Jusapol plataformaren ekitaldia oztopatu nahian, independentista kataluniarrak pasa den irailaren 29an manifestatu ziren Bartzelonan. Tira-birak izan ziren, eta La Directa-k argitaratu duenez, istiluen aurkako mosso batek hatza apurtu zion kazetariari.
Gertakariak Bartzelonan izan ziren pasa den irailaren 29an, Via Laietanan, Ángel plaza inguruan. Jusapol poliziaren plataformak 2017ko urriaren 1ean Kataluniara joandako Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak omentzeko ekitaldia antolatu zuen, eta horri aurka eginez, CDRek eta Jovent mugimenduko kideek manifestazio paraleloa deitu zuten. Istiluen aurkako Mossoek esku hartu zuten.
Mossoek Espainiako poliziaren eraikinerako bidea moztu zuten, bertan hasten baitzen Jusapolen ekitaldia. Manifestariek kolorezko pinturak jaurti zizkieten polizia autonomikoko agenteei, hauei ikusteko gaitasuna oztopatuz. Dena dela, Victor Serri fotokazetariak besoko laranja zeraman, kazetaria zela adieraziz. Eta hala ere, eraso egin zioten.
Salaketa biharamunean bertan jarri zuen Serrik, eta kasurik egin ez zaiola ikusita, kereila jartzea erabaki du orain. Fotokazetariak dio “bidegabea” izan zela Mossoen jarduna, eta ez “zuhurtziarik gabekoa” soilik, “mina eman asmoz” joan baitziren bere iritziz. Serrik osasun zerbitzuen laguntza behar izan zuen, eta eskuin eskuko hatz erakuslea hautsita zuela esan zioten.
Kereila
Honela dio kereilak: “Serri kazetaria jendearen eta poliziaren artean harrapatuta zegoenean, NOP D602A1836 agenteak, kazetaria zela jakinda eta bere lana oztopatu asmoz, borra batekin eraso egin zion; min emateko asmo argiekin”. Fotokazetariak orduan atzera egin zuela dio testuak, kazetaria zela esanez, “baina hala ere, agente berak gehiagotan kolpatu zuen”.
Serrik gehitu du borra goitik behera zuzentzen zuela “bidegabekeria handiz”, eta kamera eusten zuen eskuari joz –kamera aurpegi aldean zuen–. Beraz, gertakariek Espainiako Konstituzioaren 20. artikulua ez betetzeaz gain, Giza Eskubideen urraketa ere ematen dela dio kereilak.