Izozmendia irauli da


2023ko apirilaren 26an - 00:01
Arlnold von Haff alemaniarraren bidaia-liburuan jasotako irudia: XV. mendeko Iruñeko dama bat eta haren neskamea (Oxfordeko unibertsitateko Bodleian liburutegia)

XVI. mendean Nafarroa Garaiko biztanleen %70 eta 80 artean euskalduna zen. Hala ondorioztatu zuen Peio Monteano historialariak 2017an argitaratutako El iceberg navarro. Euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI (Nafarroako izeberga. Euskara eta gaztelania XVI. mendeko Nafarroan) liburuan. Monteanok egin zituen kalkuluen arabera, Gaztelako Koroak Nafarroako Erresuma bereganatu eta ondorengo ehun urteetan, biztanleen 10etik 7 euskara nagusi zen lurraldeetan bizi zen eta bertako biztanleen gehienak euskaldun elebakar eta analfabetoak ziren; biztanleen 10etik 2, aldiz, Erriberako mutur erdaldunean bizi zen; eta %10, azkenik, euskara eta erromantzea kontaktuan zeunden udalerrietan bizi zen (egungo eremu mistoa baino dezente hegoalderago).

Alabaina, orduko biztanleen gehiengoa euskaldun elebakarra izan arren, hizkuntza kultu eta jantzia, hau da, administrazioan erabiltzen zena (egun ofiziala esanen genuke), gaztelera zen (ordurako gaztelaniak Erdi Aroko nafar-erromantzea asimilatua baitzuen). Horren ondorioz, orduko administrazioan lan egiten zuten funtzionario eta eskribauek elebidunak izan behar zuten, itzultzaile lana egin behar zutelako; ahoz euskaraz jasotzen zutena gazteleraz idatzi behar zelako, eta gazteleraz idazten zena euskaraz jakinarazi behar zelako.

Normalean ?historia sozialak erakutsi digun bezalaxe? herri xehearen ahotsa oharkabean pasatzen da dokumentu idatzietan; baina ikertzaile zorrotzak jende apalaren arrastoak atzeman eta azalera ditzake. Horra hor izenburuaren metafora: Monteanok aztertu zituen dokumentu horietan ur gaineko gailur erdalduna irakur daiteke, baina haren azpian, ezkutuko errealitate euskaldun zabala zegoela atzematen da.

Berrikiago, joan zen martxoan, Nafarroako VII. Inkesta Soziolingusitikoaren emaitzak argitaratu ziren. Dirudienez, nafarren %14.1 euskaldun osoa da eta %10.6 euskaldun hartzailea. Egoera soziolinguistikoa erabat irauli da XVI. mendekoarekin alderatuta, %80 izatetik %14 izatera; zer gertatu da bidean? Erresuma zaharrean euskararen atzerakada handia XIX. mendeetan hasi zen, hainbat faktoreren ondorioz: estatu modernoaren garapena, ekonomia eta elkartrukeen ugaritzea, Karlistaldien ondorengo trauma, hizkuntzarekiko aurreiritzi eta mespretxuak…

Egun euskara eta euskalgintza inflexio-puntu garrantzitsuan daudela dirudi. Euskararen aurkakoak oldartuta dabiltza eta mundu globalizatu eta birtualak erronka itzela jarri dio Aitorren hizkuntz zaharrari. Asmatuko al dugu erantzun egokia ematen!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


Eguneraketa berriak daude