Lehorteek kezka areagotu dute Hego Euskal Herrian udarari begira

  • Nekazarien etsipena orokortzen hasia da, lehorteak haien ekoizpenari nola eragiten dion ikusteaz gain, urtegietatik erabiltzen duten uraren murrizketek haien etorkizuna arriskuan jartzen dutelako. Ur eskasiak bereziki nabari dira Araban eta Nafarroan. Egoera aztertzeko, maiatzaren 4an bilduko da Nafarroako Lehortearen Mahaia.


2023ko apirilaren 25an - 11:25
Esako urtegiaren betetze maila %57an dago gaur egun. Argazkia: EFE.

Pello Oria Meteorologia Estatu Agentziako (AEMETE) kideari Hamaika Telebistak egindako elkarrizketan nabarmendu du Araban pairatzen ari den euri falta eta Nafarroan Ebro ibaiaren ardatzean ur eskasiagatik dagoen alerta: “Nafarroan irailaren hasieratik jasotako euri kopuru normalaren bi heren bakarrik eman dira, eta Araban egoera oso antzekoa da”. Esako urtegiaren  betetze maila %57an dago gaur egun, eta garai honetan ohikoa izaten da %80tik gora egotea.

Copernicus Europako Klima Behaketa zerbitzuak argitaratu berri duen txostenaren arabera, Europak bere historiako bigarren urterik beroena bizi izan zuen 2022an, eta uda inoizko beroena izan zen.

AEMETEko kidearen arabera, klima aldaketaren ezaugarri nabarmena da eta “aldaketa larriak eta oso azkarrak” frogatuta daudela esan du. Adierazi du aurtengo udari begira aurreikuspen "txarrak” direla, eta seguruenik udara beroenetakoa izango dela.

Asteburuan euria egin badu ere, horrek ez du aurreikuspena aldatzen. Patxiku Irusarri Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) sindikatuko idazkari nagusiak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan esan du lagunduko duela baina epe motzean oraindik euri gehiago egin behar duela: “Urtegiak ez badira betetzen udaran gorriak ikusiko ditugu”.

Haren ustez, nekazarien ekoizpenean “bereziki baldintzatu du" zer landatzen den erabakitzea: “Askok artoa landatu beharrean, ekilorea landatzen ari dira ur kontsumo gutxiago suposatzen duelako”. Bestetik, azpimarratu du lur batean bi kultibo jartzen ziren lekuan bat jarriko dela, urik gabe “galera izugarriak” izaten direlako eta “produkzioa gutxitu” egiten delako.

Soluzioa "azpiegituren modernizazioan" dago

EHNEko idazkari nagusiak adierazi du soluzioa “azpiegituren modernizazioan” dagoela. Era berean, esan du egungo aldaketa klimatikoa kontuan izanik, datozen urteetan landatu behar dituztenak ezingo dituztela bi kultibo jarri eta batekin “aurrera atera” beharko dutela.

Diego Galileak, Alinar Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkarteko zuzendari nagusiak ere ez du azpiegitura berriak egitea baztertzen: “Nafarroako ubidea diseinatu zenean aurreikusitako beharrak ez dira oraingoak. Irtenbide gehiago behar ditugu. Azterketa bat egin behar da datozen 20-30 urteak kontuan hartuz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
"Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak"

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut. Ekitaldiak une... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


"Emozio batzuk positibotzat edo negatibotzat ditugu, baina denak dira beharrezkoak"

Zahartze aktiboan ongizate emozionalak duen garrantziaz mintzatu da Miren Uharte Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko hezitzailea.


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Eguneraketa berriak daude