“Irailean elkar ikusiko dugu”. Halaxe abisatu diote abuztu sargorian behin baina gehiagotan sindikatu eta norbanakoek Frantziako errepublikako presidente Hollanderi. Iraila hemen da, eta hamabost bete dituenean, kurtso berriko lehen mobilizazio handia egingo dute hamaika hiritan Lan Legea indargabetzea eskatzeko. Baionan manifestazioa deitu du Jusqu’au retrait kolektiboak.
Hainbat kolektibo eta sindikatuk Baionan deituriko manifestazioa mila lagun inguru bildu dira, lan legearen kontra egiteko.

Ipar Euskal Herrian lan erreformari aurka egiteko jaiotako Jusqu’au retrait kolektiboak Baionan manifestazioa antolatu du, 10:30ean Lan Burtsatik hasita.
Bere ustetan legeak “finantza logika ultraliberala inposatzen du langileen kaltetan”. Hala, ikasle, langile, langabetu, jubilatu eta herritarrei dei egin die aldarrikapen giroa berreskuratzeko, eta iragarri du urriaren 7an greba orokorra apailatzen ari direla, “lan duin baten nazioarteko eguna kari”.
Aurretik izandako protesta jendetsuei entzungor egin ondoren abuztuaren 9an argitaratu zen azkenik Frantziako Gobernuak dekretuz onartutako lan kodea aldatuko duen Legea. Inposizio gisa hartu du intersindikalak erabakia eta horren kontra borrokatzeko prest agertu da, nola kalean nahiz epaitegietan.