Sexismoaren aurkako Salatu zure zerria kanpainak arreta publiko handia jaso du Frantziako Estatuan, eta Marlene Schiappa berdintasunerako estatu idazkariak neurriak hartuko ditu irain sexistak ekiditeko, Schiappa legearen bidez.
Lege horren bitartez, Poliziak isunak jarri ahal izango ditu kalean ikusitako portaera sexistengatik. Horretarako, delituzko figuratzat hartuko da irain sexita. Eraso egoerak identifikatzeko, gobernuak 10.000 polizia trebatuko ditu, eta isunak 90 eta 750 eurokoak izango dira unean ordainduz gero. “zirkunstantzia larrigarrian” gertatuko balira, isuna 1.000 eurokoa izango litzateke, eta erasoa errepikatzen bada, 3.000 eurokoa.
Irain sexisten aurkako isunez gain, Schiappa legeak beste hiru ardatzetan eragingo du: alde batetik, adingabeen aurkako delitu sexualak salatzeko epea luzatuko du, 18 urte betez geroztik hogeita hamar igaro arte (48 urte izan arte, lehen 38 ziren). Bestetik, 15 urtetik beherako gazteekin izandako sexu harremanak bortxaketatzat joko dira — orain arte sexu eraso gisa zigortzen ziren —. Azkenik, interneteko jazarpenak ere zigortuko ditu.