Asteburuko protagonista izan da LOMCE. Larunbatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek manifestazioa egin dute Iruñean, hezkuntza erreforma desobeditzeko eskatuz. Aldiz, LOMCEri aurre egiteko "zuhurtasuna, legezkotasuna eta inteligentzia" erabiltzearen alde agertu da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, igandeko Euskal Eskola Publikoaren jaian.
Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia ere igandean ospatu dute, polemikak polemika. Gernika-Lumon, Euskararen bihozfera lelopean, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak hezkuntza eredu propioa aldarrikatu du Euskal Herrirako, eta "beldurrik gabe, LOMCEri ausardiaz aurre egiteko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Desobedientzia vs. legea
Ikastolen Elkarteak, hain zuzen, LOMCEri aurre egiteko desobedientzia gidan hartu zuen parte, hainbat eragilerekin elkarlanean. Ondoren, ordea, gidarekin bat ez egitea erabaki zuten, tartean ez zutelako egoki ikusi testuan "desobedientzia" hitza erabiltzea.
Bidea desobedientzia dela uste dute, ordea, Ikasle Abertzaleek deituta larunbatean Iruñean bildutakoek. Alternatibak eraikiz LOMCEri intsumisioa! izan dute mezu nagusi.
Eta Iñigo Urkullu lehendakariak berriz, Balmasedan, Gorantz goaz. Go! Go! leloa izan duen Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaian, Espainiako erreformaren aurka borrokatzeko legez dituzten tresna guztiak erabiliko dituztela adierazi du. "Hezkuntza garrantzitsuegia da alderdikeriaz eta jaurtigai gisa erabiltzeko", esan du, eta "aldebakarreko erabakien eta ekintzen aurka" dagoela, baina "lasaitasuna eta segurtasuna" eskatu ditu. "Sirenen kantu eztiei" kasurik egin gabe jokatzeko garaia dela gaineratu du, seriotasunez eta arduraz, "ondorioak izan ditzaketen mehatxurik gabe eta zatiketatik jaiotako jarrerarik gabe".
Cristina Uriarteren adierazpenak
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari ere galdetu diogu desobedientziaz. LOMCE ez aplikatzea erabakitzen duten ikastetxe eta irakasleei espedientea irekiko al die Jaurlaritzak? "Zer egiten ari diren pentsatu beharko dute eurek ere. Denok toki berean egotea lortu behar dugu, eta ikaslea ongi atera dadila", erantzun digu berak.
Azkenik, asteburu honetan Carlos López Euskal Eskola Publikoko Gurasoen Konfederazioko buruak neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari, LOMCE indarrean sar ez dadin. "Euskal eskola publiko hobea" nahi dutela dio, "euskalduna, gurea, parte-hartzailea, laikoa, baliabide onenak izango dituena eta bere inguruan errotua egongo dena".