"Funtzionarioek gozokiak ematea edota katxeatzea bizi izan dugu"

  • Txikitatik ezagutu dute Uztai Largatxa Ramila eta Ainhoa Ayesta Fernandez (Laudio, 1993) dispertsioa zer den. Ainhoaren osaba kartzelan egon da Ainhoak 20 urte bete arte. Uztai, aldiz, Pili Arzuagaren biloba da (dispertsioak eraildako lehen pertsona, Fontso Isasirekin batera) eta aita kartzelan ezagutu du jaio zenetik sei urte bete arte.

Txikitatik ezagutu dute dispertsio politika Ainhoa Ayesta Fernandez eta Uztai Largatza Ramilak. Argazkia: aiaraldea.eus
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko urtarrilaren 13an - 12:45

Senideak bisitatzeko kilometro andana egitea egokitu zaizue biei haurtzaroan. Nola oroitzen dituzue garai horiek?

Ayesta: Nik haurtzaroan bizitakoa ez dut ondo gogoratzen. Gogoratzen duzu bidai batzuk egiten zenituela, baina ez nuen bidai horien zergatia ulertzen. Nire kasuan, banekien osaba kartzelan zegoela, baina ez nekien ezer Euskal Herriko egoerari buruz. Joaten nintzen, bisita egiten nuen, baina ez nuen ezer ulertzen.

Largatxa: Nik bai, gauza asko oroitzen ditut. Baina egia da Ainhoak dioena: hasieran ez duzu ezer ulertzen. Nik banekien aita “madrilgo gizonek” Santoñan zutela, hori zen nire etxeko “bertsioa ofiziala”. Oroitzen dut nik egoera gazi-gozotzat nuela hura. Bizi izan ditut mareoak, nekeak, gehiago buelta nahi ez izana... baina, beste aldetik, badu alde gozo bat, umea zaren aldetik zure nahia disfrutatzea delako: aitarekin, familiarekin, lagunekin... nire lagunak ere etorri izan dira nirekin aita bisitatzera, sekulako espedizioa zen hura.

Bost urterekin zaila da lagunei eta klaseko kideei aita edo osaba bisitatzera joan behar duzula azaltzea?

Ayesta: Oso ezberdinak dira nire eta Uztairen kasuak. Ez da gauza bera kartzelan duzuna aita edo osaba izatea. Ni urtean sei aldiz joan ohi nintzen osaba bisitatzera. Niretzat, zentzu horretan, ez zen zaila izan klasekideei azaltzea. Lagunek ulertzen zuten nire osaba kartzelan zegoela.

Largatxa: Zuk ulertzen duzunaren berdina ulertzen dute klasekideek: aita ez dagoela etxean, eta horregatik zu bera bisitatzera joaten zarela.

Nagusitzen joan ahala gauza gehiago ulertuko zenituzten.

Largatxa: Bai, urteak betetzen zoazen heinean ulertzen zoaz kontuak nolakoak diren. Amak ez duela gidatzen, senide bat arduratzen dela horretaz, batzuetan bertan lo egitera geratzen zarela... baina umea zara, eta ibilaldi baten modukoa da zuretzat. Baina nagusitzen joan ahala ulertzen duzu diru eta denbora gastu bat suposatzen duela horrek guzti horrek, bai zuretzat eta baita eraman zaituen pertsonarentzat.

Ayesta: Urteak betetzen zoazen heinean bazoaz egoera ulertzen. Kapaz zara ulertzeko zergatik duzun osaba kartzelan... niri adibidez egokitu izan zait, behin nagusia izanda, haurtzaroko ez-jakintasun hori nire neba txikian ikustea. Berak ezer ulertzen ez duela ikusten duzu, eta zaila dela egoera zein den azaltzea, zaila dela esplikatzea zergatik egin behar dituzun bidai horiek guztiak, zergatik altxatu behar zaren igande batean goizeko bostetan... dispertsioaren ondorio guztiak azaltzea, funtsean. Baina bazoaz apurka apurka ulertzen, milaka familiek bizi duten egoera baita.

Largatxa: Ezberdina da Ainhoa eta bion egoera. Nik txikitan oroitzen dut funtzionarioek gozokiak ematen zizkidatela, Ainhoak katxeoak bizi izan ditu.

Gauza askorik egin behar izan diozue uko senideak bisitatzera joateagatik?

Largatxa: Nik gerora jakin izan dut nire egoera nahiko erraza izan dela. Nire aita ez zegoen bereziki urrun ere ez. Ez zegoen hemen, baina ez zegoen ezta berak zapaldu duen presondegirik urrunenenean.

Ayesta: Neguan guk galdu izan ditugu bisitak, garaiz iristerik izan ez dugulako. Garai batean hamar laguneko zerrenda bat zegoen sei hilabeteko. Hori dela eta, osabak urtean hogei lagun baino ezin zituen ikusi.

Katxeoak ere ezagutu ditugu. Oroitzen dut vis a vis bat egiteari uko egin geniola ezartzen zituzten katxeoengatik, baina gero hurrengoetan asimilatu behar izan genuen.

Beste mila arazo ere ezagutu izan ditugu. Bisita egiten genuen, baina tratua ez zen egokia, joateko berrehun eta piko kilometro egitea eta itzultzeko beste horrenbeste... bizitza jartzen duzu arriskuan. Sufrimendu psikologiko zein fisikoa dakar dispertsioak. Azken urteetan, gainera, nire amonak ezin izan zuen semea bisitatu, ezin zuelako bidaia egin.

Senideek askotan aipatu dute “estatuaren mendeku politikaren” baitan kokatu behar dela dispertsioa. Zer paper jokatzen dute haurrek “mendeku politika” horretan?

Largatxa: Ez dut uste haurrengan markaketa bereziturik egiten denik. Euskal jendartearen zati konprometitua hartzen du estatuak bere politikaren xedetzat, orokorrean, bertan dagoena dagoela. Nire amamak ere ezin izan zuen azken urteetan aita bisitatu, eta hori “hurbil” zegoela. Hori sekulako tortura da, umearentzat aita edo ama etxean ez izatea tortura bat den bezalaxe. Ez dago helburu bereziturik, kolektiboa hartzen da orokorrean.

Ayesta: Mendeku kolektiboa da, preso baten senide eta lagun guztiei berdin eragiten diena. Baina umeen kasuan lehen aipatu duguna gertatzen da: haurrek ezberdin bizitzen dute estatuaren mendeku hori, egoera ez dutelako ondo barneratuta. Ume batek ez du ulertzen zergatik ez duen aita ondoan, heldu batek, aldiz, badakizki horren zergatiak.

Largatxa: “Dardoa” bera da guztientzat, baina ez du min bera emango heldu bati edo ume bati jota.

Elkarrizketa hau Aiaraldea Gaur-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude