Kataluniako Manlleu hirian gutxien birziklatzen duenak pagatuko du gehien

  • Manlleu da Katalunian hondakinak biltzeko Atez Atekoa ezarrita daukaten udalerri ugarietako bat, handietakoa gainera bere 20.000 biztanleekin. Atez Atekoari esker gaikako bilketan % 82ra iritsita, udalak orain urrats berri bat jarriko du abian: sortzez besteko ordainketa ezarriko du eta horrela hondakinak ondoen berezita errefus gutxien sortzen dutenek ordainduko dute gutxien, eta gutxien birziklatzen dutenek pagatuko dute gehien.


2023ko otsailaren 13an - 00:38
Azken eguneraketa: 06:36

Alkatea ERC alderdiko Alex Garrido i Serra duen Manlleuk (20.800 biztanle) duela hiru hilabete ezarri zuen Atez Ateko bilketa, eta udaleko arduradunek aitortu dutenez sistemaren emaitzek gainditu dituzte aurreko kalkulurik baikorrenak: kolpetik 10 puntuz hobetu, gaikako bilketa %82,5era iristeko. Ez bakarrik hobetu da emaitza kuantitatiboki, bildutako hondakinen kalitatean ere irabazi du zerbitzuak: organikoan, esaterako, zikinkeriak ez du %0,6 gainditu, hau da, Atez Atekoarekin bildutako organikoa askoz garbiagoa eta ondorioz hobeto aprobetxatzeko modukoa da, kaleko edukiontzi handiekin bildutakoa baino. Aurrerapen horiek ikusirik, Manlleuko udalean deliberatu dute urrats berria ematea eta aurtengo azaroan bertan ezarriko dute sortzez besteko tarifa.

Euskal herrian soilik Usurbilek ezarrita daukan kobratze sistema horretan txip elekteronikoz edo APP batez kontrolatzen dira errefusa biltzeko kuboak, eta datu hori erabakigarria da familia bakoitzak pagatu beharreko tasa erabakitzerakoan: hondakinen tasa leku gehienetan berdina baldin bada denentzako, sortzez besteko ordainketan tasaren erdia izaten da finkoa, denentzako berdina, eta beste erdia familia horrek atera duen errefus kopuruaren araberakoa. Horrela, hondakikak gaika ondoen bereizten dituen familia saritzen da eta gutxien egiten duena zigortzen, urteroko hondakin tasa merketuz edo garestituz.

Manlleuko udal agintariak Atez Ateko hondakin bilketaren ezartzea aurkezten, 2022ko azaroan. Erdian, Alex Garrido i Serra alkatea. Argazkia: Manlleuko udala.

Katalunian, Atez Atekoa egiten duten 300 udalerri baino gehiago dauden arren, zazpik baino ez daukate ezarrita sortutako errefusaren araberako ordainketa-sistema. Alabaina, ARC Kataluniako Hondakinen Agentziaren –Generalitatearen– helburua sistema hori zabaltzen joatea da eta aurten beste zenbait udalerrik egingo du urrats bera, Nació egunkari digitalak otsailaren 9ko edizioan Gerard Vilàk argitaratu duenez. ARC zuzendari Isaac Perairek adierazi du Manlleun sistemak ondo funtzionatzea nahi dutela, Kataluniako beste herri asko animatzeko urrats bera ematera. ARCk laguntzen dio udalari finantzatzen errefusarentzako txipez edo telefonoko APPz kontrolatutako kuboen erosketa.

Euskal Herriko udal agintariek, eta zer esanik ez Foru Diputazioetakoek edo Eusko Jaurlaritzakoek, hitz egin beharko lukete ARCko zuzendariarekin. Horrela ikasiko lukete, batetik, Generalitateko agentzia nagusiak Atez Atekoa aholkatzen diela administrazio guztiei, hori ezartzen laguntzen diela eta “zabor turismoa” bezalako mito ustelak gezurtatzen dituela: “ARCko zuzendariak adierazi du zabor-turismoa benetan oso txikia dela [ridicul]  eta laster amaituko dela gainera: ‘Herri batek jokabide hori [zabor turismoa] jasaten baldin badu, egin dezakeen gauzarik onena Atez Atekora pasatzea da, eta horrela edukiontziak desagerraraziko ditu kaletik’, adierazi du Perairek”.

Kazetariak galdetu dio Maite Anglada Manlleuko Ingurumen zinegotziari hondakinak Atez Ateko sistemari muzin egiten dioten herritarrez eta udalerrian dauden zenbait gune gatazkatsuz. Angladak bereizketa egin du atez atekoa aplikatzen ez duten bizilagunetan aurki daitezkeen bi profilen artean. Horietako batek ez du ondo egiten ezjakintasun eta informazio faltagatik, eta Angladak dio bizilagun horiekin pedagogia-lana egiten saiatzen direla Udalak jarritako hezitzaileen bidez, ondo egiten ikas dezaten.

Baina badago beste auzokide profil bat da, Atez Atekoak nola funtzionatzen duen ondo jakin arren nahitara ondo ez egitea erabaki duena: "Horiek negazionistak dira –esan du Angladak– eta horiekin zero tolerantzia edukiko dugu: isuna jarriko zaie". Orain arte horrelakoei 39 zigor espediente zabaldu omen zaizkie.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude