Kilometroak jai parte-hartzailea egin dute Ibarran

  • Kilometroak Ibarran ospatu dute urriaren 2an, "Irribarra" lemapean. Aurtengoaren berezitasuna izan da eremuak ez dituztela adinka bereizi eta ez dela kontzertuen gune bakar bat izendatu, eta jolas zein kirol aukera zabala izan dela. Horrekin, festa giro parte-hartzailea nagusitzea nahi zuten, jai handiek duten alkohol kutsuaren gainetik; eta antolatzaileek nabarmendu dute helburu hori bete dutela. "Aro berriko Kilometroak" izan dela adierazi dute. Bertan bildu duten dirua Uzturpe ikastolaren patioa eraberritzeko erabiliko dute. Hurrengo Kilometroak Oreretan izango da.


2022ko urriaren 03an - 10:52
Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Lau gune prestatu ditu aurtengoan Kilometroak jaia hartu duen Ibarrako ikastolak. Azken urteetan jai eredua birplanteatzeko egin duten lanketari jarraituta, aurtengoaren ezaugarria izan da guneak ez dituztela "tematikoki" edo "adinaren arabera" banatu, eta gune guztietan egon dela aukera musikaz eta gastronomiaz gozatzeko. Oso gustura agertu zen Kilometroak jaiaren koordinatzaile orokorra den Mikel Egibar, Ibarran egin zen festarekin: "Pandemia zela eta, 2020an Amasa-Villabona-Zizurkilen antolatu nahi genuen eredu berrian oinarritutako jaia ez zen guztiz horrela izan. Gaurkoan, aldiz, bete-betean asmatu dugu”.

Kilometroak jaiaren antolatzaileek adierazi dutenez, "gazte ugari bildu zen, baina sasoi bateko 'kilolitro'ren arrastorik ez. Larrialdietako taldeak parterik eman ez izanak inpresio hori indartu zuen". “Ohiko guneak desagerraraztea eta jendea mugiaraztea klabea izan dela uste dut. Jendea elkarrekin ikusi dut: familiak, gazteak eta helduak... denak. Huraxe zen, hain justu, gaur ikustea espero nuena”, zioen Usue Sukia Ibarrako ikastolako buruetako bat denak, jasoketa lanetan ari zela.

Sormena, ardatzetako bat

"Sormena" zuen izena gune batek: bertan, tailerrak egin dituzte, eskultura erakusketa, eta bertsotan aritzeko zein zirkuko akrobaziak egiteko aukera.

"Baso magikoa" ere muntatu zuten frontoi ondoan: 30 txanda egin zituzten egunean zehar eta pertsonaia bereziek egin zieten agurra gerturatutakoei; ondoren ipuinez, fantasiaz, eta irudimenaz gozatu zuten.

Baso magikoa. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Erronkan 300 gazte eta etxeko taldea garaile

Jolas eta joko eskaintza zabala egon zen: eskalada, trial bizikleten zirkuitua, puzgarriak, jolas libreak... eta azken urteetako Kilometroetan egin izan den Erronka, zeinetan Gipuzkoako 19 ikastolek hartu zuten parte (300 gazte guztira). Etxeko taldeak irabazi zuen erronka eta berak eskuratu ditu jokoan zeuden 1.000 euroak. Bigarren eta hirugarren postuak partekatu egin dituzte, Arizmendi eta Orereta ikastolek berdinketa egin baitzuten, eta bien artean banatuko dituzten 500 eta 300 euroak.

Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Euskal musikaren ibilbidea

Musika eskaintza zabala egon zen, baina ez gune batean konzentratuta. Bazkalostean Distopia elektrotxarangaren atzetik ibili ziren Ibarran barrena, Gabezin taldeak ikastolan jo zuen, Andoni Ollokiegik musika jarri zuen Azkue plazan, Nikotinak reggae erritmoa jarri zuen plaza nagusian eta Duplak eman zuen azken kontzertua Emeterio Arresen.

Oilaskoa eta piperrak

Gastronomia ere kontuan hartu dute antolatzaileek, "bertako produktuei balioa emateko". 800 lagunentzako paella eta Lumagorri oilaskoa prestatu zituzten eta herriko plazan Ibarra herriari oso lotua den piperrak bere gunea izan zuen.

Hona hemen Tolosaldeko Atariak Ibarrako Kilometroak jaiaz osatu dituen kronikak, argazkiak eta artikuluak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kilometroak
Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


2022-09-27 | ARGIA
Eraldatuta dator Kilometroak jaia

Ohiko guneak goitik behera aldatu ditu Kilometroak jaiaren aurtengo edizioak, hitzaldiak ere antolatu dituzte urriaren 2 honetarako eta ezusteko bat baino gehiago prestatu dute. “Jai parte-hartzaileagoa” izango da, “aldarrikapenari toki handiagoa emango... [+]


2022-03-16 | Leire Artola Arin
Hamaika irribarre Ibarrako Kilometroak jaiaren bueltan

Infinitu irribarra egitasmoa aurkeztu dute aurtengo Kilometroak Ikastolen aldeko festaren berrikuntza gisa: irribarrez ateratako argazkiak webgunera igotzera animatu dituzte herritarrak, irribarreen mapa bat osatzeko. Ibarran ospatuko den jaiari atxikimendua emateaz gain,... [+]


2020-10-05 | Aiurri aldizkaria
Gipuzkoako Ikastolek hartu dute lekukoa

Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du gaur eguerdian (urriak 4) Kilometroetako lekukoa Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Zubimusu Ikastolako arduradunen eskuetatik. Gipuzkoako Ikastolen esku geratu da, beraz, 2021. urteko Kilometroak antolatzea... [+]


Eguneraketa berriak daude