaile hau ito nahi dute. Gure gorputzak xehatzeko larunbatean bideratu eraso bortitzaren ondotik dator, naturalki, bide politiko-judiziala", irakurri dezakegu plazaraturiko irakurketan.

Hala ere, elkarte modura antolatuak ez direnez, zaila izanen dute desegitearen prozedura. Gainera, hamarnaka kolektibo ezberdin elkartzen dituen koalizioa ere da, Lurraren Altxamenduak berak ohartarazten duenez. Ondoko galdera luzatzen du plazaraturiko azken agirian: "Ala, autoritarismoaren egungo goraldian, gobernuak daukan asmoa da ekologisten, nekazarien eta sindikatuen oposizioa desegitea? Karriketan zein landa eremuan honi aurre egin behar dio eta badirudi bere eginkizun politikoa matrakaren politikara mugaturik duela". 

Hori bai, antolaketa horren parte direnen segipenak eta atxiloketak aurre ikusi daitezke. Funtsean, jada horretan dira: larunbateko manifestazioan kolpaturikoak ospitaleraturik zeudela, poliziak ospitalera sartu eta beraien puskak hartu dituzte, baimenik gabe, miatu ahal izateko.

Urtarrilean 3.000 eragile ezberdinek izenpetu zuten borroka ekologisten kriminalizazioaren kontrako testu bat, zeinetan jada salatzen zuten Lurraren Altxamenduak "ekoterroristatzat" jotzeko arriskua.

Martxoaren 25ean 30.000 lagun batu ziren Sainte-Soline herrian, bertan egitekoa duten uraska erraldoiaren proiektuaren aurka. Parean, 3.200 polizia zituzten eta 200 manifestari kolpatu zituzten, 40 larriki eta gaurko egunean bik segitzen dute koman. Manifestarien artean ziren "erradikal bortitzei" aurre egiteko hartu du beraien talde bat desegiteko erabakia.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren Altxamenduak sarea
2024-02-01 | Estitxu Eizagirre
Ostia kolektiboko Hartzea Lopez Adan eta Joana Detchart:
"Lurra, etxebizitza eta elikadura elkar lotuak dira, bai problematikan, bai alternatibetan"

Lurraren aldeko mugimenduak pilpilean dira munduan: borroka moldez eta helburuz anitzak dira, eta Ipar Euskal Herrian indar handia hartu dute, besteak beste, laborantza lurren salerosketa espekulatiboak geldiarazteko laborariek zein hiritarrek batera burutu dituzten okupazioek... [+]


Lurraren Altxamenduak mugimenduaren ilegalizazioa atzera bota dute

Gérard Darmanin Frantziako Barne Ministroak martxoan plazaratu zuen mugimendu ekologista erradikala ilegalizatzeko prozedura, eta poliziaren “indarkeria basatia estaltzeko asmoz” hartutako erabakia izan zen mugimenduarentzat. Ostegunean, Frantziako Estatu... [+]


2023-06-22 | Ilargi Manzanares
Lurraren Altxamendua kolektiboa desegiteko erabakiaren aurka mobilizatu dira Baionan

Asteartean Frantziako Gobernuak lurraren defentsaren aldeko kolektiboa desegitea erabaki du, eta horren aurka Baionako hainbat lagun mobilizatu dira “oinarrizko askatasunen eta demokraziaren kontrako eraso larria” salatzeko.


Hormigoia herri bat balitz... munduko hirugarren herri kutsatzaileena litzateke

"Lafarge eta bere konplizeak [hormigoiaren sektorea] haien baitarik ez dira geldituko, geldituko dira horretara behartuz gero", zioen Lurraren Altxamenduak sareak iazko abenduan egindako ekintza azaltzeko orduan. Mundu mailako lehen hormigoi eta zementu ekoizlea da... [+]


Eguneraketa berriak daude