Eraso faxistak salatu ditu Leitzako Txozna Batzordeak

  • Aurtengo herriko festetan jazotako hainbat eraso salatu ditu batzordeak. Agerraldia egin dute mehatxatua izan den herritarrari eta bere familiari elkartasuna eta babesa adierazteko.

Erasoa salatzeko egindako agerraldia. Leitzako Txoznak

2022ko abuztuaren 19an - 10:32
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Sare sozialetan zabaldu du Leitzako Txozna Batzordeak festetako eraso faxistak salatzen dituen adierazpena. Lehen erasoa abuztuaren 9ko gauean izan zela adierazi dute, txozna bati eraso egin zioten orduan, “terroristak akabatu” mezua idatzi eta pintura gorria bota zuten txoznaren kanpoaldean.

Erasoen argazkiak, Leitzako Txozna Batzordeak sare sozialetan zabalduak

Hurrengo egunak eraso berririk gabe pasa ziren, baina abuztuaren 15eko gauean berriro ere txoznako atean mezu bat utzi zutela salatu dute. Herritar bati bideratua zegoen mezua eta bertan berari eta bere familiari mehatxu zuzena egin zioten. "Ez egin lo lasai, edozein egunetan zerbait gerta dakioke zure etxeari" irakur daiteke txoznan itsatsitako mezuan.

Leitzako Txozna Batzordeak mehatxatua izan den herritarrari eta bere familiari “elkartasun eta babes osoa” adierazi die eta, aldi berean, “Euskal Herria hainbestetan erasotu duen eta erasotzen jarraitzen duen faxismo espainiarra" salatu du. Batzordeak nabarmendu du ez duela eraso faxistarik onartuko eta horrelakoak berriro ere jazo ez daitezen borrokan jarraituko dutela.

Hori guztia salatzeko agerraldi jendetsua egin dute ostegun iluntzean herriko plazan

 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Faxismoa
Eguneraketa berriak daude