Joseba Arregi berriz espetxeratu dute, hirugarren gradua eten ostean

  • 77 urteko oñatiarrari bigarren aldiz eten diote hirugarren gradua. 2019an bete zituen kondenaren hiru laurdenak.


2023ko apirilaren 19an - 12:42
Azken eguneraketa: 15:09
31 urte daramatza preso Arregik, eta 2019an bete zituen kondenaren hiru laurdenak. (Argazkia: reuters)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joseba Arregi euskal preso politiko oñatiarra Martuteneko kartzelan espetxeratu dute berriz, hirugarren gradua eten ostean. Bigarren aldia da hirugarren gradua eteten diotena. 2022ko otsailean eman zioten lehenengoz, eta zortzi hilabete egin zituen egoera horretan. Oraingoan, egun gutxi batzuk baino ez ditu iraun. Izan ere, fiskaltzak gradu aldaketaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du, eta doktrina berriaren arabera, errekurtsoa jartze hutsarekin espetxean sartzen dute presoa, ebazpena atera bitartean. 

31 urte daramatza Arregik preso, 1992an Bidarten atxilotu zutenetik. Kondenaren hiru laurdenak 2019an bete zituen, eta Etxeratek azaldu duenez, Frantzian igarotako hamar urteak kontuan hartuta, duela urte batzuk aske behar zukeen. Elkarteak gaineratu du adinak eragindako "multipatologiak" dituela. Arregiren etxeratzea eskatzeko, mobilizazioa egingo dute Oñatin ostiralean, 19:00etan.

19 urteko zigorra beteta, Gorka Vidal libre

Zaratamoko Gorka Vidal Alvaro preso politikoa gaur Zaballako espetxetik atera da, Etxeratek jakinarazi duenez. 2004an atxilotu zuen Guardia Zibilak. ETAko kide izateagatik zigortu zuten, eta 19 urte espetxean egin ostean, baldintzako askatasunarekin atera da kalera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Eguneraketa berriak daude