"Iraultza sozialista Kubako herritarren DNAn dago"

  • Alexei Sanchez Puzo (Habana, 1976) kubatarra da eta ondo ezagutzen du uharteko prozesu iraultzailea. Duela bi urte etorri zen Aiaraldeara eta Urduñan egiten du lan, albaitari klinika batean, Laudioko beste kide batekin batera. Aurretik medikuntza irakaslea izandakoa da Habanako Unibertsitatean. Uhartean bizi izan diren gobernuaren aurkako protestetaz eta AEBk ezarritako blokeo ekonomikoaz mintzatu gara berarekin.


2021eko uztailaren 27an - 08:29
Azken eguneraketa: 10:33

Etxean jaso gaitu Alexei Sanchezek. Albaitaria da ofizioz, eta bi urte daramatza Amurrion bizitzen. Aurretik, besteak beste, medikuntza irakaslea izandakoa da Habanako Unibertsitatean. Karibeko uhartea albiste bilakatu da, uztailaren 11an bertan piztutako protesten ondorioz. Lehenengo galdera derrigortua da ia: mobilizazio hauen zergatia eta Kuban gaur egun bizi den egoera zein den ezagutu nahi dugu.

“Lehenik eta behin, gaur egungo egoerara zerk ekarri gaituen jakin behar da” erantzun digu albaitari kubatarrak. Alexeik oso argi dauka: Kubak pairatzen duen blokeo ekonomikoa da gaur egungo egoeraren erantzulea.

Historia apur bat: 62 urte blokeoari aurre egiten

“1959an iraultza kubatarra gailendu eta honek bere lehenengo lege soziala sinatu zuenetik, uhartearen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko tentsioak gora egin du etengabe, apustuak igotzen eta igotzen joan dira”, hasi da Sanchez.

“Iraultzak hartutako lehenengo neurri hori nekazaritza erreforma izan zen, 1959ko maiatzaren 17an. Horrek asko kaltatu zituen Ameriketako Estatu Batuen enpresen interesak. Ordura arte Kuba azukrearen monolaborantzan oinarritzen zuen bere ekonomia guztia. Espainiar Inperialismoak utzitako eredua zen hori. XIX. mende amaieran, Amerikarrak uhartera sartu zirenean, eredu berdinari eutsi zioten. AEBtan kontsumitzen ziren 10 kafe kikaretik 8k azukre kubatarra zuten”.

Nekazaritza erreformak eta lurren banaketak azukre konpainia handien aurka egin zuen eta hauek babesa eskatu zioten AEBtako gobernuari, eta azken honek utzi egin zion Kubako azukrea erosteari. Kubako gobernu iraultzaileak kontundentziaz erantzun zuen, enpresa guztiak nazionalizatuz. Orduan ezarri zuten Yankeek lehenengo blokeoa.

1960an gertatu zen hori, eta geroztik tentsio eskaladak eta uhartearen kontrako erasoek etenik izan ez duela azaldu du Alexeik: “Gerora etorriko ziren Bahia de Cochinosen inbasioa, blokeoaren gogortzea…”.

Kubak, ordea, lortu zuen aurrera egitea, Sobietar Batasunak gidatutako bloke sozialistarekin harremanak estutuz. Espreski bilatutako aliantza bat baino, Sanchezek uste du beharrak bultzatuta eraiki zirela zubiak bloke sozialistarekin: “Harreman komertzial solidarioagoak egiteko aukera zabaldu zen Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseiluaren bidez (CAME gaztelaniaz). Azukrearen trukeaz bestelako baliabideak eskuratu zituen Kubak: medikuak, makinaria, atzerriko unibertsitateetan formatzeko bekak…”.

1991an Berlingo harresiaren eroketak eta Bloke Sozialistaren desagertzeak bakarrik utzi zuen Kuba. “Iraultza hasi zenetik uharteak jasan zuen krisirik sakonena piztu zen orduan”, azaldu du Sanchezek. “Krisiari erantzuteko hiru neurri nagusi hartu zituen errepublikako gobernuak: atzerriko enpresen inbertsioak ahalbidetzea, dolarraren despenalizazioa eta turismoari ateak zabaltzea”.

1990eko eta 2000ko hamarkadetan Hego Amerikan piztutako iraultzek eta ezkerreko gobernuen ezartzeak Kubak bizi zuen krisi egoeraren arintzea ekarri zuten, eta harreman ekonomiko, politiko eta sozial berriak eraiki ziren. “Estatu Batuek eta CIAk, ordea, ez dituzte inoiz onartu hego-amerikarren arteko aliantza horiek, ezta ezkerreko gobernu iraultzaileen existentzia bera ere” adierazi du Sanchezek atsekabez. “Hamaika izan dira gobernu legitimoak ezegonkortu eta kentzeko yankeek egindako ahaleginak”.

“Horrela heldu da Kuba gaur egungo egoerara”, laburbildu du Urduñako albaitariak bere historia klase magistrala: “Blokeoaren atzaparretan harrapatutako eta turismoan oinarritutako ekonomia prekarioa da kubatarra. Mundu mailako pandemiak, gainera, erabat baldintzatu du".

Blokeoa: adibide praktiko bat

Estatu Batuek ezarritako blokeoa zertan materializatzen den galdetu diogu Amurrioko bizilagunari, termino orokorretatik harago egunerokoan nola bizi den jakin nahi dugu, uhartetik bertatik.

“Kubak ez ditu beharrezkoak dituen baliabide naturalak, hauek inportatzeko beharrizana dauka. Kubak ez dauka ez petroleorik, ez egur nahikorik, ez mea industriarik... Hasiera batean, Ameriketako Estatu Batuek ezarritako blokekoak galarazi egiten zien AEBtako enpresei Kubarekin negozioak egitea. 1990eko hamarkadan ezarritako Torricelli eta Helms-Burton legeen bidez, ordea, AEBak santzioak ezartzen hasi ziren Kubarekin hartu-eman ekonomikoak zituzten hirugarren herrialdeei”.

Adibide praktiko bat eskatu diogu Alexeiri: “Kubako gobernuak egunero edalontzi bat esne bermatzen die 7 urte baino gutxiago duten haur guztiei, pertsona gaixoei edota haurdun dauden emakumeei. Kubak ezin du esne guzti hori ekoiztu, ez du horretarako baliabiderik, inportatu beharra dauka. Gertuko herrialdeetatik inportatu ahalko luke, AEB edota Kanada esne ekoizle handiak baitira. Hauek, ordea, ez diote Kubari esnerik saldu nahi. Horren ondorioz, Argentinan edota Zelanda Berrian erosi beharra du esnea gobernuak. Horrek kostuak asko igotzen ditu. Gainera, AEBren zigorren ondorioz, Kuban geratzen den itsasontzi batek debekatuta du hurrengo sei hilabetetan AEBtako portuetan atrakatzea, eta horrek garestiagotu egiten du portea, Kubak ez baitu merkantzia flota propiorik. Guzti hori kontuan hartuta, pentsa zenbateko kostua izan dezakeen esne hori Zelanda Berritik ekartzeak. Laburbilduz; Kubak inportatutako produktuen merkatu balioa hirukoiztu egiten da uhartean, eta ez gara edozein produktuetaz ari, oinarrizko produktuez baizik.”

2021. urtean gaude, ordea, eta Kubak eremu geoestrategikoa izateari utzi dio: “Dagoeneko ez da Hego Amerikaren kontrola mantentzeko base militar yankeeak jartzeko leku aproposa. Gaur egungo hegazkin eta itsasontziek ez dute uhartean geldialdia egin beharrik erregaia hartzeko, baliabide naturalak urriak dira, ekialdeko errepublika sozialistak desagertu egin dira… finean, Kuba ez da  mehatxu geopolitiko bat mendebalde kapitalistarentzako”. Hori horrela bada, zer interes du AEBk blokeoa mantentzeko? Sanchezek badaki erantzuna: “Blokeoa zigor bat da, Kuba herrialde bezala garatzeko baliabiderik izan ez dezan. Izan ere, Kuba mundu justuago bat posible denaren adibide bizia da, eta eredu horren existentzia ez zaio kapitalismoari interesatzen”.

Gobernuaren aurkako protestak

Argi utzi du Sanchezek bere azalpenean Kubak bizi duen egoera erabat baldintzatuta dagoela AEBren blokeoagatik. Hala eta guztiz ere, Kubako Errepublikako gobernuaren aurkako protestak piztu ziren iragan uztailaren 11an. Nondik sortzen dira?

“Kubako herritar askoren bizimodua oso prekarioa da; egunero atera behar zara kalera bizitza aurrera ateratzeko. Bertan ez dago hozkailua aste osorako betetzerik”, hasi da Sanchez. “Gure belaunaldia iraultza sozialistaren fruituak bete betean ezagutu dituen azken belaunaldia da. 1980ko hamarkadan, uharteko bizi kalitatea oso altua zen, Euskal Herrikoaren antzekoa baina sistema publiko doako eta unibertsal batean oinarritua. Bloke Sozialista desagertu zenetik eta blokeoa krudeldu zenetik, krisi ekonomiko sakon batean murgildu dute Kuba. Belaunaldi gazteek ez dituzte ezagutu iraultzak ekarri zituen onura guzti horiek, krisi ekonomiko batean hazi dira. Mundu globalizatua, gainera, arduratu da belaunaldi gazteengan Kubatik kanpoko beste eredu kontsumista batzuk hegemonizatzen”.

Guzti horretan erreferente kulturalek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du albaitariak: “herri libre bat izateko, herri kultu bat ezinbestekoa da”. Bide horretan ahalegin handiak egin ditu sozialismoak Kuban: 1960ko hamarkadan alfabetizatze prozesu indartsu eta oso eraginkor bat jarri zuen abian gobernuak. Alexeiren gurasoak irakasle boluntarioak izan ziren prozesu horretan, eta aita Camilo Cienfuefos Eskola Hiriko zuzendari izan zen, iraultza sozialistaren lehenengo hezkuntza proiektuetako bat.

Sanchezek ez du ukatzen uharteko biztanle batzuk aldaketa beharra sentitzea, baina susmagarria zaio protesten nolakotasuna, uhartetik kanpo bultzatutako ezegonkortze saiakera bat dela uste du: “Venezuelako gobernuaren aurkako protestek jarraitzen zuten patroi berdina jarraitu dute Kubakoek. Aldi berean piztu ziren Kubako hainbat hiritan, era koordinatu batean, eta bortizkeriak oso azkar hartu zuen indarra mobilizazio horietan”.

Dena den, Sanchezek argi du ezin dela egoera honetatik ezer gertatu ez balitz bezala atera: “irakaspen bat edo beste atera behar da berriro horrelakorik gertatu ez dadin, bestela epe laburrean egoera are krudelago batean aurkitu gaitezke. Ezin dugu ez-ikusiarena egin". Senide eta lagunekin harremana mantentzen saiatu dira Euskal Herritik ere, protesten nondik norakoak ezagutzeko. Sanchezen familiaren auzoak, Habanan, pasarte biolentoak bizi izan ditu ere, baina egoera baretuz doala dirudi.

Iraultza zainetan

Gobernuaren aurkako protesten ostean, milaka izan ziren iraultza sozialistaren defentsan uharteko hiri zein herrixketan mobilizatu ziren kubatarrak. Egunerokoan eta kubatarren azalean iraultza nola bizi eta sentitzen den galdetu diogu Alexeiri. “Kubatarrak beti ezaugarritu gara karisma handiko figurak jarraitzeagatik. Horrela izan zen iraultza piztu zenean, eta horrela jarraitu du izaten. Herriaren artean oso maitatuak dira iraultzaren buruak. Horren adibide da Fidel Castro bera. Gaur egungo liderrak beste belaunaldi batekoak dira, Kubako presidente den Miguel Diaz-Canelek ez zuen Granma itsasontzian bidaiatu, ez zen Sierra Maestran egon 1950ko hamarkadan… Baina ezinbestekoa da belaunaldi aldaketa horri heltzea prozesu iraultzaileak aurrera jarraitu dezan”. Bistakoa da, gaur egungo mundu globalizatua ez da 1959ko berdina, asko aldatu da eta Kubako Iraultza ere moldatu beharko da agertoki berrira. “Sozialismoa gailendu zenean sistema monopolista batek gidatzen zuen mundua. Orain, kapitalismoak neoliberalismo basatienera jo du. Mundu mailako egoera horren aurrean defendatzeko tresnak garatu beharko ditu iraultzak”.

Munduaren gorabeherak alde batera utzita, Kubako sozialismoa bizirik dago, iraultza kubatarren DNAn dagoela nabarmendu du albaitariak: “Iraultza defendatzea ez da bandera batekin kalera ateratzea, ez. Iraultza eguneroko lanean defendatzen da. Zure lanean, ikasketetan... zure komunitatean erreferente izatea, hori da militante on bat izatea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude