LOMCEri aurre egiteko “legezkotasuna eta inteligentzia” aldarrikatu ditu Urkulluk

  • Asteburuko protagonista izan da LOMCE. Larunbatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek manifestazioa egin dute Iruñean, hezkuntza erreforma desobeditzeko eskatuz. Aldiz, LOMCEri aurre egiteko "zuhurtasuna, legezkotasuna eta inteligentzia" erabiltzearen alde agertu da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, igandeko Euskal Eskola Publikoaren jaian.


2014ko ekainaren 02an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Jendetza bildu zuen Euskal Eskola Publikoaren jaiak Balmasedan.

Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia ere igandean ospatu dute, polemikak polemika. Gernika-Lumon, Euskararen bihozfera lelopean, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak hezkuntza eredu propioa aldarrikatu du Euskal Herrirako, eta "beldurrik gabe, LOMCEri ausardiaz aurre egiteko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Desobedientzia vs. legea

Ikastolen Elkarteak, hain zuzen, LOMCEri aurre egiteko desobedientzia gidan hartu zuen parte, hainbat eragilerekin elkarlanean. Ondoren, ordea, gidarekin bat ez egitea erabaki zuten, tartean ez zutelako egoki ikusi testuan "desobedientzia" hitza erabiltzea.

Bidea desobedientzia dela uste dute, ordea, Ikasle Abertzaleek deituta larunbatean Iruñean bildutakoek. Alternatibak eraikiz LOMCEri intsumisioa! izan dute mezu nagusi.

Eta Iñigo Urkullu lehendakariak berriz, Balmasedan, Gorantz goaz. Go! Go! leloa izan duen Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaian, Espainiako erreformaren aurka borrokatzeko legez dituzten tresna guztiak erabiliko dituztela adierazi du. "Hezkuntza garrantzitsuegia da alderdikeriaz eta jaurtigai gisa erabiltzeko", esan du, eta "aldebakarreko erabakien eta ekintzen aurka" dagoela, baina "lasaitasuna eta segurtasuna" eskatu ditu. "Sirenen kantu eztiei" kasurik egin gabe jokatzeko garaia dela gaineratu du, seriotasunez eta arduraz, "ondorioak izan ditzaketen mehatxurik gabe eta zatiketatik jaiotako jarrerarik gabe".

Cristina Uriarteren adierazpenak

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari ere galdetu diogu desobedientziaz. LOMCE ez aplikatzea erabakitzen duten ikastetxe eta irakasleei espedientea irekiko al die Jaurlaritzak? "Zer egiten ari diren pentsatu beharko dute eurek ere. Denok toki berean egotea lortu behar dugu, eta ikaslea ongi atera dadila", erantzun digu berak.

Azkenik, asteburu honetan Carlos López Euskal Eskola Publikoko Gurasoen Konfederazioko buruak neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari, LOMCE indarrean sar ez dadin. "Euskal eskola publiko hobea" nahi dutela dio, "euskalduna, gurea, parte-hartzailea, laikoa, baliabide onenak izango dituena eta bere inguruan errotua egongo dena".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude