Kirol esparruko indarkeria, gizonezkoen kontu

  • Marian Ispizua eta Juan Aldaz unibertsitateko irakasleek egindako ikerketa baten arabera, kirolarekin lotutako indarkeriazko gertaerengatik zigortutakoen %97 gizonezkoak izan ohi dira. Datuak eskutan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura sailburua hartu beharreko neurriez mintzatu da Legebiltzarreko batzorde batean.


2019ko martxoaren 26an - 12:16
Futbol zelai batean liskarra (Argazkia: Ben Sutherland)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lakuako Segurtasun Sailaren 2018ko datuei erreparatuz gero, 101 izan ziren kirolarekin lotuta bideratutako zigor espedienteak. Guztiak, bat izan ezik, futbolarekin zerikusia zutenak. Erasoak, desordena publikoa, borrokak, irainak edo mehatxuak dira nagusi espedienteetan.

Datuok islatzen dutena gizonen arazoa dela azpimarratu zuen Zupiriak. Horrez gain, kirol esparruko indarkeriaz baino gehiago, futbolarekin lotutako “eraso fisiko zein hitzezkoez” hitz egin beharko litzatekeela adierazi zuen.

Hasi afizionatuetatik eta profesionaletaraino, futbolaren esparru osoan presente dagoen indarkeria dela jakinarazi du Zupiriak. Oinarrizko kiroletan ere, zeinetan haurrak diren futbol jokalariak, familiek, hezitzaileek eta ikusleek indarkeriazko egoerak normalizatzen dituztela azpimarratu du. Hala bada, adin txikikoen futbol jardunean bertan, kirolaren eginkizun hezitzailea alboratu eta lehiakortasuna nagusitzen da.

Horrez gain, testuinguru honetan emakumeek pairatzen duten indarkeria era izan da hizpide batzordean. Aldageletan, zelaian, kluben ekitaldietan erasoak ematen direla aipatu du sailburuak, sarri entrenatzaileak izanik erasotzaileak.

Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak kirolean indarkeria ezabatzeko politikak bultzatuko dituela jakinarazi du: besteak beste, Euskal Futbol Federazioarekin lankidetzan, oinarrizko kirol eremuan ematen diren indarkeriazko adierazpenen datuak bildu eta “indarkeriaren kulturan” oinarritzen ez den harreman eredu berri bat bultzatzeko asmoa ere adierazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
2025eko abenduaren 4
José Luis Mendilibar. Futbola eta gero, Zaldibar
"Mundu honetan ez dakizu lau hilabetean entrenatu gabe egoten"

2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

2025eko azaroaren 19
51.396

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!