45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

Zuzeneko jarraipena
  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.


2017ko abenduaren 07an - 13:02
Gakoak
Hamarnaka mila lagun bildu dira Bruselan, Kataluniako independentziaren alde. (Arg.: ANC)
Hezkuntzako sindikatu nagusiaren erantzuna Rajoyri: ez dute aldaketarik onartuko hizkuntz ereduan

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak adierazi du 155aren ezarpena bertan behera utzi ondoren ere –abenduaren 21eko hauteskundeak amaitu eta berehala– asmoa duela Kataluniako hezkuntzan esku hartzeko, besteak beste hizkuntz irizpideei alorrean. USTEC-STEs sindikatuak, sektorean gehiengoa duenak, erantzun dio ez duela aldaketarik onartuko "funtzionatzen duen hizkuntz ereduan".  

 

Legedia urratu du Lamela epaileak, Zigor Zuzenbideko 100 irakasle baino gehiagoren esanetan

Espainiako Estatuko Zigor Zuzenbideko 100dik gora irakaslek sinatu duten manifestuak zalantzan jartzen du Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak legearen barruan aritu izana Kataluniako Gobernuko zortzi kide espetxera bidali dituenean. Sinatzaileek diote bai fiskaltzaren bai Lamela epaileareen jokamoldeak "kezka eta arbuioa" eragin dutela estatuko arlo juridikoan.

Espetxeratutako gobernukideen jarduna matxinadat delitutzat hartzea "oso huts egite larria" da manifestua izenpetu dutenen ustez, "[delitu horren] oinarrizko elementu bat falta baita: bortizkeria". Gainera, Auzitegi Nazionalak matxinada eta sedizio delituak epaitzeko eskumenik ez duela salatu dute. Hartara, Bartzelonako Probintzi Auzitegiak eraman behar luke auzia, eramatekotan.   

Gaur bertan, Carmen Lamelak Kataluniako zortzi gobernukideentzat 6,2 milioi euroko eskaria erantzukizun zibila dela eta, Espainiako Auzitegi Gorena neurri horren aurka azaldu den arren. Oriol Junqueras, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carles Mundó kontseilariek askatasuna eskatuz aurkeztutako helegiteak bazteru egin ditu epaileak.

Carmen Lamela epailea.

 

Parlamentuko Mahaiko kideen bermeak ordaindu ditu ANCk: 100.000 euro

Carme Forcadell, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidentea, joan den ostiralean atera zen espetxetik 150.000 euroko bermea ordainduta. Gaur, eta Forcadellekin egin bezala, kartzelan zeuden Mahaiko beste lau kideen (Anna Simó, Lluís Guinó, Ramona Barrufet eta Lluís Corominas mahaikide ohia) bermeak ordaindu ditu ANCk: 100.000 euro guztira.

ANCk azaldu du herritarrek erresistentzia kutxan egindako ekarpenetatik datorrela diru guztia.

Kataluniaren aldeko manifestazioa antolatu du EH Baik larunbatean Baionan

Kataluniako herria jasaten ari den errepresioaren aurkako eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egongo da larunbatean Baionan. Euskal herritarrei dei egin diete “Espainiaren jarreraren kontra asaldatzeko eta kataluniar herriari sostengua adierazteko”. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da manifestazioa, Euskaldunen plazan.

Albiste osoa hemen irakurri dezakezue.

Rajoyk iragarri du Madrilek bere esku hartuko duela Kataluniako hezkuntza

COPE irrati kate espainiarrean egindako elkarrizketa batean, Mariano Rajoy lehen ministroak iragarri du Espainiako Gobernua bere esku hartzera doala Kataluniako hezkuntza sistema. Horretarako behar duen denbora guztia hartuko omen du Madrilek; ez dio axolako abenduaren 21eko hauteskunde ostean 155. artikulua indargabetzea, zeren eta Moncloak hezkuntzaren ikuskaritza arruntaren bidez hartuko omen du Kataluniako irakaskuntzaren kontrola.

 

Madrilek 300 polizia prest zeuzkan Parlamentua hartu eta Puigdemont atxilotzeko urriaren 10ean (Interviú)

Madrilgo Interviú astekariak publikatu duenez –eta Kataluniako hedabideek oihartzun egin, RAC1 irratiak esaterako– Espainiako Gobernuak 300 polizia berezi prest zeuzkan urriaren 10ean Parlamentua kontrolpean hartu eta Puigdemont lehendakaria preso hartzeko, baldin eta independentzia aldarrikapena eten ez balu.
 

 

 

Rufian (ERC): "Hauteskundeotan gure borroka da berriz ezartzea erakundeak, gobernua eta lehendakari legitimoa, Puigdemont"

ERCko buruzagi Gabriel Rufianek Twitterreko mezu horrekin laburbildu du abenduaren 21eko hauteskundeetan Kataluniako independentisten goiburu izan behar duena. Hala ere, independentistak hiru zerrendatan aurkeztuko dira, CUP bere aldetik, ERCk Oriol Junqueras eramango du zerrendaburu eta PDeCAT joango da Carles Puigdemont lider eramango duen Junts per Catalunya zerrenda barruan.

 

Puigdemont Junts Per Catalunya zerrendako buru izango da

Carles Puigdemont Kataluniako Presidentea, Junts Per Catalunya zerrendako burua izango da. ERCk eta CUPek zerrenda bateratuaren aukerari uko egin ostean hartu du erabakia. Inkesta guztien arabera, PDeCat izango litzateke abenduaren 21eko hauteskundeetako galtzaile nagusienetako bat. Hala ere, alderdi gisa aurkeztu baino zerrenda zabal bat aurkezteak orain arteko ager toki politikoa hankaz gora jarri du.

Junts Per Catalunya zerrendan ez dira PDeCateko organoko kideak joango, Marta Pascal koordinatzailea adibidez. Horien ordez, gizarte zibileko eta erakunde subiranistetako ordezkariak sartu nahi ditu zerrendan Puigdemontek. ElNacional.cat hedabideak aurreratu duenez Jordi Sànchez ANCko presidentea zerrenda horretan joateko prest legoke. Òmniumek, aldiz, jakinarazi berri du Jordi Cuixart ez dela hautagai izango abenduko hauteskundeetan.

 

CUPek bakarrik parte hartuko du abenduaren 21eko hauteskundeetan

Igandean egin duten alderdiaren batzorde nazionalean hauteskundeetan parte hartzearen aldeko jarrera gailendu da eta “ahalik eta hautagaitza zabalenean” esku hartzeko aukera nagusitu da.

Irakurri albiste osoa hemen.

 

Kataluniako mendi eskiko selekzioa ez da Espainiako Txapelketan lehiatuko

Kataluniak bizi duen egoera politikoa dela eta, protesta gisa, Kataluniako mendi eskiko selekzioak uko egin dio Espainiako Mendi Eskiko Txapelketan parte-hartzeari. Selekzionatzaile Joan Cardonak jakinarazi duenez gauza larriak gertatzen ari dira Katalunian eta taldeko kideak ez daude batere ados gertatzen ari denarekin, eta horregatik ez joatea erabaki dute: "Errepublika garela sinesten badugu, ez dugu joan beharrik". Mundo Deportivotik jaso dugu albistea.

Kataluniako mendi eskiko federazioa.

 

Arran gazte antolakundeak salatu du "kide bat atxilotu eta jipoitu" duela Espainiako Poliziak

Ohar bat kaleratu du Arranek, Espainiako Poliziak antolakundeko kide bat atxilotu eta komisaldegian jipoitu duela salatzeko. Gaztea faxismoaren aurkako manifestazio batean atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak.

Barcelona En Comúk PSCrekin zuen gobernu ituna hautsiko du

Hala erabaki dute Barcelona En Comúko kideek, alderdiak antolatu duen barne galdeketan. Botoa eman dutenen %54ak udal akordioa haustearen alde egin dute. Behin akordioa hautsita gutxiengoan gobernatu beharko du Ada Colauren alderdiak.

41 zinegotzi daude Bartzelonako Udalean, horietatik 11 ditu Barcelona En Comúk, bederatzi PDeCatek, bosna ERC eta Ciudadanosek, lau PSCk eta hiruna PPC eta CUPek; hautetsi independiente bat ere badago. 

Urriaren 1eko polizia operazioa estatu sekretu izendatu dute

Urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak izandako jarrerak aurkako iritzi asko eragin ditu. Orain Espainiako Gobernuak operazioa estatu sekretu izendatu du, ElNacional.cat agerkariak jaso duenez. Espainiako Kongresuan, esaterako, Kataluniako diputatu independentistek informazio ugari eskatu izan dute Kataluniara eramandako segurtasun indarrarrei buruz, eta neurri honekin, Espainiako Gobernuak ez du inongo informaziorik emango. Katalunian 6.000 bat guardia zibil eta polizia daude ohikoan eta kalkulatzen da urriaren 1erako beste hainbeste bidali zituztela.

Playmobil maketa bat kendu dute "Expoclick"-etik, preso politikoen aldeko manifestazioa irudikatzen zuelako

Irudiotan duzue Ampostako "Expoclick" erakusketan zegoen maketa. Antolatzaileek kentzea erabaki dute, sare sozialetan eragin duen zalapartak bultzatuta. Udalak baimena eman zien antolatzaileei maketa mantentzeko, baina "beldurragatik" kendu egin dute.

Som Alternativa plataforma aurkeztu du Fachinek

Podem Catalunya utzi ostean, Som Alternativa plataforma aurkeztu du Alvano-Dante Fachinek. Pablo Iglesiasen Idazkaritzak Podem interbenitu eta abenduaren 21eko hauteskundeen inguruan barne kontsulta bat deitzeak, dimititzera eraman zuen Fachin. Azken hilabeteetan, konfrontazio ugari egon dira Podem eta Podemoseko zuzendaritzen artean, prozesu independentistak eraginda.

Som Alternativa plataformak 15Maren espiritua berreskuratu nahi du. 78ko erregimenaren aurka prozesu konstituziogile bat eratzea ezinbestekotzat jo dute plataformako kideek aurkeztu duten manifestuan.

CUPek onartu du, abenduaren 21eko hauteskundeei begira Som Alternativa plataformarekin hizketan ari direla.

 

Ehunka mila lagunek preso politikoak askatzeko eskatu dute

Bartzelonan egindako manifestazioan, 750.000 lagun batu direla kalkulatu du Bartzelonako Udaltzaingoak.

Forcadell aske geratu da 150.000 euroko bermea ordaindu ostean

Bart gauean Alcala Mecora bidali zuten Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea epaileak 150.000 euroko bermea ezarrita. Gaur, bermea ordaindu ostean, eguerdian atera da espetxetik. 150.000 euroak ANC eta Omnium elkarteek antolatutako erresistentzia kutxatik atera dituzte. Independentziaren aldeko elkarteek herritarrei dei egin diete erresistentzia kutxan euren ekarpena egitera.

 

AZKEN ORDUKOA: Carmé Forcadell espetxeratzeko agindu du Llarena epaileak, 150.000 euroko bermearekin

Carmé Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea espetxean sartzeko agindua eman du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak. Forcadellek Alcalá-Mecoko kartzelan emango du gaua, eta aske geratuko da 150.000 euroko bermea ordaintzen badu astebeteko epean. Harentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatu du fiskaltzak ordu batzuk lehenago.

Parlamentuko Mahaiko beste lau kiderentzat ere (Lluís Corominas, Lluís Guinó, Anna Simó eta Ramona Barrufet) kartzela agindu du Llarenak, baina 25.000 euroko bermea ezarrita bakoitzari. Catalunya Sí que es Pot-eko Joan Josep Nuet, berriz, baldintzarik gabe aske geratu da.

AZKEN ORDUKOA: Fiskalak baldintzarik gabeko espetxea eskatu du Forcadell eta Kataluniako Parlamentuko mahaiko beste hiru kiderentzat

Egun osoz Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratzen aritu diru Carmé Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea eta erakunde horretako mahaia osatzen zuten beste bost kide.

Akusazioaren eta epailearen galderei erantzun badie ere, eta zenbait hedabideren arabera independentzia aldarrikapena "sinbolikotzat" jo duten arren, fiskaltzak baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu du Forcadell berarentzat eta Lluis Mari Corominas, Ana Simó eta Lluis Guinórentzat. Aldiz, Ramona Barrufetentzat findantzapeko espetxea eta Joan Josep Nuetentzat aske uztea eskatu du fiskaltzak.

"Matxinada" delitua egozten diete guztiei. Gaurko deklarazioak Auzitegi Goreneko lau fiskal aritu dira galderak egiten.

Carme Forcadellen deklarazioa Gorenean: 155ari men egin eta independentzia aldarrikapena sinbolikotzat jo

Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu du goizean Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak. Hari eta Legebiltzarreko Mahaiko beste zenbait kideri matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra leporatzen diete, besteak beste urriaren 27ko saio parlamentarioa –independentzia aldarrikapenarena– egitea ahalbidetzeagatik. Alde guztien galderei erantzun die Forcadellek, eta adierazi du berak ezin duela Parlamentuko eztabaida bat eragotzi, edukia edozein dela ere, legez kanpokoa eta zuzenbide estatuaren oinarrien aurkakoa izango litzakeelako.

Forcadellek, eta orain arte deklaratu duten Mahaiko beste kideek, adierazi dute 155. artikuluari men egiten diotela eta urriaren 27ko independentzia aldarrikapena "sinbolikoa" izan zela, Kataluniako hainbat hedabidek jaso dutenez.

Hain zuzen ere, Espainiako Fiskal Nagusiak, José Manuel Mazak, asteon iragarri du gaurko deklarazioaren arabera neurri batzuk edo beste batzuk eskatuko dituela Forcadell eta gainerako mahaikideen aurka. Espetxean dauden gobernukideek Espainiako Konstituzioari eta 155ari men eginez gero haien egoera alda litekeela ere adierazi du Mazak.

Deklaratzera deitutako guztiak bere aurretik igaro ostean jakinaraziko du Pablo Llarena epaileak zer neurri aginduko duen haien aurka.

 

Kataluniako Gobernuak Bruselatik sortutako twitter kontu berria jarraitzeko kanpaina

Kataluniako Gobernuak twitter kontu berria sortu du (@catalan_gov)  Bruselako erbestetik, 155. artikulua ezartzeaz geroztik Espainiako Gobernuak kontrolpean daukan Generalitateko kontuaren ordez (@govern). Sare sozialetan zabaldu dute bigarrena baztertu eta kontu berria jarraitzearen aldeko kanpaina. Asteartean jarri zuten martxan kontu berria, eta 150.000 jarraitzaile inguru ditu jadanik. 

Mezu xume hau eman zuen kontu berritik bidalitako lehen txioak:

 

ERCko gobernukide presoek hauteskunde kanpainan parte hartu ahal izateko aske geratzea eskatu dute

Espetxeratutako ERCko gobernukideen abokatuak, Andreu van den Eyndek, helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Nazionalean bere bezeroek (Oriol Junqueras, Carles Mundó, Raül Romeva eta Dolors Bassa) kartzelatik irten eta abenduaren 21eko hauteskundeen kanpainan behar bezalako badintzetan parte hartu ahal izateko.

Aipatutako gobernukideak hautagai izan daitezkeela argudiatu du haien defentsak, eta espetxean egoteak kanpainan parte hartzeko eskubidea mugatuko liekeela. Izan ere, Oriol Junqueras ERCko hautagai nagusi izendatu zuten joan den larunbatean.

Oriol Junqueras presidenteordea eta Kataluniako Gobernuko beste zazpi kide presoak askatzeari ezetz esan dio Lamela epaileak

Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak errefusatu egin du preso diren Kataluniako Gobernuko zortzi kideen askatasun eskaria. Ihesi arriskua dagoela argudiatu du espainiar jujeak, baita espetxeratutakoek "delitua behin eta berriro" egin izana ere.

Bere aldetik, Santi Vila Generalitateko kide ohiak –50.000 euroko bermea ordaindu eta gero aske dena– errugabetzea eskatu dio Auzitegi Nazionalari, Kataluniako independentzia aldarrikapena geldiarazten saiatu baitzen "eskura zituen bitarteko guztiekin". aurkeztutako helegitean, Vilak dio parte hartu zuela urriaren 1ko deialdiaren dekretuaren onarpenean, baina ez zuela mobilizaziorik sustatu, ezta independentzia bultzatzeko ekintzarik egin ere.

Forcadell eta Mahaiko kideak Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratzen ari dira

Goizean goiz joan dira Espainiako Auzitegi Gorenera Forcadell eta gainotzeko Parlamentuko Mahaiko kideak, aurreko astean deklarazioa astebete atzeratzea lortu ostean. Orain arte ez bezala gaur fiskaltzaren galderei erantzuten ari da Forcadell. Zenbait iturrik zabaldu dutenez Fiskaltzak auziperatuak espetxeratzeko eskatuko du. Ordezkari ugari joan dira Madrilera auziperatuei euren elkartasuna adieraztera. Tartean alderdi independentista zein En Comú Podemeko ordezkariak. Gaur deklaratuko dutenen zerrenda osorik:

  • Carme Forcadell (ERC)
  • Lluís Corominas (PDeCAT)
  • Joan Josep Nuet (CSQP)
  • Lluís Guinó (PDeCAT)
  • Anna Simó (ERC)
  • Ramona Barrufet (PDeCAT)
Kataluniako Gobernuak egitura egonkorra sortuko du Bruselan

Gutun bat idatzi diete herritarrei Carles Puigdemont eta lau kontseilariek Bruselatik, Espainiako Estatuaren jarrera salatuz. Salaketa hori eraginkorra izan dadin Kataluniako Gobernuak estruktura egonkor bat jarri du martxan Bruselan.

Hemendik aurrerako bide orriaren berri eman nahi izan diete gobernuko kideek Kataluniako herritarrei. Larunbatean Bartzelonan egingo den Askatasunaren Egun Nazionaleko manifestazioan parte hartzera deitu dute, “modu baketsu eta errespetuzkoan”. Abenduaren 21ean Kataluniako instituzioak berreskuratzera dei egin diete herritarrei.

Gutuna osorik hemen ikusgai.

Trenbideak moztuta

Bartzelonako Sants geltokia blokeatuta daukate Madrileko norabidean mila lagun inguruk, antolatzaileen arabera. Hemen La Directaren bideoa.

Hau Gironako AHTren geltokia da, azken trenak atera behar zuen ordura arte geratzeko asmoa dutela adierazi dute, 22:00.

Greba arrakastatsua izan dela dio CSC Intersindical-ek

Gaurko greba deitu duen CSC Intersindical-ek arrakastatsutzat jo du Katalunia osoan eragina izan duen mobilizazioa. Eskerrak eman dizkie geldialdiarekin bat egin duten erakunde soberanistei eta kritikatu du sindikatu nagusien "desmobilizazio kanpaina". Hezkuntza arloan %80ko jarraipena izan du grebak CSCren arabera; %40koa Kataluniako administrazioan; eta nabarmendu dute Mercabarna handizkako saltokian %80 jaitsi dela gaur produktu freskoen salmenta.

Espainiaren interbentzioaren ondorioz, Generalitatean gaztelaniaz lan egitera behartuta

155. artikuluaren aplikazioa dagoeneko eragina izaten ari da Kataluniako administrazio-hizkuntzan. Nació Digital-ek argitaratu duenez, Juan Fernández Trigo diplomatiko espainiarrak hartu du Atzerri kontseilaritza eta lehenbiziko aginduen artean eskatu du barne-komunikazioa gaztelaniaz egin dadila.

Eguerditik aurrera Kataluniako mugetako errepideak mozteko deialdia egin dute

Erreferendumaren Defentsarako Batzordeek (CDR katalanezko sigletan) eguerditik aurrera Kataluniako mugetako errepideak mozteko deialdia egin dute.

"Llibertat! Llibertat!", edo Palauko zaleak "siestatik esnatu" zirenekoa

Bartzelona eta Olympiacos saskibaloi taldeen arteko Euroligako partidan, Palau Blaugrana pabiloiko zaleak isilik egon ziren aurreneko bost minutuetan, zutik. Dracs 1991, Sang Culé Cor Catalá eta PBB Meritxell zale-taldeetako kideek “Llibertat presos polítics” zioten pankartak zabaldu zituzten. Bost minutuak pasata, eztanda egin zuen Palauk. Milaka zaleak oihuka hasi ziren, eta hala pasa zituzten beste bost minutu, preso hartu dituzten ANC, Òmnium Cultural eta Generalitateko kideekin elkartasunez. Jarraitu irakurtzen.

Kataluniako errepide asko moztuta oraindik

11:34ean Kataluniako errepideak zer egoeratan dauden erakusten du beheko mapak. Asko oraindik moztuta daude, gaurko deituta zegoen greba deialdiari erantzunez herritarrek trafikoa zenbait puntutan etetea erabaki dutelako.

 

Espainiako Poliziak herritarren kontra kargatu du Bartzelonako Gran Vian

Poliziaren furgonetak pasatzeko bidea mozten ari ziren herritarren kontra kargatu du Espainiako Poliziak Bartzelonan.

Zerrenda bateratuaren aukera baztertu du ERCk eta fronte bateratuaren alde egingo du

Astearte gauean amaitzen zen abenduaren 21eko hauteskundeetarako koalizioak aurkezteko epea. ERCko bozeramaile Sergi Sabriak bart gauean adierazi zuenez, "ezinezkoa da zerrenda guztiz bateratu bat lortzea". ERCk esana zuen Junts Pel Siren formula ez zuela errepikatuko. Koalizioan aurkeztekotan, CUP eta Podemetik alde egin duten sektoreak ere bertan egon beharko luketela.

Azkenean ez dira akordio batera iritsi, eta orain fronte bateratuaren aukera ari da indartzen. Alderdi guztiek euren programetan zenbait puntu berdin eramatean datza. Amnistia, errepublikaren defentsa eta 155. artikuluaren gaitzespena besteak beste.

CUPek larunbatean erabakiko du hauteskundeetara aurkeztuko den ala ez. Eta aurkeztuko bada nola aurkeztuko den. Lau aukera jarri dituzte mahai gainean asteburuko asanbladarako. Alderdirik gabe osatuko den zerrenda baten alde egitea, ezkerreko frontearen alde egitea, bakarrik aurkeztea edo ez aurkeztea.

Azaroaren 17rako aurkeztu beharko dituzte zerrendak alderdiek.

Auzitegi Gorena prest legoke Kataluniako auziko kausak bere gain hartu eta kontseilariak askatzeko "El Pais" egunkariaren arabera

Espainiako Auzitegi Gorenari ez zaio gusatu Carmen Lamela epaileak Kataluniako gobernuko kontseilariak espetxeratzeko hartutako erabakia, El Pais egunkariak jaso duenez. Auztiegi Gorena prest legoke abenduaren 21aren aurretik auzia bere gain hartu eta egun espetxean dauden kontseilariak askatzeko.

Bihar Kataluniako parlamentuko mahaiko kideak Auzitegi Gorenera joango dira deklaratzera, joan astean astebete atzeratu baitzuten deklarazioa. Bihar ikusiko da Autzitegi Gorenak zer erabaki hartzen duen mahaiko kideen inguruan. Abenduaren 21eko hauteskundeei begira erabakiorra izan daiteke auzitegiak hartzen duen neurria.

Goizetik trafiko-etenak Katalunia osoan grebarengatik

Kataluniako errepide sareko hainbat puntutan trafikoa eten da asteazken goizetik, greba deialdiari erantzunez. Urriaren 1eko erreferendumaren defentsarako batzordeak (CDR katalanezko sigletan) ari dira izaten grebaren lehenbiziko orduetako protagonistak. Kataluniako geldialdiaren lehenbiziko orduetan, preso politikoen askatasuna eta demokraziaren aldeko mezuak nagusi. Bartzelonako ingurura sartzeko bide gehienak moztuta daude, besteak beste.

Zenbait iturriren arabera, goizeko 9etan Kataluniako 47 puntutan dago trafikoa etenda, baita trenbide-sare osoan ere.

Europako Batzordearen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute Bruselara joandako 200 alkate katalanek

"Preso polikoentzat askatasuna" eskatzen zuen pankartari eutsiz bildu dira, Europako Batzordearen aurrean, goizean Kataluniatik Bruselara joandako 200 inguru alkateak. Aldamenean izan dituzte Ramon Tremosa, Jordi Solé eta Josep Maria Terricabras eurolegebiltzarkideak, lehena PDeCATekoa eta beste biak ERCkoak.

Ondoren, ekitaldia egin dute Bruselako Bozar museoan, Europar Batasuna Kataluniako aferan inplika dadin eskatzeko. Carles Puigdemont eta erbesteratutako beste katalan kontseilariak ere izan dira bertan. Ondoko txioan ikus daitezke alkateak Puigdemonten alde oihu egiten, artean presidentea hara joango zela ez zekitela.

 

Madrildik bidalitako funtzionarioak Generalitatean, 155. artikulua aplikatu denetik lehen aldiz

Espainiako Estatuak 155. artikulua aplikatu duenetik, lehen aldiz Madrildik bidalitako funtzionario talde bat sartu da Kataluniako Atzerri, Harreman Instituzional eta Gardentasun departamentuan.

Funtzionarioetako bat Uruguain Espainiako enbaxadore izandakoa da.

Zatiketa Podem Catalunyan? Zortzi kidek Fachinekin bat eginez alderdia utzi dute

Podem Catalunyako zortzi kidek diote alderdia utzi dutela Pablo Iglesiasek Kataluniako zuzendaritza organoarekiko izandako tratuagatik.  Podem Catalunyako idazkari orokor ohi Albano Dante Fachin ez da alderditik bakarrik joan. Àngels Martínez Castells da horietako bat.

Abiatu dira hegazkinez Bruselara doazen 200dik gora alkateak

Belgikako hiriburuan biltzar bat egingo dute Kataluniak erreferendumaren eta Espainiak autonomia etetearen ondoren bizi duen egoera nazioartean zabaltzeko. Auzapez gehiago ere prest zeuden joateko, baina hegazkinak ez zituen 200 pasatxo horiek baino hartzen.

 

Puigdemont: "Espainia politikariak torturatzeagatik zigortutako estatua da"

Carles Puigdemont eta berarekin batera Belgikan dauden lau kontseilariek elkarrizketa eman dute astearte goizean Catalunya Ràdion. Hemen elkarrizketak emandakoa hamar esalditan, Nació Digitalek nabarmenduta.

1. "Estatuak soilik independentzia geratu ahal izango du, demokrazia geratzen badu".

2. "Estatua errepresio oso gogorra prestatzen ari zen, urriaren 1ean erakutsi zizkigun egiaztagiriak. Bozeramaileen hitzetan irrika totalitarioa ikus zitekeen, mendekua nahi zuten, ez justizia".

3. "Europak izango al du duintasunik Estatuari galdetzeko ea errespetatuko dituen hauteskundeen emaitzak?".

4. "Preso dauzkaten Gobernuko kideekin eta Jordi-ekin, jazarpen politikoaren biktima garela aldarrikatzen dugu".

5. "Europak ezin ditu preso politikoak eduki, Espainiako gobernuak dekretuz disolbatutako parlamentu bat eta ezin du Kataluniako gobernu erdia kartzelan eta beste erdia erbestean eduki".

6. "Denok badakigu Espainiako espetxeetan amai dezakegula. Estraditatzen bagaituzte, espetxean amaituko dugu".

7. "Kataluniarrak Espainiako Estatuaren barnean edukitzeko modu bakarra obligazioz izango da, ez konbentzimenduz".

8. "Hau guztia nazioarteko epaitegietan amaituko da. Espainiak lotsa pasako du berriz ere nazioarteko epaitegietan. Estatua 92ko torturengatik zigortu zuten. Espainia politikariak torturatzeagatik zigortutako estatua da".

9. "Ezinezkoa da elkarrizketa suminduta dagoenarekin. Bere haserrea urriaren 1etik dator, oso gaizki atera zitzaien eguna (...) Espainiako ultranazionalismoak ezin izan dio eutsi".

10. "Ez gaude kargutik kenduta legeak dioenagatik: zentsura mozio edo konfiantza arazo batengatik. Estatu kolpe batek kendu gintuen kargutik (...) Millo jaunak gutxiengo bat ordezkatzen du Katalunian. Baina zer uste du dela? Zein autoritaterekin ausartzen da Kataluniako erakundeez mintzatzera?"


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude