Lekukoa hartzeko prest

  • 2014ko finalean buruz-burukora heldu ziren bi bertsolariek, Fredi Paiak eta Arkaitz Estiballesek, ez dute izena eman 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Beraz, zentzuzkoa da bertsozaleak bere buruari egiten dion galdera: Eutsiko ote dio aurtengo txapelketak aurreko urteetako mailari? Hiru finalaurrekoetan izan gara eta ondorio hau atera dugu: Beteranoak sasoiko daude oraindik eta gazteak indartsu datoz. Alegia, Igor Elortza, Estiballes, Paia eta konpainiari lekukoa hartzeko hautagaiak nahi beste daude. Faborito garbirik gabe, gainera, abenduaren 17ko finala inoiz baino irekiagoa eta zirraragarriagoa izango da.

Onintza Enbeita Basauriko finalaurreko saioan.

2016ko abenduaren 12an - 12:08

Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatu zen aurreneko finalaurrekoa, giro hotz samarrean. Hoztasun horretan nabarmendu zen Jone Uria, saioko irabazlea. Bertsoak eta ideiak seriotasunez josten ditu Uriak, akatsik gabe, sendo beti. Hamarreko handian eta bakarkakoan aritu zen ondoen eta aise irabazi zuen finalerako txartela.

Haren atzetik, bigarren izan zen Nerea Ibarzabal markinarra. Herrikideen aurrean onena eman zuen, barru-barrutik kantatuaz, eta lehenengoz izango da finalean. Hamarreko handian, adibidez, Oihana Bartraren ondoan, gertutik ezagutzen duen errealitate bat aipatu zuen, emakume zesta-puntalariena.

Bigarren finalaurrekoan, Basaurin, saioa irabazteko lehia estua izan zuten Beñat Ugartetxeak, Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak. Mallabiarrak lortu zuen puntu gehien, baina muxikarra eta lekeitiarra ere Miribillako finalean izango dira. Urduri samar hasi zela onartu zuen Ugartetxeak, baina, pixkanaka, bere lekua aurkitu zuen oholtzan eta ale ederrak bota zituen. Bakarkakoa, Iban Mayo txirrindulari ohiaren azaletik eta dopin kontuen testuinguruan, biribila izan zen. Aurretik ere, Aitor Bizkarra gaztearen ondoan, zortziko txikian dotore aritu zen Ugartetxea.

Lehenengo finalaurrekoan Nerea Ibarzabalek herrikideen aurrean onena eman zuela aipatu badugu, zer esan hirugarren finalaurrekoaz. Larrabetzun, bere herrian, saio ederra ondu zuen Etxahun Lekuek, hasieratik amaierara. Ideia sendoak erraztasunez adierazi zituen, hizkera aberatsez, eta merezimenduz irabazi zuen. Ibon Ajuriagojeaskoa bigarrenaren eta Miren Amuriza hirugarrenaren lana ere txalotzekoak izan ziren. Hain zuzen ere, bien arteko zortziko txikian entzun ziren saioko, eta finalaurreko saio guztietako, kolperik zorrotzenak. Publikoak gozatu egin zuen Ajuriagojeaskoaren vieirarekin eta Amurizaren txirlarekin.

 

Zortzi finalistetatik batek ere ez du inoiz Bizkaiko txapela jantzi. Esperientzia, ordea, kiloka daukate, Nerea Ibarzabal baita finalista berri bakarra. Aurreko finalean huts egin eta gero, bueltan dira beterano bi, Ugartetxea eta Ajuriagojeaskoa eta, azken aukeraren aurrean egon daitezkeela badakitenez, finalaurrekoetan erakutsi dute Bilbora ez direla egun pasa joango. Enbeitak ere heldutasuna izan zuen lagun Basaurin eta dohain horri ohi duen sentikortasuna gehitzen badio, kontuan hartzeko hautagaia izango da. Etxahun Lekue txapela janztear izan da maiz, eta arantza hori ateratzeko gaitasuna baduela garbi dago.

 

Gazteagoei dagokienez, Jone Uriaren izena kiniela gehienetan agertzen hasia da dagoeneko. Finaletan badu nahikoa eskarmentu, dohainak ere sobera, azken urratsa baino ez du falta. Arriskatzera ausartzen bada, finalista oso on bat izatetik txapeldun bikaina izatera pasa liteke. Xabat Galletebeitiak, aldiz, gai guztietako ertzak bilatzen segitzen du eta jada ez da ezustekoa bera finalean ikustea. Miren Amurizak ere badaki zer den gaiei bere galbahea pasatzea eta ukitu berezi horrek puntu asko ekar diezazkioke, entzuleen txaloez gain. Nerea Ibarzabal, gazteena izanagatik, bertsolari zailduagoen parera heldu dela ukaezina da, Markinako saioa aintzat hartuta.

 

Beraz, esku asko daude prest Fredi Paiak utzitako lekukoa hartzeko. Bertsozaleak daudela lasai, final bikaina ez ezik, emozio handikoa izango baita larunbatekoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
2023-12-18 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Bertsozalez lepo egon da Bilbao Arena: 4.400dik gora zale egon dira bertan. Ibarzabalekin batera, Jone Uria Albizurik kantatu du buruz burukoan.

2023-12-11 | Bertsozale.eus
Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen Iturriza, 1980ko hamarkadan. Aurten, elkartearen 40. urteurrenaren baitan, sorrerako kideen beharrari aitortza egin gura dio; 2023ko irabazleari jantziko dio txapela.

2023-11-27 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabalek irabazi du Lemoako finalaurrekoa eta osatu da finala
Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu da larunbatean Lemoan; sarrera guztiak agortuta egon dira astebetean

2023-11-20 | Bertsozale.eus
Jone Uriak irabazi du Santurtziko finalaurrekoa
Santurtziko Serantes kultur aretoan jokatu da bigarren finalaurrekoa, eta, irabaztearekin batera, algortarra finalera sailkatu da. Azken finalaurrekoa Lemoan jokatuko da, azaroaren 25ean.

2023-11-13 | Bertsozale.eus
Xabat Galletebeitia da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalista
Berrizko Olakueta frontoian jokatu da lehen finalaurrekoa, eta bertan irabaztearekin bat, lekeitiarra finalera sailkatu da. Hurrengo finalaurrekoa Santurtzin jokatuko da, azaroaren 18an.

Eguneraketa berriak daude