JARRAIPENA | Abstentzioa garaile nagusia Herriko Etxeetako eta Euskal Elkargoko bozetan

Zuzeneko jarraipena
  • Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan 158 herrietako auzapezak eta herri kontseiluak aukeratzeko bozen lehen itzulia abian da.

     


2020ko martxoaren 16an - 15:58
Gakoak
Asteartean erabakiko dute bigarren itzulia mantendu ala ez

Frantziako Gobernuak herrietako hauteskundeen lehen itzulia atxikitzea erabaki bazuen ere, baliteke bigarrenik ez izatea martxoaren 22an. Orduz ordu hedatuz doan koronabirusaren epidemiaren kontra hartu beharreko neurrien artean lirateke bozketen ezeztatzea.

Asteartean jakinen da hauteskundeetarako bigarren itzulia mantentzen den ala ez. Hori horrela, legeari segi, bigarren itzuliaren ezeztatzeak lehen itzuliko emaitzen balio gabetzea ekarriko luke. Hauteskundeen Legediako L.56 artikuluari segi, "hauteskundeen bi itzuliak konektatuak izan behar" direlako. Hala ere, lehen itzuliko emaitzak kontutan hartzeko bide bakarra dute: Hori bideratzeko lege berri bat bozkatzea aste honetan Frantziako Parlamentuak.

Lehen itzulian bozkatzera joateko deia zabaldu baldin bazuen ere Frantziako Gobernuak, herritar andana batek ez du deiari erantzun. Abstentzio tasa historikoa izan da gaurkoa: 2014koari alderaturik, hogei puntuz apaldu da parte hartzea. %56 izan da lehen itzuliko parte hartzea, hots, sekulan izan ez den apalenetakoa. Testuinguru berezi batean egin dira bozketak: birusaren hedapena mugatzeko hainbat neurri zorrotz harturik ditu Frantziako Gobernuak, besteak beste, ikastetxeen zein toki publikoen (jatetxe, taberna, zinema gela,...) hestea. Hori dela eta, askok "arduragabekeriaz" jo dute lehen itzuliaren mantentze erabakia.

 

Jean-Paul Iturburua, gutxigatik lehena Itsasun

Elgarrekin Segi Aintzina alderdiko hautagai Jean-Paul Iturburuak lortu du boto gehien Itsasun: 453 denera, botoen %37,97a. Herriari zerrenda abertzaleko buru Michel Hiribarren boto gutxira geratu da: 410 boto denera, %34,36a. Eta hirugarrena Louis Ustarroz izan da, 330 botorekin (%27,66a).

Saran aldaketarik ez

Bozen %73 eskuratu du Battitt Labordek eta hala, beste sei urtez izango da Sarako auzapez. Bigarren lotu den Alfaro Ellandek bi puntu eta erdiz hobetu ditu 2014ko emaitzak.

Sarako auzapez Battitt Laborde. Argazkia: Mediabask
Isabelle Pargade da Hazparneko auzapez berria

Sorpresa eraginez, lehen itzulitik argitu da Hazparneko herriko etxearen osaketa berria. Isabelle Pargade zentristak hartu dio aulkia orain arteko Beñat Intxauspe auzapez zentristari. Botoen %54,6 lortu ditu Pargadek, Intxauspek %35,6 eta Etxetto abertzaleez osaturiko zerrendaren buruak berriz %9,9.

Duela sei urtekoari alderatuz, emaitza askoz ahulagoak egin dituzte abertzaleek: 2014ean %23,62 lortu zuten lehen itzulian. Horrek erran nahi du abertzale andana batek egin duela Pargaden alde. Intxausperen aldekoak biltzen ere jakin du Pargadek, duela sei urte botoen %76,38 bildu zituen.

Claude Olive, garaile garbia Angelun

Angletavançons Enconfiance alderdiko hautagai Claude Olive zen orain arte auzapeza Angelun eta berdin segituko du, botoen %67,2 eskuratuta (8.078 boto). Sandrine Dervilleren zerrenda izan da bigarren bozkatuena (%26), Alderdi Sozialistaren, Berdeen eta Frantziako Alderdi Komunistaren babesarekin. Frantzia Intsumisoa alde zuen Sandra Pereira geratu da hirugarren, botoen %6,2 lortuta.

 

Senperen oso alde txikiarekin irabazi du egungo auzapez Nousbaumek

Senpereko egungo auzapez Pierre-Marie Nousbaum (% 42) berriz garaile suertatu da, baina oso tarte txikiarekin, 20 bozen aldea (% 41,27). Dominique Idiart hautagaiarekiko.Senpere Bai zerrenda abertzaleak % 16,70ko babesa lortu du.

Uztaritzen Bruno Karrere abertzalea berriro garaile

Uztaritzeko auzapen Bruno Karrere berriro izan da garaile bozen %45,2 jasota. Hautagai abertzaleak orain dela 6 urteko ie emaitza berdina eskuratu du, baina bigarren hautagaiari,Jean-Claude Saint-Jeanekiko aldea 2014tik hona 7 puntutan handituz.

 

Jean Lois Founierrek 10 puntuko aldearekin irabazi ditu bozak Azkainen

Azkaineko egungo auzapez Jean-Louis Fournier izan da bozkatuena %29,1arekin. Benedicte Luberriaga atzetik utzi du 10 puntuko aldearekin. Halere, Fournierrek 18 puntu galdu ditu 2014ko emaitzekin alderatuta.

Azkainen

Maider Arostéguy, lehen itzuliko garailea Biarritzen

Por Biarritz, Por Vous alderdiko ordezkari Arostéguyk lortu du boto gehien Biarritzen (botoa eman duten 9.152etatik %31,4a (2.803 boto). Guillaume Barucq hautagaia izan da bigarren (botoen %16,22) eta Nathalie Motschen zerrenda hirugarren (%14,24). Brice Morin, Euskal Herrian Vert & Solidaire alderdiko hautagaiak botoen %12,34 eskuratu du eta atzetik izan ditu Michel Veunac (%12,22), Jean-Benoit St-Criq (10,59) eta Karim Guerdane (%2,61).

Argazkia: Marga Forestier

 

Kotte Ezenarro garaile Hendaian

 

EZENARRO Kotte (HENDAYE AVEC VOUS) 1.717
DESTRUHAUT Pascal (Ensemble réveillons Hendaye) 1.367
NAVARRON Laetitia (Hendaia Biltzen ) 768
TARIOL Laurent (HENDAYE EN COMMUN) 327

Kotte Ezenarro gaur egungo auzapeza Hendaian berriz garaile izan da. Bozemaleen erdia baino gehiago etxean geratu da Hendaia, % 54,99ko abstentzia izan baita.

 

Baiona: Lehen indarra atera da Jean-René Etxegarai auzapezaren zerrenda

Lehen indarra atera da Jean-Rene Etxegarai orain arteko Baionako auzapez zentristaren zerrenda, botoen %44,33 bilduz. Bigarren lekuan kokatzen da Henri Etxeto sozialistaren zerrenda (%29,77), hirugarrenean abertzaleez ere osaturiko Jean-Claude Iriarten zerrenda (%13,12) eta laugarren Mathieu Bergé (%11,21). Azken lekuan kokatzen da eskuin muturreko Pascal Lesselier %5,58 eginik.

Orain arteko auzapezaz gain, bigarren itzulirako sarrera lortu dute beraz Etxeto, Iriart eta Bergék. Martxoaren 22a bitartean eginen diren negoziaketen arabera ageriko da ea ezkerreko hiru zerrendak gelditzen jokoan ala adostasunak lorturik, batak bestearen garaipen aukerak errazten dituen bigarren itzulian ez aurkeztuz.

Donibane Garazin Laurent Inchauspe da auzapez berria

Baxenabarreko Donibane Garazi hiriburuan Xabi Larre abertzale eta Laurent Inchauspe kontserbadore hautagaien arteko buruz burukoak Inchausperen aldera egin du. Hemezortzi urteko agintaldiaren ondoren, bere eserlekua utzi du Alfontso Idiart auzapezak. Boz emaileeno kopurua 1070 da. 804k bozkatu dute.  Inchauspek 425 (% 55,19) lortu ditu Larre abertzaleak 345 (% 44,81). Laurent Inchauspe da auzapez berria

 

 

Jean-Michel Coscaratek auzapez segitzen du Baigorrin

Jean-Michel Coscarat auzapezak aise berritu du auzapez kargua Baigorriko herriko etxean. Zerrenda bakarra zen.1325 ziren bozemaileak. 678k eman dute boza. 538 baliagarriak izan dira. Gehiengo osoa aise gainditu du. Coscaratek duela sei urte eskuratu zuen herri batzarraren ardura Aintzina Baigorri zerrendaren izenean. Abertzale etiketa izan gabe, abertzaleek sostengatua izan da.

Ziburu: Emaitza oso ona eginik, lehen atera da Eneko Aldana abertzalea

Botoen %44,67 lorturik, lehen indarra atera da Ziburu Bizi 2020 Eneko Aldana abertzaleak eramandako zerrenda irekia. Emaitza onak espero zituzten abertzaleek, ikusirik duela sei urte emaitza onak lortu zituztela, kanpaina txukuna egin dutela aurten eta gainera Alderdi Sozialistak eta Europe Ecologie alderdien sostengua dutela. Are gehiago, eskuina zatiturik aurkezteak ere lehen itzulirako bidea errazten zion. Hori horrela, emaitza biziki onak lortu eta lehen indarra atera da Aldanaren zerrenda. "Ziburutarren aldaketa gosea argi gelditu" dela adierazi du Aldanak, poz handiz begiratuz bigarren itzuliari.

Askoz urrunago gelditu dira beste lau zerrendak. Orain artean auzapez izandakoaren Guy Poulou eskuindarraren segida hartzeko aurkezturiko Isabelle Dubarbier-Gorostidi kokatu da bigarren lekuan, %17,16rekin. Ondotik datoz Hirigoyemberryren zerrenda, hau ere eskuinean kokatua (%13,6), Haranburu (%12,3) eta ezkerreko Duguet (%12,26).

 

Koronabirusaren hedapena gero eta gehiago sentitzen da bozaldian

Herriko bozen segimendua egiten ari dira Ipar Euskal Herriko hainbat mintzaleku politikoetan, eta zabaltzen ari den berria hauxe da: baliteke gaurko bozaldiak balio ez izatea, izan ere, datorren igandean egin behar den bigarren itzulia ez egiteko posibilitatea handitzen ari baita. Arrazoia, gero eta hedatuago den koronabirusa. Anartean, edonola ere, emeki-emeki ari dira emaitzak ezagutzen.   

Donapaleu: Abertzaleak nagusitu zaizkio Barthelemy Aguerre ospetsuari

Asko ziren Donapaleura begira, lehia tinkoa espero zelako abertzaleez osatutako Charles Massondoren zerrenda zabalaren eta Barthelemy Aguerre eskuineko politikari ezagunaren artean. Azkenean, Massondok irabazi ditu bozketak eta bera izanen da Donapaleuko auzapez berria. Lurrikara handia beraz aspalditik eskuinak kudeatzen zuen Amikuze eskualdean.

2014ko estrategia ezberdina hartu izanak fruituak ekarri ditu Donapaleuko ezkerrari. Hain zuzen, 2014an bigarren itzulian mantendu zen Stephane Irolaren Donapaleu Berria zerrenda abertzalea eta auzapeza kanpo ezarri nahi zituztenen botoak Irola (%14,18) eta Charles Massondoren (%35,98) artean banatu ziren. Horrek ekarri zuen laugarren aldikoz Jean Jacques Loustaudaudine eskuindarrak garaipena lortu izana (%49,84). Aldi honetan lehen itzulitik elkarrekin aurkezturik bidea moztu diote eskuinari.

Eskualde zein departamenduko politikan aspalditik dagoena, anti-abertzalea eta anti-euskaltzalea, politikari ezaguna da Barthelemy Aguerre. Agroindustriaren sektoreko enpresari ezaguna ere da, besteak beste, Lur Berriko presidente orde eta Spangheroko presidente izandakoa. Azken honekin zapartatu zen Europa osoko eskandalua 2013an, idiki bezala saldutakoan zaldi haragia atzeman zutelako. Orain arte botere lekuetara iristea lortu badu ere Aguerrek, aldi honetan ez du lortu helburua.

Filipe Aramendi abertzalea nagusia Urruñan

Filipe Aramendi hautagai abertzaleak irabazi du Urruñan, 1668 boz eskuraturik. Zerrenda abertzale, ezkertiar eta ekologistaren garaipena izan da lehen itzulian. Gavilan –De Coral auzapez eskuindarraren ondorengoa– bigarren izan da, 1.236 boz lorturik. Etchebarne izan da hirugarrena, 1.189 bozekin. Horiek horrela, bigarren itzulia trenkatu beharko da herriko etxeko batzarra.  

Maulen: Alderdi Komunistak sostengatu Louis Labadot nagusi

Botoen %37,6 bildurik, lehen indarra atera da Alderdi Komunistak sostengaturiko Louis Labadot. Bigarren kokatu da Mixel Etxebeste orain arteko auzapeza, botoen %33,4 bildurik. Azkenik, Beñat Elkegarai abertzaleak gidatu Aitzina Maule zerrenda zabalak botoen %28,9 bildu ditu.

Hori horrela, bigarren itzulian erabakiko da aldi honetan ere Mauleko herriko etxearen osaketa berria. Bi itzulien arteko negoziaketen ondotik ageriko da nor den bigarren itzulian berriz aurkezten: hiruak ala horrela adosturik ezkerreko bi indarretatik bakarra Etxebest zentristari bidea mozteko aukera gehiago ukaiteko esperantzarekin.

Koronabirusaren eraginez bigarren itzulia egingo ez balitz, lehenak ez zuen balioko

Le monde egunkariaren arabera, koronabirusaren dela medio egoerak okerrera egingo balu, datorren igandeko bigarren itzulia ez zen egingo. Horiek horrela, igande honetako bozaldiak ez luke balio izanen. Bozen kodearen L-56 artikuluaren arabera, bigarrena ez bada egiten ezarritako epean, lehenak ez du balio.

Lehen sorpresa ona abertzaleentzat: Biriatun nagusitu dira

Solange Demarcq-Egiguren buru, abertzaleez osaturiko Biriatuko geroa zerrenda atera da garaile Biriatun (Lapurdi). Hori horrela, 1989az geroztik zeukan auzapezaren aulkia galdu du Mixel Hiriarte eskuindarrak.

Bi zerrenda bakarrik izanki, lehen itzulian argitu da hiri horretako udaletxearen osaketa berria. orain arte auzapez izandakoaren zerrenda baino 309 boz gehiago bildu ditu Biriatu geroa-k.

Oso pozik agertu da auzapez berria eta Euskal Irratiei egindako adierazpenei segi: "Azken hiru kargualdietan egindako lanaren emaitza da". Lanean aritzeko gogoa azpimarratu du, "lan asko dagoelako egiteko".

Arratsaldeko 5etan parte-hartzea duela sei urte baino 16 puntu apalagoa zen

Metropolian udal hauteskundeen partea-hartzea aurrekoetan baina apalagoa izan da  Arratsaldeko 5etan bozemaileen %38,77k emana zuen boza. 12014an 54,72koa izan zen eta 2008an 56,25ekoa. Batez beste, parte-hartzea hamasei puntu baino gutxiagoa izan da. Datuak Frantziako Barne ministerioak eman dira.

Koronabirusaren testuinguruan, abstentzio handia senditu da lehen itzulian

Sekulan baino parte hartze apalagoa izan da herriko bozketen lehen itzulian: %38,77koa zen partehartzea 17:00etan, Frantziako Estatuko zenbakiei segi.  Hori horrela, 2014ko datuei alderatuz askoz apalagoa izan da parte hartzea –%54,72koa izan zen orduan–. Ipar Euskal Herriarentzako datu zehatzik ez baldin bada ere, herri batzuetako abstentzioek baieztatzen digute tendentzia bera Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrientzat ere. Demagun, Maulen 2014koari konparatuz, hamar puntuz jeitsi da parte hartzea eta Baionan jendea eskas izan dute kontaketen egiteko.

Erran behar da koronabirusaren epidemia azkartuz doala Frantziako Estatuan –zenbaki ofizialei segi, kopurua bikoiztu egin da 72 orduz eta 4.500 dira orain kutsatuak– eta giro berezi horretan deituak zirela herritarrak bozka lekuetara. Abstentzio tasa handia ikusirik, argi da biztanleriaren zati batek etxean geratzeko hautua egin duela. Bezperan, hainbat neurri zorrotz hartu zituen Frantziako Gobernuak herritarrei ahal bezain bat etxean geratzea eskatuz. Haatik, hauteskundeak mantentzeko hautua egin zuen, hainbaten ez ulertzea eta kexua eraginez. Ikusiko da zer bilakaera hartuko duen koronabirusaren epidemiak baina martxoaren 22an egitekoa den bigarren itzulia ezeztatu behar balitz, guztia berriz hasi behar litzateke: lehen itzuliko emaitzak ezeztatu eta behar orduan berriro lehen itzulitik hasi hauteskundeak.

Bozka bulegoak 18:00tan itxi dituzte eta kontaketak egiteari lotu dira. Aurreko bozketei alderatuz, askoz jende gutxiago dago kontaketak entzuten ari. Hori ere koronabirusaren eraginez, seguruenik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2020
2021-08-04 | Euskal Irratiak
Bokaldarrek berriz bozkatu beharko dute, iazko herriko bozetan iruzur elektoralak izan zirela erabaki baitu auzitegiak

Hauteskunde egunean, oposizioak ohartarazi bi akats nagusi onartu ditu epaileak.


2021-07-19 | ARGIA
Marie-José Mialocq Arbonako alkate berrautatu dute

Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.


2020-07-12 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Barne kolonialismoa

Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela... [+]


Herri bozak 2020: bigarren itzulia
Xinaurri lanaren uzta

Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere... [+]


Joseba Erremundegi, Etxegaraien zerrendako abertzale ezkertiarra
"Masa euskalduna iratzartzea lortu behar dugu"

Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.


Eguneraketa berriak daude