Espainiako Kongresuko inbestidura saioan PPko buruzagiak iragarri du DBHko eta Batxilergoko azterketek ez dutela akademikoki eraginik izango “akordio nazionala” lortu arte.
Aurten ez ezik, hurrengo urteetan ere ezerezean gera daitezke LOMCEren errebalidak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoari dagokionez. Mariano Rajoy Espainiako Kongresuan egindako interbentzioan jakinarazi du erabakia: “Ebaluazioen eragin akademikoaren atzerapenari helduko diogu hezkuntzaren akordio nazionala amaitu arte”.
Aurtengo ikasturtean DBHko errebalidetan ateratako notak ez dira kontuan hartuko titulua lortzeko, lehen urtea izanik “salbuespen” hori ezartzen baitu LOMCE legeak . Baina Espainiako presidenteak esandakoa betez gero, hemendik aurrera ere DBH eta Batxilergoan ez dute ondorio akademikorik izango legearekin oso kritiko azaldu izan den oposizioaren adostasunik gabe.
Lehen aldia da Espainiako Gobernuak hain modu nabarian atzera egiten duela hezkuntza lege polemikoarekin. Rajoyk presidente izateko saioa du egunotan, ia seguru larunbatean aukeratuko dute, gehiengo sinplearekin, baina horretarako beharrezkoa du Ciudadanosen eta PSOEren babesa edo abstentzioa.