"Kultura erotiko berri bat sortu beharra dago"

  • Arremanitz kooperatibako Harremonak programan lan egiten dute Haizea Egiguren Iriartek (Azpeitia, 1984) eta Edurne Mendizabal Tolosak (Hernani, 1972), sexuen hezkuntzan. Hezkidetza proiektuak hamar urte beteko ditu aurten, eta elkarrizketa hau egin die Ihintza Elustondo kazetariak uztaileko Uztarria aldizkarian.

Haizea Egiguren eta Edurne Mendizabal, plazan.
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko uztailaren 27an - 12:26

Hainbat herritarrekin nahiz eragilerekin sexuen hezkuntza lantzen dute Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek, Azpeitiko Udalak sustatutako Hezkidetza proiektuaren barruan. Arremanitz kooperatibako Harremonak programako langileak dira, eta haien arabera, "guztiei esker hezkidetza gero eta egitasmo integralagoa" bilakatzen ari da.

Zer eta norekin lantzen duzue?

Guretzat, protagonistak gazteak dira; horregatik, haiek dauden eremuetan lan egiten dugu. Hezkuntza komunitatea da ardatza, eta, hortik abiatuta, lanketak herriratzen saiatzen gara, herriko eragileekin nahiz kolektiboekin elkarlanean. Uste dugu garrantzitsua dela herri guztiari begirako egitasmo integralak garatzea, modu batera edo bestera, denok garelako hezitzaileak. Hiru zutabe lantzen ditugu: hezkidetza, sexuen heziketa eta tratu onak.

Zer da zuen proiektuaren bidez lortu nahi duzuena?

Jendartea eraldatzea. Tratu txarren eta indarkeria matxistaren prebentziorako programa bat da, bizi-kalitatea hobetzea eta parekidetasuna sustatzea helburu dituena. Tratu onak dira hori lortzeko bidea; izan ere, gure ibilbidean ikusi dugu askoz ere eraginkorragoa dela prebentziorako tratu onetan entrenatzea, zer ez den egin behar esatea baino.

Helburu hori lortzeko, zer ildo lantzen dituzue?

Lan ildo nagusiak formazioa nahiz sentsibilizazioa, aholkularitza eta saretzea dira. Batetik, eskoletan  hainbat saio egiten dugu gazteekin, irakasleekin eta gurasoekin, haiei aholkularitza zerbitzua eskainiz. Bestetik, herri hezkidetzaileago baten alde, gazteen bizitzen parte diren eragileak inplikatzen saiatzen gara. Horretarako, eragileekin elkarlanean ari gara, bakoitzak bere eremuan eta elkarrekin sor ditzakegun sareak ehuntzen. Guztiak biltzen dituen Hezkidetza Foroa dugu, eta bertatik hainbat egitasmo bideratu dugu: besteak beste, jolastokiak eraberritzearen egitasmoa. Horrez gain, Plax! sexu eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu, helduek dituzten kezkak argitzeko. Ikusten genuen herrian hutsune bat zegoela sexualitateaz lasai hitz egiteko, eta aholkularitzara bideratutako zerbitzu profesionala eta konfidentziala eskaintzen hastea erabaki genuen, udalarekin batera.

Gazteen artean autoantolaketa taldeak ere sustatzen dituzue. Zer lantzen da talde horietan?

Guretzako oso garrantzitsuak dira autoantolaketa taldeak. Eskoletan saio puntualak egiten ditugu, baina, horrez gain, adin tarte batean gazteei aukera ematen diegu, dituzten nahien eta beharren arabera, hainbat gairen inguruko lanketak egiteko beraien aisialdian, eskola orduetatik kanpo. Talde horietan gazteak dira subjektuak, eta gure lana da beraien ondoan egotea. Ikasle baten aurkako eraso bat gertatu zelako jarri genuen autoantolaketa proiektua martxan, eta aurten bost urte dira horrekin lanean hasi ginela. Egun, eskola bakoitzean talde bat dago, eta denetarik lantzen dute: maitasun erromantikoa, indarkeria matxista, edertasun eredua, ligoteoa... Esaterako, autoantolaketa taldeetan egon diren zenbait kidek taldean antolatzen jarraitzen dute gaur egun ere; kontzientzia hori hedatzen jarraitzen dute: Basanderiek asanblada feministako kide dira batzuk, beste batzuek Emakumeen Txokoko eskaintzetan parte hartzen dute... Bakoitzari modu ezberdinean eragin dio egindako lanak.

Emakumeek bakarrik parte hartzen al dute talde horietan?

Eskoletan, adin tarte batean batez ere, genero rolak lantzen ditugu gazteekin, eta banatuta egiten ditugu saioak neskekin eta mutilekin. Mutilekin lantzen dugu zer mutil eredu zurruna daukagun jendarte honetan, eta beste era bateko mutila izateko baldintzak eskaintzen dizkiegu: negar egin daitekeela, gertukoak izan, afektua adierazi... Emakumeekin indarkeria matxistak non kokatzen gaituen lantzen dugu, eta horretaz hausnartzen dugu, ahalduntzeko helburuarekin. Guztiei proposatzen diegu autoantolaketa taldeetan parte hartzea, baina mutilei gehiago kostatzen zaie animatzea. Izan ere, mutilek nolabait jendarte honek transmititzen dienaren aurka antolatu behar dute, eta ez da erraza erresistentzia horiek haustea eta pribilegioak galtzea. Horretan badugu erronka potolo bat.

Parekidetasuna lortzeko bide horretan, zein izan beharko litzateke gizonen rola?

Garrantzitsua da mutilei eta gizonei esatea parekidetasunarekin asko dutela irabazteko. Berdintasunaz edo feminismoaz hitz egitean, haietako asko akusatuak sentitzen dira, eta, horregatik, uste dugu gizonentzako erakargarriak diren proposamenak asmatu behar direla. Gizon sentsibilizatuak horretan inplikatzea garrantzitsua da. Parekidetasunarekin mutilek ere asko dute irabazteko, beren bizitzako esparru guztiak normaltasunez garatu ahal izango dituztelako. Kontua da mutila edo gizona izatea homofobiarekin lotuta dagoela. Mutilei beti esan diete: "Ez egin negar". Mutil batek 'marika' bat ez izateko emakume baten antza ez duen zerbait izan behar du. Homofobiaz ari garenean, badirudi praktika homofilikoak dituzten pertsonez ari garela, baina homofobiak denoi eragiten digu, eta, batez ere, mutil eta gizon guztiei, zurruntasun horretan sartzen dituztelako. 'Marikak' ez izateko, maskulinoak izateko estrategiak eraikitzen dituzte mutilek txikitatik, baina maskulinoa izateak esan nahi du zure bizitzako esparru batzuk alde batera uzten dituzula, eta ez zaudela konektatuta zurekin eta jendarteak zugandik espero duen hori egiten ari zarela. Horrek sekulako kaltea eragiten du, eta, alde horretatik, erronka handia daukagu. Jendarte ez parekide honetan denok daukagu irabazteko.

Zer kezka dituzte egungo gazteek?

Gazteak jendartearen ispilu argia dira. Gazteek onartuak izatea nahi dute, eta, horregatik, gizarte honetako arauak muturrera eramaten dituzte: eredu maskulinoa, femeninoa, patriarkala, heteroaraua, sexualitate eredu koitozentrista, genitalizatua, bikote araua... Gazteez hitz egitea interesgarria da, baina horren oinarrian jendarte eredu bat eta harremantzeko eredu bat daude. Telebistaz nahiz Internetez jasotzen dituzten ereduak imitatu nahi dituzte gazteek, eta eredu zurrun horrek presioa sortzen du. Horren araberako kezkak izan ohi dituzte gazteek.

Zer nolakoak, adibidez?

Gazteen ohiko galdera zera izaten da: "Lehen aldiak mina egiten al du?". Galdera hori egiten dute heteroaraua eta eredu koitozentrista barneratu dutelako. Bizi dugun eredu horretatik abiatutako galderak egiten dituzte: edertasunaren inguruko kezkak dituzte, ligatzearen ingurukoak, bikotea izan edo ez izan, zer nolako harremanak izan behar diren, nola ulertzen den maitasuna, amodio erromantikoa... Horiek dira beren kezketako asko. Gu eredu horri indarra kentzen eta abanikoa zabaltzen saiatzen gara, aniztasuna ikusarazten. Badirudi jarraibide bat dagoela: ez dakit zenbat urterekin muxu eman, gero bikotea izan, ezkondu, umeak eduki... Bide hori da ikusten dugun bakarra, eta askoz ere aukera gehiago daude. Helduek aurkezten dizkiguten akats guztiak azaleratzen dituzte gazteek, baina, finean, denoi eragiten digu eredu honek.

Gazteen kezka antzekoak dituzte helduek ere, beraz.

Gazteek muturrera eramaten dituzte gauzak, eta hori ederra da, kontu horiek lantzeko aukera ematen duelako. Helduok, berriz, gehiago makillatzen ditugu gauzak. Jendarte eta harreman eredu honek esaten digu zer nolako neska edo mutila izan behar garen; harremanak koitozentristak, heterozentristak eta genitalizatuak izan behar direla; gazteak, ederrak eta normalak izan behar dugula... Gehienok eredu horretatik kanpo gaude, eta gutxiengoaren eredu irreal horretan egon nahi izateak mina sortzen du. Horrek guztiak eragiten duen mina da egungo jendartearen kezka, horrek ez baitu ongizatea sortzen.

Oro har, jendea ez da oso ondo bizi?

Dezente hobetu daiteke.

Gaur egun, feminismoa hartzen ari den indarrarekin, badirudi gauzak asko hobetu direla.

Zalantzarik gabe, eta ari gara hobetzen. Feminismoak lan handia egin du zentzu horretan. Oraindik feminismoak badu batzuen artean konnotazio negatibo bat, eta guk beti garbi esaten dugu borroka historiko indartsu bat izan dela eta horri esker gaudela gauden lekuan. Horri esker, aniztasuna tokia hartzen ari da pixkanaka. Ikusten dugu gazteen artean gero eta aniztasun handiagoa dagoela, eta helduen artean badagoela oraindik zer hobetu. Gazteak ari dira nolabait aniztasun hori ikusarazten jendartean: gero eta lesbiana eta gay gehiago ikusten da kalean nahiz eskoletan, esaterako. Baina oraindik ere homofoboak eta transfoboak izaten jarraitzen dugu jendartean, eta gazteek baino arazo handiagoa dugu helduok zentzu horretan.

Hainbat herritarrekin sexualitatearen gaia lantzen aritzen zarete. Behar beste hitz egiten al da sexualitateaz gaur egun?

Ez. Eta hitz egiten dena aipatutako eredu horren bueltan izan ohi da. Ez da kontatzen norberak zer sentimendu dituen, zer desio, zer muga, zer zailtasun... Gazteek askotan esaten dute: "Baina nire gurasoek ja badakite dena, hiru seme-alaba dituzte eta". Hiru sarketa egin dituztelako ja badakite dena? Pentsa zer ari garen transmititzen. Ez da hitz egiten naturaltasunetik, aniztasunetik, patxadatik... Kalitatea falta da. Txiste asko egiten dira, topikoak bota... Urteetan egindako ibilbidean ikusi dugu hutsune handi bat dagoela: nesken sexualitateaz ez da hitz egiten. Ez da hitz egiten gure plazerari buruz, orgasmoari buruz, emakumeen masturbazioaz... Ez dugu esaten norberak bere esperientzia kontatu behar duenik, intimitatea erabat errespetatuz ere hitz egin daiteke. Baina esplizituki tokia egin behar zaio horri. Behar hori ikusi genuen, eta horregatik sortu genuen Alu Ulu antzerki foroa, oso agerikoa delako emakumeen sexualitateaz argi hitz egiteko dagoen beharra, lasai eta xume.

Patxadaz hitz egitea falta da?

Adibide bat jarriko dugu. Nik, agian, pertsona batekin zerbait nahi dut, eta edozein modutan esaten diot, parrandan... Eta, horrela, bakean lagatzeko esango dit. Baina hori ezin al daiteke jolas bat izan? Beste modu batera esan diezaiokegu gustuko dugula, eta berak esango dit: "Gaur ez dut nahi, baina eskerrik asko!". Karga eta tabu ugari dago gizartean, eta dena txarrera egiten dugu. Hori aldatzeko, kultura erotiko berri bat sortu beharra dago. Ari gara proiektu berriak asmatzen saiatzen: zer egin dezakegu eredu xume, natural, umoretsu, osasuntsu eta aberats bat eraikitzeko? Hobeto ligatuko genuke eta hobeto sentituko ginateke denok. Zer ez den egin behar asko esan digute, baina zer da egin nahi duguna? Eredu positiboak falta zaizkigu.

Jendeak ez daki nola jokatu?

Indarkeria matxistaren eragina izugarria da jendartean, eta beldur handia dago. Argi dago eraso sexistekin erantzun zuzenak eman behar direla. Kalean, feminismoei esker erantzun tinkoak ematen ari gara, eta administrazioak baliabide asko jarri behar ditu; herritar guztiok inplikatu behar genuke horretan. Guk lantzen duguna da zer egin behar den halako egoeretara ez iristeko. Prebentzioa da bidea, eta horretarako tratu onen kultura erotiko berri bat sortzea beharrezkoa da. Nabarmena da zer behar dagoen egiten dugunarekin lasai egoteko, komunikatzeko, ezetz esateko, gure gorputzarekin konektatuta bizitzeko, gure gorputza den bezala onartzeko, disfrutatzeko... Oso mingarria da eredu hau.

Zer dira tratu onak?

Indarkeriari aurre egiteko, norberak bere burua zaintzetik hasi behar du. Nik neure burua zaintzen eta errespetatzen badut, hori transmitituko diet ingurukoei ere, eta hori zabaltzen joaten da. Aldiz, neure burua ez badut ondo tratatzen, albokoa ere ez dut ondo tratatuko, eta energia negatibo edo indarkeria hori zabaltzen joaten da. Txarra hedatzen den bezala hedatzen da ona ere. Horregatik da hain garrantzitsua tratu onetan entrenatzea. Jendarte patriarkalari eta sexualitate eredu honi indarra kentzea eta kultura erotiko berri bat sortzea da helburua. Eta noski, onartezinak diren ekintza guztiei erantzun publikoak eman behar zaizkie; batek ez du bestea kentzen.

Indarkeria matxistaz hitz egiten da, baina ez hainbeste horrek sexualitatean duen eraginaz. Zertan eragiten du?

Jendarteak sexualitateaz ulertzen duena eta berez sexualitatea dena ez dira gauza bera. Genitalekin egiten diren praktikak direla sexualitatea uste dugu, baina sexualitatea hori baino gehiago da: gu izate sexuatuak gara, eta ditugun bizipenek nahiz harremanek osatzen dute sexualitatea. Eta indarkeria matxista existitzeak ere asko esaten du harremanak ulertzeko dugun moduaz. Horrek denak praktika erotikoetan eragina du? Noski baietz: beldur gara gure proposamenak egokiak ote diren, baietz esaten badut gaizki eta ezetz esaten badut ere bai... Ez dago lekurik sanotasunerako eta gozamenerako. Gure harreman erotikoetan ere botere harremanak daude, eta horiek kudeatzen sekulako lana dago.

Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua eskaintzen duzue. Erraz eskatzen al du jendeak laguntza?

Horrelako zerbitzuak ez dira batere errazak; izan ere, badirudi sexologoarengana doanak arazo bat daukala. Eta hori ez da egia, zailtasunak eta egokitu beharrak denok ditugu gure bizitzako hainbat fasetan. Eta sexologoarengana joaten denak arreta jartzen dio kezka horri, eta konponbide bat bilatzen saiatzen da. Hori beti da ona. Garrantzitsua da horrelako zerbitzuak publikoak izatea; bestela, dirua duenak bakarrik izango du halako zerbitzuak jasotzeko aukera eta. Zentzu horretan, Azpeitiko Udala erreferente da: gure ustez, prebentzioan inbertitzea baliabideak aurreztea da.

Saio horietan, zer kezka nabaritu dituzue, batez ere?

Denetarik etortzen da, adin ezberdinetako jendea eta askotariko kezkak dituztenak. Baina gugana jotzen duten askok bikote gatazkak dituzte. Erantzun sexualen inguruko kezkekin etortzen dira batzuk: "Ezin ditut orgasmoak eduki, sarketan mina hartzen dut, erekzioarekin arazoak ditut...". Baina bestelako kezkak ere izan ohi dituzte: gaixotasunen bat izan dezake bietakoren batek, seme-alabak izan nahi dituzte eta ezin dute, bietako batek istripua izan du eta behar bereziak ditu orain... Bidelagun batek asko lagunduko ligukeen mila egoera daude. Askotan, gertatzen den hori beste begi batzuekin begiratzen duzu, eta konturatzen zara ez dagoela arazorik: gure ideiak direla arazoak.

Oro har, ondo funtzionatzen al dute bikote harremanek?

Badirudi bikote bat sortzen denean zoriontasuna bermatuta dagoela, baina guk beti esaten dugu orduantxe hasten dela dena. Badirudi bikotea berez hazten den zerbait dela, berez egokitzen den zerbait, eta bikotea landu egin behar da. Bikoteak zaintzeko kulturarik ez daukagu, orokorrean. Gure zoriontasunaren ardura bikotekideak izan behar duela pentsatzen dugu, eta kontuz! Ez, gurea da ardura. Ideia ustel asko dago: bikotea ondo badoa, zoriontsu sentitzen da jendea; eta bestela, ez. Eta ezin gara horretara mugatu; familia, lagunak... beste gauza asko daude norbere bizitzan. Nabarmena da laranja erdiaren kontzeptua bizi-bizirik dagoela oraindik. Bikotea aukera bat da.

Inkesten arabera, hamarretik bederatzik sentitu du noizbait bikotekidea ez den beste norbaitekiko desio sexuala. Onartzen al da hori?

Gero eta jende gehiagok hitz egin eta negoziatzen du horren inguruan, eta gero eta bikote gehiagok esperimentatzen dute. Baina oso orokorra da pentsatzea bikote harremanetik kanpoko pertsonekin ez dugula harreman erotikorik izango. Dena den, desioa eta gogoa hor daude, existitzen dira, eta ederrak eta gozagarriak dira. Horiek kudeatu egin behar ditugu, baina ustezko arau unibertsal horrek sekulako minak eta gatazkak ekartzen ditu. Gatazkak saihesteagatik, bikotekideari ezer ez esatea erabakitzen dute askok, eta horiek ez dira harreman garbiak, zintzotasunik ez dagoelako. Eta, gure ustez, pertsonak baino gehiago, gizartean hain errotuta dagoen maitasun eta sexualitate eredua da horren erruduna. Horri indarra kendu eta elkarri baliabideak ematen badizkiogu, beste mota bateko harremanak ere eraiki daitezke. Guk desioaren eta plazeraren apologia egiten dugu; disfrutatzea ona da, aberasgarria eta on egiten digu. Gizarte honetako eskemak direla eta, ordea, beti gatazkaz inguratuta gaude, eta tortilla horri buelta eman behar zaio.

Preserbatiboa gero eta gutxiago erabiltzen dela diote azken inkestek. Zer ari da gertatzen?

Informazioa egon badago, baina jarrerak landu behar dira. Denok dakigu sarketa baten aurretik kondoia jarri behar dela, baina, askotan, ez da jartzen. Horrek esan nahi du informazioa ez dela nahikoa. Horren atzean dauden balioak landu behar dira. Askotan esaten dute: "Ez zuen topatzen preserbatiboa...". Hori bada arazoa, konponbide erraza du: gainean eduki beti, eta kito. Eta ez badaukagu, beste era batera ere jolastu daiteke. Badirudi praktika erotikoa osoa izan dadin, sarketa baginala ezinbestekoa dela. Ideia ustel asko dago, eta lan handia dago hori aldatzen.

Ideia horien aurrean, zer transmititzen saiatzen zarete?

Guk gazteei azaltzen diegu zein den kondoiaren erabilera ona, baina hori baino askoz ere lanketa sakonagoa egiten dugu. Haurdun gelditzeko arriskua sortzen duen praktika bakarra da sarketa baginala, beste guztia egin daiteke ondorio hori izan gabe. Sarketarik gabe bizi gaitezke gure bizitzako garai askotan, primeran eta berdin-berdin edo gehiago disfrutatzen; izan ere, behatzak edo beste gauza batzuk zakil bat baino malguagoak dira. Gazteei sarketarik gabe ere goza daitekeela esaten diezunean, pentsatzen dute orgasmorik eta eszitaziorik gabe izango dela, goxo-goxo. Muxu ematearen hurrengo aukeratzat sarketa ikusten dute askotan, eta gu saiatzen gara hor tartean eskailera batzuk badaudela ikusarazten. Plazer erotiko ikaragarria egon daiteke sarketarik gabe ere. Uste horiei aurre egitea da gure erronka, horrek emango baitigu patxada.

Adinekoen sexualitatea tabu bat da oraindik ere gizartean...

Zahartzaroa sekulako garai ona da sexualitateaz eta beste gauza askoz disfrutatzeko, adinekoek denbora daukatelako, lotsak galdu dituztelako... Abantaila asko dituzte. Eta haien kezkak ere eredu koitozentrista horren ingurukoak izan ohi dira. Gorputz guztiarekin gozatzeko eta esperimentatzeko kultura hori izango bagenu, zahartzaroa urrezko aroa izango litzateke.

Herriko hainbat eragilerekin ere lan egiten duzue; besteak beste, Txolarteko kideekin aritu zineten sexualitatea lantzen. Zer nolako esperientzia izan zen? Zer ondorio atera zenituzten?

Ederra. Gazteekin oso ondo moldatu ginen, baina ikusi genuen ziur aski gurasoek behar gehiago zutela. Horregatik, erabaki genuen gurasoekin zineforum bat egitea. Oso emankorra izan zen, eta ondorio orokor bat atera genuen: behar bereziak dituzten pertsonak ez zaizkigu pertsona sexuatuak iruditzen; ez zaie aitortzen sexualitaterako eskubidea. Pertsonen intimitateak eskubide unibertsala izan beharko luke, txiki-txikitatik irakasten dena.

Osakidetzatik bidalitako jendea ere hartzen duzue Plax! zerbitzuan. Zer arazorekin joa ohi da normalea jendea zuengana?

Izan daiteke desio falta, orgasmoak izateko zailtasunak... Sexu hezkuntzan inork ez digu argi hitz egiten, pornografiak bakarrik. Eta pornografian zer gertatzen da? Zakil handiak daude, orgasmoak oso luzeak dira, sekulako gorputzak ageri dira... Hori guztia gezurra da, muntaia delako. Baina ez daukagu bestelako eredu esplizitu argirik, eta jendeak konparatu eta esaten du: "Azkarregi korritzen naiz". Eta galdetzen digute: "Zein da neurri egokia? Zenbat denbora?". Eta hori ez da arazo bat ziur aski. Horregatik, eszitazioarekin jolasten irakasten saiatzen gara: ariketak egiten ditugu, praktikak, etxeko lanak bidaltzen dizkiegu... Saio gutxitan aurrerapauso ederrak egiten dituzte sarri.

Zer gomendio emango zeniekete herritarrei?

Praktikatik eta norbere burua zaintzetik eman behar dugu tratu onetarako pausoa. Disfrutatzea, ondo pasatzea eta exijentziak gutxitzea garrantzitsua da. Kontziente izan behar dugu zer nahi dugun, zer den benetan garrantzitsua bizitzan, eta horri arreta jarri behar diogu, ez diogu eta batere jartzen bizi garen erritmoan. Patxada pixka bat ondo etorriko litzaiguke. Herritarrei esango genieke beren buruari denbora eskaintzeko, inguruaz gozatzeko, ausartak izateko eta dauden proposamenetan –mobilizazioak, deialdiak, formazioak– parte hartzeko, Plax!-era inguratzeko, proposamenak egiteko... Gauza bera Harremonaki dagokionez: guztion ekarpenak, desioak eta nahiak garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, denok baitaukagu asko irabazteko.

Elkarrizketa hau Uztarriak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Bi eraso homofobo salatu dituzte Gipuzkoan

Soraluzen Señora Bertso egunean eta Tolosako Inauterietako Zaldunita gauean bi eraso homofobo izan direla salatu dute.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Eguneraketa berriak daude