Kanbon laborariek salatu dute espekulazioak nekazaritzako lurren prezioak biderkatzen dituela

  • Martxoaren 10ean ELB sindikatuko eta nekazari gazteei lurra eskuratzen lagutzen dien Lurzaindia herri erakundeko ordezkariak Kanbon agertu ziren, herritarrak ohartarazteko Frantziako Estatuaren egiturek laborantzako lurren prezioen espekulazioa sustatzen dutela. Kanbon bertan, salatu zuten, saldu berri da laborantzarako lur bat berez dagokion prezioaren hiru halako pagatuta. Hona elkarretaratzean ELB eta Lurzaindiak deklaratutakoa.


2017ko martxoaren 13an - 11:44
ELB eta Lurzaindiako ordezkariek Kanbon salatu dute bertako bi hektarea lur 16.000 euroren ordez 88.500 eurotan saldu nahi izan direla. (Argazkia: Lurzaindia)

Ezin onartuzko prezioan egiten den laborantxako lur saltze bat salatzen dugu berriz ere ELB eta Lurzaindiak. Gure lan tresnaren zaintzeko borroka beti eta gogorragoa da eta France Domaines*-ek egiten dituen estimazioengatik bide hau oraindik zailagoa dugu. Berriz ere laborantxaren balioaz arrunt deskonektatua den prezioa dugu hemen eta espekulazioaren hazten da.

Kanboko eremu huntan, 2 hektara laborantxako lur saltzera eman dira 88.500 eurotan, hau da 43.500 €/ha!! ELB eta Lurzaindiak Safer**ari segidan galdegin diote preanpzioz [eroslehentasuna, gaztelaniazko derecho de tanteo] joaitea, ontasunaren estimazioa berri bat eginez. Saferak preanpzioz joaitea onartu du eta estimazio berria 16 000 €/ha izan da : hiru aldiz seurik lur hunen balioa !

2013an ekintza bat eraman ginuen jadanik lur hauen saltzea oztopatzeko (orduan 410.000€ saltzen ziren, etxea barne). Jabeak saltzetik kendu zituen eta erosle gaiari alokatu zituen. Saltzea bururaino eramaitera entseatzen da berriz.

Preanpzioa, prezioaren berrikusteko paradarekin, tresna eraginkorra izan daiteke laborantxako lurretan egiten den espekulazioari buru egiteko. Bainan prezioaren estimazio berriak laborantxako errealitatearekin deus ikusteko ez badu, lurraren zaintzearen kontrako tresna lanjerosa bihurtzen da.

Ez da lehen aldia France Domaines hola jokatzen dela:

  • Bidarrain, 4,5 ha laborantxako lur 45.000€/ha salgai ziren, Saferak 10.000€/ha estimatu ditu eta Domainesk 13.000€/ha zuzendu ;
  • Larresoron, erreka bazterreko 2 ha lur, sasituak eta zuhaitz ttipiz betea, lur berritzekoa, 20.000€/ha estimatu ditu Domaines egiturak ;
  • Donamartirin, etxalde bat (etxea eta 14 ha lur), 198.000 eurotan salgai, 135.000 eurotan estimatu du Saferak, Domainesk berriz ere prezioa goratzen ziolarik 167.000 eurotarat.

France Domaines-ko buruzagieri bilkura bat galdegin diegu, lurren estimatzeko erabiltzen duten metodoa jakiteko eta laborantxako balioarekin den desberdintasunaz mintzatzeko. Bilkura hori errefusatu daukute. Safer-ako Komite Teknikoko kide da France Domaines bainan badu urteak ez duela bilkuretan parte hartzen.

Egiturak hunek duen usaiako argudioa da inguruan egiten diren saltzeen bana bestekoan oinarritzen dela. Jakin nahi ginuke zer saltze mota kondutan hartzen duen holako prezio goretarat heltzeko. Gainera, saltzeak beti eta karioago direnez, bana bestekoaren sistimak prezioak beti goiti tiratzen ditu eta Domaines-en estimazioak ere bide berdinetik. Hauek segitzen baititu sistematikoki Saferak, ez da gehiago prezioen gorakadaren zaintzeko tresna, gorakda legitimatzen du aldiz.

Laborariendako, lurra lan tresna da, ez da diru baztertzeko edo xahutzeko bidea : laborantxak sortzen duen balioaren heineko prezioa ukan behar du lurrak. Konparatzeko, Euskal Herrian laborantxako lurra 110€/ha alokatzen da. Prezio hau legez finkatua da (prefetak hartu neurri baten bidez) eta gehiago galdegina delarik, etxetiarrak auzitegira joan daitezke, irabazteko segurtamenarekin. Horrela, bere lan bizi guzian, (+/-35 urtez) hektara bat alokatzen duen laborariak bataz beste 3.850€ pagatuko du. Oinarri horrekin, Kanboko lur haueri doakionez, lau belaunaldi behar litaizke laborantxatik ordaintzeko sal prezioa. Lehen aipatu dugun Larresoroko lur txarretan, kasik 200 urte behar litaizke !

Egoera hau ezin jasana eta ezin onartuzkoa da. Laborantxako lurraren zaintzeko borroka aski gogorra da izaite publikoko egiturek traba gehiago ezarri gabe. Aspaldiko urtez, Euskal Herriko laborantxak indar haundiak egiten ditu kalitatezko bideak jorratzeko, etxaldeak nonbrean atxikitzeko, ingurumenaren zaintzeko. Hau guzia, politika orokorrak kontra izanki gehienetan. Lurra gure laborari ofizioaren oinarria da. Lurraren zaintzeak gure herriarendako beharrezkoa den sektore ekonomiko bat baldintzatzen du, herritarren elikatzeko beharrezkoa den hurbileko eskaintza baldintatzen du ere.

Hitzaldietan bestalde, problematika huntaz jabetu behar dira hautetsiak. Administrazioari presioa egin behar diote ekintza guziek espekulazioaren kontra joan diten zinez. Mahain inguru zabala galdegiten dugu, Euskal Elkargoaren ardura pean, lurraz okupatzen diren eragile guziekin : laborantxako egiturak, Safer, Domaines, elkargo publikoak... Helburua da deneri erranaztea laborantxako lurraren zaintzea beharrezkoa dela, elheak zinez gauzatuz, besteak beste lur saltzeak laborantxako balioan egin diten segurtatuz.

 

* France Domaines, joan den irailetik Direction de l'Immobilier de l'État, jendeak «Les Domaines» deitzen dutena: Ogasun publikoaren zuzendaritza bat da administrazioen jabegoak kudeatzen dituena eta Safer elkarteari egiten dizkio ondasunen estimazio edo tasazioak.

** Safer, Société d'Aménagement Foncier et d'Etablissement Rural, Estatuak kontrolatutako elkarte anonimo bat da helburutzat daukana nekazaritzako lurren egiturak hobetzea, laborari berrien abiatzea sustatzea eta espekulazioa borrokatzea. Nezakaritzako lurren edozein salerosketan Safer elkarteak dauka eroslehentasuna beste edozein erosleren aurretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren espekulazioa
2023-11-21 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurrak erresistentzia gosaria deitu du ostegunerako

Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Aske utzi dituzte astearte goizean Lapurdin atxilotu dituzten herritarrak

Martxoaren 12an izango dute epaiketa Ostia! kolektiboko militante Jeanine Beyrie, Filipe Laskarai, Jakes Bortayrou eta Dominika Daguerre-k, kalteak eragitea leporatuta. Manifestazioa egin dute goizean Baionan atxilotuen askatasuna eskatzeko, eta hitzordua jarri dute... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Lau pertsona atxilo hartu dituzte Baionan, Kanbon eta Itsasun, etxebizitza espekulazioaren aurka egindako ekintzengatik

Asteartean, goizeko lehen orduetan, gutxienez lau pertsona atxilo hartu ditu Frantziako Poliziak. Operazioak Baionan, Itsasun eta Angelun egin dira, eta Baionako polizia-etxean daude atxilotuak. Euskal Irratiek jakitera eman dutenez, 2022ko abenduan Angelun eginiko ekintza baten... [+]


Eguneraketa berriak daude