Lehen hazia erein dute Aiaraldeko trans erresistentzia kutxa sortzera bidean

  • Ehundik gora lagun bertaratu ziren iragan larunbatean Laudioko Orbeko Etxean eginiko ‘Txao Titis, Titi gabe bada paradisua’ jaialdira. Ekimenaren helburu nagusia mastektomia egin nahi duen Laudioko pertsona trans bati ebakuntza hori egiteko dirua biltzen laguntzea izan zen eta erresistentzia kutxa bat sortu zuten horretarako.

Argazkiak: Txabi Alvarado / Aiaraldea

2023ko irailaren 28an - 08:10

Helburu bikoitza zuen ekimenak. Lehena, ekonomikoa: Aiaraldean trans erresistentzia kutxa bat eratzea eta, modu horretan,  mastektomia egin nahi duen Laudioko pertsona trans bati ebakuntza hori egiteko dirua biltzen laguntzea. Bigarrena, kualitatiboa: eskualdeko zein eskualdetik kanpoko pertsonen arteko saretzea sustatzea, aurrera begira proiektuak jarraipena izateko helburuarekin. 

Asmo bikoitz horri erantzuteko, jaia eta politika uztartu zituzten Laudioko Gardea auzoko baserri okupatuan, goizetik gauera luzatu zen egitarauarekin. Eguerdiko mahai-ingurua izan zen interes gehien piztu zuen jardueretako bat. Bost kidek hartu zuten parte bertan, Bilboko bik (Anna eta Be) eta Aiaraldeko hiruk (Ekain, Ira eta Nel). 

Helburu bikoitza izan zuen jaialdiak. Lehena, ekonomikoa: Aiaraldean trans erresistentzia kutxa bat eratzea eta, modu horretan,  mastektomia egin nahi duen Laudioko pertsona trans bati ebakuntza hori egiteko dirua biltzen laguntzea

Nelek ez zuen bertaratzerik izan, eta bideo baten bidez erantzun zien planteatutako galderei. Urduñako bizilagunak “une historikotzat” jo zuen eskualdean horrelako ekimen bat egitea.

Osakidetzari salaketa

Annak eta Bek Bilboko Ozen kolektiboaren izenean hartu zuten hitza, eta ikuspegi politikotik landu zuten trans pertsonen errealitatea. Gogor salatu zuten Osakidetzako Genero Identitate Unitatearen jarrera eta jokabidea. “Behartzen gaitu osasun sistema pribatuaren munstroa elikatzera, eta honek talde transfeminista edo antikapitalista oro interpelatzen du”, salatu zuten. Horri lotuta, aldarrikatu zuten trans auzia ez dela “kontu identitario” bat, “estrukturala” eta “materiala” baizik. 

Irak, Nelek eta Ekainek euren bizipen pertsonaletatik tiraka heldu zioten gaiari. “Ni izututa nengoen Genero Identitate Unitatera joan baino lehen, ez nekien bertaratu nahi nuen edo ez”, oroitu zuen Irak, “ez bitarra izanda, perfomance osoa egin behar izan nuen, oso gizona nintzela erakutsi. Oso ondo bete behar duzu papera, bestela kanpoan utzi ahal zaituztelako, eta zure identitateari buruz gezurretan aritu behar izateak ondorio emozionalak dakartza”.

Antzeko esperientzia kontatu zuen Ekainek, neska edo mutil gisa identifikatzeko derrigortasunean sakonduz. “Nik autoekin jolasten nuen eta ilea motza nuen, baina gustatzen zitzaizkidan Barbieak ere", azaldu zuen, "endokrinoa bisitatu ostean psikiatrara zoaz. Legez ez duzu zertan bertatik pasa, baina esaten dizute bestela arazo asko izango dituzula”. 

Ebakuntzaren esperientzia ere kontatu zuen. “Hiru zirujauen aurretik pasa behar izan nuen, bakoitzak gauza ezberdin bat esan zidan. Ni ilusio askorekin joan nintzen, baina ebakuntza oso gaizki atera zen, plegu asko egin zizkidaten. Nire bikotekide ohiari ere antzeko gauza bat gertatu zitzaion, eta sendaketan titi-buru bat atera zioten”. 

Nelek, bere aldetik, Kataluniara jo zuen prozesu medikua egitera, eta bertako Transit zerbitzuarekin egin zuen. “Beste sistema publiko bat” eratu behar dela aldarrikatu zuen urduñarrak, “laguntza ez-patologizatzailea”  eskainiko duena. 

Hizlari guztiek bat egin zuten ideia batekin: hormonazio eta ebakuntzek garrantzia izan arren, pertsona trans guztien errealitatea ez dela prozesu medikuetatik pasatzen. 

Horri lotuta, bestelako  erreferente batzuk egotearen garrantzia jarri zuten mahai gainean, ebakuntzarik edo hormonaziorik ez hartzea erabaki duten pertsonena.

Aiaraldeko hiru bizilagunek hartu zuten parte eguerdian eginiko mahai-inguruan, Bilboko beste bi kiderekin batera. Osasun sistema publikoan jasaten dituzten trabak izan zituzten hizpide, besteak beste

Hiria VS herria

Medikuntzaren esparrutik harago ere mintzatu ziren mahainguruan. Luze eta zabal hitz egin zuten hiriaren eta herriaren arteko dikotomiari buruz. Bi eremuetako zein da bizigarriagoa trans pertsonentzat? Ondorio argi bat atera zuten: ezin dela ez bata ez bestea idealizatu. 

Ekainek, adibidez, kontatu zuen Bilbon ezagutu duela LGTB kolektiboko pertsona gehien. “Nik Laudion ez nuen sarerik, lagun solteak nituen. Armairutik atera nintzen 12-13 urterekin eta jende orok ezagutzen ninduen nire kurtsoko bollera moduan”.

Antolatzaileek ez dute dinamika egun bakarrera mugatu nahi. Erresistentzia kutxa elikatzen jarraitu nahiko lukete, etorkizunean sortu daitezkeen beste beharrei erantzuteko

Nelek, bere aldetik, azaldu zuen “oso bakarrik” bizi izan zuela Urduñan bere trantsizio prozesua, eta aitortu zuen askotan desiratu izan duela hirira jotzea. “Une honetan ezin dut Urduñatik joatea erabaki, nire haurra hemen bizi delako”, adierazi zuen.

Baina, era berean, aitortu zuen herriek badutela “bestelako potentzialiate bat”. “Harremanak estuagoak dira bizilagunen artean, eta hori baliatu dezakegu elkartasuna eta elkar-laguntza josteko, ez soilik sexu-genero disidenteen artean, baita beste bizilagunekin ere”, aldarrikatu zuen.

Ozeneko kideak, aldiz, kritikoago mintzatu ziren hiriari buruz. “Niri gehiago egin didate garrasi Bilbon beste toki batzuetan baino, hiria kaka bat da, ezin da idealizatu”, nabarmendu zuen Annak. 

 

Aurrera begira 

Prozesu medikua sistematik kanpo egiteko aukerak, beste herrialde batzuetako esperientziak eta beste hainbat gai ere landu zituzten mahainguruan zehar. Ondoren poesia emanaldiari bide eman zioten, bazkaria baino lehen. Arratsaldean, aldiz, aisialdi jarduerak nagusitu ziren, bingo musikatuarekin, olinpiadekin edota kontzertuekin, besteak beste.

Modu horretan, egunaren helburu ekonomikoa aise gainditzea lortu zuten, antolatzaileen hitzetan. Egunerako propioa eginiko materiala, barra txandak eta Orbeko etxean barrena jarritako itsulapikoak baliatu zituzten horretarako. 

Helburua bete duten arren, ez dute bidea hemen amaitu nahi. Erresistentzia kutxa elikatzen jarraitu nahiko lukete, etorkizunean sortu daitezkeen bestelako beharrei erantzuteko, baina oraindik ez dute zehaztu hurrengo urratsa. Momentuz, jaialdiaren balorazio osoa egin nahi dute. 

Larunbateko zita, beraz, hasierako mugarri bat baino ez da antolatzaileentzat; ikusteke dago bidea noraino iritsiko den.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


“Gustatuko litzaidake pentsatzea bidea urratu dudala atzetik datozenentzat”

BAMBIk (Amurrio, 1999) diru bilketa abiatu du, bere trantsizio prozesuaren barruan, aurpegia feminizatzeko asmoz. Trans kolektiboaren egoeraren eta bere ibilbide artistikoaren inguruan mintzatu da.


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Eguneraketa berriak daude