"Iristen ari den krisian higiezinen sektorea izango da zigortuenetako bat, eta horren aurrean antolatu behar dugu"

  • Donostiak aspalditik dituen arazo nagusienetako bat da alokairuaren prezioarena, eta horren harira sortu zen otsailean Maizterren Sindikatua. Asteburu honetan, jardunaldi berezi batzuk egingo dituzte horri buruz Egian, Kataluniako Sindicat de Llogatereseko kideekin. Izan ere, Katalunian alokairuen prezioak mugatzeko lege bat onartu dute. Andoni Egia Maizterren Sindikatuko kideak jardunaldien nondik norakoak azaldu ditu.


2020ko urriaren 02an - 12:50
Argazkia: Andoni Egia

Zergatik antolatu dituzue jardunaldiak?

Ezaguna da Donostiako etxebizitzaren merkatua oso bideratuta dagoela espekulazioan oinarritutako garapen ekonomikoa sustatzera, eta horren erakusgarri dira hiriko turistifikazioa eta gentrifikazioa. Historikoki Donostiak arazo estruktural hori izan du, eta horregatik, otsailean lantalde bat osatu genuen, beste hiriburu batzuetan alokairuaren inguruan egin diren lanketak gurera ekartzeko. Gainera, azken hilabeteotan ikusi dugu hirian nagusitasun handia irabazi dutela putre funtsek, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu horren inguruko lanketa bat egitea.

Zeintzuk dira jardunaldien helburuak?

Bestalde, hainbat hilabete daramatzagu sindikatuaren bueltan lanean, baina oraindik ez diogu jendeari aurkeztu. Beraz, jardunaldi hauen helburuetako bat sindikatuaren aurkezpen ofiziala egitea da. Beste helburu bat da herritarrei aditzera ematea hirian etxebizitzarekin dauden arazoak, eta horregatik, Azorako kide bat eta Bentaberriko Blackstonen etxebizitzetako bizilagun bat ekarriko dugu, besteak beste.

Laburbilduz, hiru dira jardunaldietako helburuak: sindikatua aurkeztea, etxebizitzaren harira hirian dauden auziak ezagutaraztea eta beste esperientzietatik ikastea, kasu honetan, Kataluniako Sindicat de Llogateres sindikatuaren esperientziatik.

Nolakoak izango dira jardunaldiak?

Bi atal izango dituzte: ostiralekoa irekia izango da, eta hiriko hainbat kasuistika eta Kataluniako sindikatuen esperientzia ezagutuko ditugu. Larunbatekoa, aldiz, ikastaro itxiago bat izango da. Edonor joan daiteke, baina aldez aurretik izena eman beharra dago; Kataluniako adibidea jarraituta, aztertuko dugu Donostian nola antolatu behar dugun eta zein borroka molde garatu behar ditugun.

Nola ekarri daiteke Kataluniako esperientzia gurera?

Guri bi elementu nagusi interesatzen zaizkigu: maizterren sindikatu bat nola antolatu behar den ikastea eta borroka espazioen inguruan ikastea. Azken horretan, Katalunian jabe handiak identifikatu izan dituzte, euren aurkako borroka kolektiboak garatzeko. Era berean, legearen inguruko lanketa nola egin behar dugun aztertuko dugu.

Zer esango zenioke jendeari jardunaldietan parte hartzera animatzeko?

Hilabete batzuk daramatzagu Donostian hainbat problematika identifikatzen eta aholkularitza lana egiten. Hori areagotu egingo da datorren hilabeteetan, izan ere, iristen ari den krisian higiezinen sektorea izango da zigortuenetako bat, eta horren aurrean antolatu behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


2024-04-05 | Uriola.eus
Alokairuen laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu direla salatu du Berri-Otxoak plataformak

Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.


2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Eguneraketa berriak daude