Emakumeak borrokan

JARRAIPENA | Milaka lagunek ospatu dute Korrikaren amaiera Gasteizen

  • Korrikaren 21. edizioa abiatu da jadanik Garestik, eta Gasteizen amaituko da hilaren 14an, 2.560 kilometroko ibilbidea osatu ostean. Hamar egunotan jarraipena egingo diogu webgunean.

ARGIA @argia
2019ko apirilaren 08a
Argazkia: Hala Bedi
Milaka lagunek ospatu dute Korrikaren amaiera Gasteizen

11 egun, 2.500 kilometro baino gehiago eta Euskal Herriko ia bazter guztiak zeharkatu ostean, 21. Korrika Gasteiza iritsi da. Garesen hasi zen euskararen aldeko lasterketak Gasteizko kaleak bete ditu kolore anitzetako irudiak utziz. Andra Maria Zuriaren plazan, Maialen Lujanbio bertsolariak irakurri du sekretupean zaindutako mezua.

Euripean, jendetzak agurtu du Korrikaren lekukoa Bilbon

Jendetza handia bildu da Bilbon eguerdi eta arratsalde partean Korrikaren lekukoa auzo batetik bestera eramateko. Euria eginagatik ere, irribarretsu eta emozioz beterik egin diote ongi etorria. AEK-k bidalitako irudian, txupinerek Arriaga Antzokiaren parean lekukoa hartu duten momentua:

Bilbotik irten eta Mugia eta Gernika alderantz egingo du euskararen aldeko korrikaldiak. Ostiralean Gipuzkoan sartuko da.

Prentsaren kilometroa #kazetaritzaezdadelitua
Bilbora, Zorrotzatik, 12:00ak baino lehenxeago

11:45etan sartuko da Korrika Bilbon, Zorrotzatik, igaro ostean Gordexola, Sodupe, La Quadra, Zaramillo eta Alonsotegi, beste herri batzuen artean.

Mexiko Hirira ere iritsi da Korrika

Mexikoko hiriburuan ere egin dute Korrika. Lasterketarekin batera, kantaldia, bazkaria eta haurrentzako ekintzak egin dituzte, besteak beste. Ehun lagunetik gora elkartu dira eta hizkuntza gutxituak aldarrikatzeko balio izan die ospakizunak. Ikusi Lengua Y Cultura Vasca En Méxicoren bideoa:

 
"Guztiok dugu lekua Korrikan"

Euskararen aldeko bidean aniztasun funtzionalak lekua duela garbi utzi du Korrikak. Gurpildun aulkian ikusi ditugu, esaterako, Larrabetzuko Mikele edota Basauriko Irrintzi taldeko kideak. Laudioko Haliffa mutiko itsuak ere gogotsu eraman du lekukoa.

 

Emakumeak, lasterketaren lehen lerrora

Galdakaoko Erabide Emakume Elkarteak lehen aldiz eraman du Korrikako lekukoa. Emakumeak lasterketaren lehen lerrora ekarri nahi izan dituzte.

 

Txinako Harresi Handitik ere pasa da Korrika

Ezpeletar talde batek Txinako Harresi Handian egin du Korrika

 

 

Korrikak bolant dantzen erritmoan zeharkatu du Luzaide

 

Banderazok ausardiaz egin dio aurre Korrikako lekukoaren ikurrinatxoari

 

Apirilak 7, Baiona: Etorkizuna etorkinekin

 

 

Eguesibarko Ibirikun hiru belaunaldiak elkartu dira
Ezpeletatik 10:00ak aldean pasa da, gazte bipilak aldapan gora
Nepaldarra, jordaniarra eta argentinarra Korrika
Apirilak 8: Baztanetik barrena Sakanaraino

11:00ak aldean Baztanen sartuko da Korrika. Lehen agerraldia Amaiurren egingo du eta eguerdirako Elizondon izango da. Ondoren hegoalderako bidea hartuko du eta Leitzara helduko da. Arratsalde girotsua dute prestatuta leitzarrek Korrikaren aitzakian. Larraunera joango da ondoren eta Lekunberrin agerraldi jendetsua egingo du. Ultzama, Basaburua, Odieta, Atetz eta Imotz izango ditu hurrengo jomugak. Imotz, hiru orduko tartean, bi aldiz gurutzatuko du Korrikak.

Gauerdian Sakanan sartuko da Korrika. Irurtzunetik sartuko da eta Ziorditik egingo du alde. Altsasun Altsasuko Gurasoek protagonismo berezia izango dute.

Apirilak 6: Done Jakue bidea egiten ari zen Yuto japoniarra ere korrika
Apirilak 6: Luzaideko bolanten dantzak euripean
Apirilak 6: Madrilen ere euskararen alde, aurresku eta guzti
Apirilak 6: Iruñeko Udaleko alkate Joseba Asiron lekukoa eskuan duela
"Poliziak uste zuen Parisko Jaka Horiek Korrikako furgoneta irauliko zutela"

Txaleko horietatik moreak eramatera igaro zen Paris iragan astean. Lorea Ibañez egon zen, besteak beste, Pariseko Korrikan. Zer gertatu zen jakin nahi? Aiaraldeako Izar Mendiguren kazetariak egindako artikuluak argituko dizu .

"Tuteran ere euskararen alde"

Goizeko 9ak aldera sartu da Tuteran Korrika. AEK-k zabaldutako bideo honetan ikus daiteke tuterarrek emandako harrera.

 

Korrikaren arrastoa Nafarroan

Egun osoa emanen du gaurkoan ere (apirilak 5) Nafarroan, Iruñea hiriburua biharko utzita. Hegoaldetik abiatuta, iparralderaino joko dute korrikalariek, Erriberatik Zaraitzuraino, Tafallaldea eta Zangozaldetik igarota.

Goizeko sei eta erdiak aldera iritsi da Tuterara. Erriberaren luze-zabala zeharkatzen jarraituko du euskararen aldeko ekimenak. Arguedasen, Errigoraren bueltan aritzen diren ekoizleek izango ditu zain, besteak beste. Bazkalordurako, Faltzesetik pasako da eta ondoren Tafallarako bidea hartuko du.

Bideoa | Garesetik abiatu da Korrika euskarari ezarritako muga guztiak gainditzeko aldarrikapenarekin

Arratsaldeko 17etan hasi da euskararen aldeko lasterketa. Garesetik abiatu eta Nafarroan emanen ditu bere lehenengo pausoak: Lizarraldea, Erribera, Tafallaldea... Larunbatean Ekialdean eta Iruñean izanen da. Euskarari ezarritako muga administratiboak gainditzeko aldarrikapena zabaldu dute hasierako ekitaldian.

Euskararen aldarria daraman lekukoa irten da Garestik, azkenik, eta Gasteizen izango da 11 egun barru. Jai giroan erabat murgildurik egin dute irteteko tiroa, KORRIKAren aldeko uholdeak hartutako 3.000 biztanle inguruko nafar herrian.

Hasiera-ekitaldia Anabel Arraizak gidatu du, Demode Quartet taldeak lagunduta. Xabier Gartzia AEKren Nafarroako artezkaritzako kideak eman du hasiera diskurtsoa eta, ondoren, azken eguneko mezu sekretua sartu du lekukoan Asier Amondo KORRIKA arduradunak. Gartziak azpimarratu izan du 1980. urtean bezala "gaur ere euskarak eta Euskal Herriak Korrika zein AEK behar " dituztela. "Oraindik ere urratsak egin behar dira, egin nahi ditugu, Euskal Herrian, gau eta egun, euskaraz bizitzeko, normal eta natural; euskara menpeko perpausa ez izateko", esan du Gartziak.

Gares Korrikaren hasiera izatea "oso adierazgarria" dela nabarmendu du AEK-ko arduradunak. "Hemen gaude, hizkuntza-eskubideak era mistoan ulertzen dituen lurraldean, eta hemendik mintzo gara, oraindik ere giza eskubideak eremutan banatuta dituen herrialdetik. Beraz, bada garaia, administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez, hizkuntza-politika berriak abiatzeko, hemen eta Euskal Herri osoan; bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez, hizkuntza-politika berria abian jartzeko, non hizkuntza-eskubideen bermea izango den ardatza".

Korrika martxan jarri da eta Izarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako 16 lagunek jaso dute lekukoa Asier Amondoren eskutik, 21. Korrikaren lehen kilometroa egiteko. Ondoren etorri dira Garesko Udala, Garesko elkartea-APYMA Zabaltzagain, eremu mistora pasa diren herrietako alkateak, Garesko Ezker Abertzalea, Garesko Gazte Asanblada, Artazu herria, Izarbeibarko mankomunitatea, Garesko eskolako irakasleak eta EMUN. Horrela osatu dira 21. KORRIKAren lehen hamar kilometroak.

Hortik aurrera, Izarbeibar eta Mañeruibar zeharkatu ondoren, eremu mistoan zein eremu diskriminatuan gora eta behera ibili eta gero, Lizarraldean sartuko da Korrika iluntze aldera. Lizarran harrera beroa prestatu diote 19:30erako. Bertan eragile sozialek, alderdi politikoek eta Lizarrako Udalak berak hartuko dute lekukoa. Lizarraldea atzean utzi eta Allora afalordurako iritsiko da Korrika. Hor tartean Marmarikoak agertuko dira lehen aldiz edizio honetan. Ohitura dutenez, behin eta berriz topatuko ditugu Nafarroako geografian zehar “Nafarroako administrazioan euskaraz” taldekoak. Bien bitartean, jendea batzen hasiko da hainbat herritan Korrikaren zain. Horrela, zenbait lekutan hitzordu ezberdinak antolatu dira KORRIKA iritsi aurretik afaldu eta, indarberriturik, euskararen lekukoari heltzeko. Esaterako, Andosillan arratsaldean jarri dute lehenengo hitzordua, eta ordu txikiak arte luzatuko da jai giroa,Korrika pasatu arte, alegia. Lodosan ere pintxo-afari baten bueltan batuko dira herritarrak, eta Sesman D ereduko gurasoek harrera beroa prestatu diote Korrikari, lehen urtea baitu D ereduak herrian.

Korrikak gaua Erriberan emanen du, eta bertan jarraituko du ostiraleko lehen eguzki izpiekin batera, baldin eta eguraldiak errespetatzen badu. Bitan pasatuko da Tuteratik, sei eta erdietan eta zortzi eta erdietan.

Ikusi ibilbidearen lehen urratsak ZUZENEAN

Korrikaren lehen pausoak zuzenean ikusteko aukera daukazue hainbat hedabidek emankizun bereziak antolatu dituztelako, besteak beste ETB telebista publikoak:

Gareseko plaza lepo, Korrika hasi baina ordubete lehenago

Jendetza bildu da dagoeneko Garesen Korrikari hasiera emateko. Edurne Senosiain kazetariak zabaldutako bideo honetan ikus daiteke giroa:

  Plazaren beste ikuspegi bat eskaini du Hamaikak argazki honekin:

 

Bideoa | Boisen (AEB) korrika

Irati Maritxalar tolosarra Boiseko Ikastolako irakaslea da. Euskal Herrian gaur hasiko den Korrikari babesa azaldu diote AEBetatik, lekuko eta guzti, ikasleekin batera korrika eginaz (Iturria: Tolosaldeko Ataria)

Bideoa | Korrika 19 Parisen

Parisen jada egin dute Korrika dozenaka euskaltzalek

Erreportajea | AEK, Topagunea eta Kontseilua: Hiru begirada etorkizunari

Dozenaka mila herritar, Euskaraldiaren olatuan, hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa egitetik gatoz, eta beste milaka euskaldun eta euskaltzale kalera ateratzen dituen Korrika bete-betean gaude. Bien helburua euskaldunak aktibatzea, hizkuntzaren erabilera lehen lerrora ekartzea. Euskalgintzako hiru eragile handirengana jo dugu "aro berria" deitu izan zaion garaiotan urratsak nondik eman behar diren aztertzeko asmoz.

Irakurri erreportaje osoa, ARGIAren 2639. zenbakian.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Korrika

Korrika kanaletik interesatuko zaizu...
2019-05-14 | ARGIA
Korrikak eta AEK-k elkartasuna adierazi diete presoen argazkiak eramateagatik atxilotutako lagunei

“Alderdien arteko tirabiren jokoan” eragiteko nahia ikusten dute atxiloketen atzean Korrikak eta AEK-k. Sortuk eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduek ere kritikatu dute polizia operazioa.


Euskara Sistema Eragilean

Aplikazio bat izatetik Sistema Eragilean txertatzera igaro behar du euskarak, Maialen Lujanbioren esanetan. Ados! Euskararen premia gizartearen elementu periferikoetara mugatzen bada, jai dugu epe ertain-luzean.

Zein da, bada, gure sistemaren zutabea? Zalantzarik gabe, ekonomia. Horrek ezartzen ditu gure bizi baldintzak maila profesionalean eta horretara bideratutako hezkuntza sisteman. Baita, arlo pribatuan ere, kontsumitzaile bezala. Heziketa-Ondasun-Kontsumo hirukoaren arabera dugu... [+]


2019-04-26 | Iņigo Gandarias
KORRIKA edo oinez?

Egun batzuk pasa dira Euskal Herrian burutzen den ekitaldirik berezi, hunkigarri, zabal eta politena bukatu zenetik, KORRIKA, alegia. Hamaika egunez gure geografia osoa zeharkatu du, muga guztien gainetik, izan ere euskararen herriari ezin baitzaizkio mugak jarri.


Dylan Inglis: "Euskaldun kontzeptua ederra da"
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Dylan Inglis Devonen, Ingalaterran, jaio zen. Euskal Herrira egindako oporraldi batean egin zuen topo euskararekin eta ikasteari ekin zion; gaur egun, batuaz bezain ongi mintzo da zubereraz. KORRIKAn parte hartzeko egin digun bisita baliatu dugu elkarrizketa txiki hau egiteko.

Hemen duzue orain dela hilabete batzuk Mikel Asurmendi kazetariak egin zion idatzizko elkarrizketa: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2631/dylan-inglis


2019-04-16 | dantzan.eus
Oņatiko dantzarien Korrika

Aurrena luzaidarrak eta ondoren oñatiarrak, korrika dantzan. Larunbat goizean igaro da korrika Oñatitik eta Oñatz dantza taldeko dantzariek dantzan eraman dute lekukoa. Oñatzeko bi kidek lekukoa hartu duten momentuan, dantza taldeko gainerako kideek ere aurrealdean sartu dira kaskainetekin.


2019-04-15 | Amaia Fernández
Klika! 21. Korrika 2019
MULTIMEDIA - ekitaldia

Hamaika egun eta 2.500 kilometro baino gehiago egin eta gero, 21. Korrika Gasteiza iritsi zen atzo. Milaka lagun elkartu ziren euskararen alde.


2019-04-15 | ARGIA
Kilka! sistema eragilean

Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan milaka lagunen aurrean Maialen Lujanbio bertsolariak irakurri du Korrikan eskuz esku pasatako mezua.


2019-04-15 | Hala Bedi
Argazki bilduma
Aro berri bati 'Klika' Gasteizen

11 egun, 2.500 kilometro baino gehiago eta Euskal Herriko ia bazter guztiak zeharkatu ostean, 21. Korrika Gasteiza iritsi da. Garesen hasi zen euskararen aldeko lasterketak Gasteizko kaleak bete ditu kolore anitzetako irudiak utziz. Andra Maria Zuriaren plazan, Maialen Lujanbio bertsolariak irakurri du sekretupean zaindutako mezua.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude