Iruñeko espetxean bi preso hil dira martxotik hona, Salhaketak jakinarazi duenez

  • Asteazkenean egindako agerraldian, osasun larrialdiaren aurrean espetxeetan egindako kudeaketa okerra salatu dute Salhaketak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoakek eta Sarek. Agerraldia baliatu du Salhaketak jakinarazteko Iruñeko espetxean bi preso hil direla azken hilabeteetan. Heriotza horiekin, zortzi dira aurten Euskal Herriko espetxeetan hildako presoak.


2020ko urriaren 15an - 10:19
(Argazkia: Etxerat Elkartea)

Salhaketa, Etxerat, Altsasuko Gurasoak eta Sarek agerraldia egin dute asteazkenean, eta momentua baliatu dute osasun krisia tarteko Espainiako Espetxe Zaintzaren Idazkaritzak espetxeetan egindako kudeaketa “eskasa” salatzeko. Koronabirusaren agerpenaren aurrean hartutako neurriek presoen ongizatean eragin zuzena izan dutela seinalatu dute, espetxeratuen egoera kaltetuz. Horren albo-kalte larrienak dira espetxean jazotako heriotzak, eta ildo horretan Salhaketak salatu du martxotik hona bi preso hil direla Iruñeko espetxean.

Hildako bi presoetako bat “martxoa-apirila” bueltan zendu zela zehaztu dute, nahiz eta beranduago izan duen heriotzaren berri elkarteak. “Ez dugu datu askorik”, zehaztu du Libertad Frances Salhaketako bozeramaileak. Zendutako beste presoak abuztuan galdu zuen bizia, eta Salhaketak jakinarazi duenez gaitz psikologikoa zuen. Bigarren kasu horretan ere heriotzaren kausa ez dago argi, eta espetxeak gaindosi baten ondorio izan zela jakinarazi dien arren, Salhaketak ez du baztertzen presoak bere buruaz beste egin izana. Elkarteak argi ikusten du bigarren heriotza horretan eragin zuzena izan dutela osasun krisiaren ondorioz hartutako neurriek, droga menpekotasuna eta gaitz psikologikoak izanik ere, presoak martxotik tratamendurik jaso ez zuelako. “Bakartze gogorragoa ezarri zaie, eta emaitza horixe da”, azpimarratu du Francesek.

Iruñeko espetxeko bi heriotza horiekin, zortzi dira aurten Euskal Herriko espetxeetan hildako presoak. 2020an bi preso hil baitira Martuteneko kartzelan, eta lau Zaballakoan.

Konfinamendua atzean utzirik, baina lehengora itzuli gabe

Lau eragileek seinalatu dute Espainiako Espetxe Zaintzaren Idazkaritzak presoen eskubideak urratzeko bidean segi duela pandemiaren kudeaketa egitean, nahiz eta nazioarteko erakundeen gomendioa presoen eskubideak errespetatzen dituzten neurriak hartzea izan. Zehaztu dute konfinamendua ezarri zenean espetxeak itxi egin zirela, eta itxierak berekin ekarri zuela ez soilik kartzelen ixtea, baizik eta presoek jaso zitzaketen onuren etetea ere bai. “Espetxeko legedian barrena egin dezaketen ibilbidea eten egin zaie, eta ez da konpentsaziorik egon”, zehaztu zuen Etxerateko Gorka Garcíak. Konfinamendua arindu ahala espetxeko neurriak ere leunduz joan arren, gaur gaurkoz egoera lehengora ez dela itzuli adierazi dute. Presoek segitzen dute komunikazioen eta jardueren murrizketak pairatzen eta osasun arloko irizpide finkorik gabe.

Irizpide sanitarioen faltak eragiten dituen kalteak argiki bistaratzen ditu jarritako adibide honek: berez, Espetxe Zaintzaren agiri baten arabera, COVID-19az kutsatzeko arriskua izan duten presoak bakartu beharko lirateke bakarrik. Baina jakinarazi dutenez, egiatan kaletik datorren preso oro bakartzen da sistematikoki. “Ez dago irizpide finkorik. Batzuek bi egun egiten dituzte, eta beste batzuek, hamar”, jakinarazi dute.

Lau eragileek eskatu diote Nafarroako Gobernuari osasun arloko eskumena bere gain hartzeko. Adierazi dute Iruñeko espetxean hiru mediku daudela egun, martxoan baino bi gehiago, baina medikuek eurak ere adierazi dutela hiru osasun langile ez direla nahiko. “Osasun krisia etorri aurretik ere espetxe guztietan mediku defizit handia zegoen”, azpimarratu du Francesek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den bosgarren presoa... [+]


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
"Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan"

Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]


2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


Eguneraketa berriak daude