Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu du Miren Artetxek tesian

  • Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak izan ditu aztergai Miren Artetxek bere doktoregai tesian. Urtarrilaren amaieran aurkeztu zuen EHUko Leioako campusean. “Gazteontzat hizkuntza ohituren aldaketak, bereziki, gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira eta horiek euskaraz garatzeko aukera eskaintzen dute bertso-eskolek" adierazi zuen Artetxek. Mintzola Ahozko Lantegiak jorratu du albistea.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko martxoaren 11n - 13:23
Miren Artetxek doktoregai tesia egin artean eskainitako hitzaldietako batean, 2016an. Argazkia: XDZ.

Urtarrilaren amaieran, UPV/EHUko Leioako Campusean, aurkeztu zuen Miren Artetxe ikertzaileak adituen epaimahaiaren aurrean azken urteotan garatu duen ikerketa. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak izeneko lana egin du UPV/EHUn, Jone Miren Hernandez eta Josu Amezaga irakasle eta ikertzaileen zuzendaritzapean. Zehazki, Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak esleitutako lehen ikerketa kontratutik eratorritako lana da Artetxerena; 2013an, erakundeok egindako lehen deialdi hartan eskuratu zuen kontratua.

Izenburuak berak zehazten duen moduan, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu eta bertso-eskoletan garatu dituzten praktikak eta diskurtsoak behatu ditu. Hiztun berriei ere jarri die arreta ikerlanak.

Artetxeren arabera, "hizkuntza ohituren aldaketak gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira" eta unean-unean, bizitzako aldaketa garaietan, hizkuntza ohiturak mantendu edo aldatu daitezke, alegia, hizkuntza mudantza egin daiteke.

"Ahaleginarekin baino, gozamenarekin lotzen duten jarduera eta harreman batzuen jiran, gazte identitatea eta hizkuntza identitatea talde eta norbanako gisa eraikitzeko parada eskaintzen die bertso-eskolak", Artetxeren aburuz. Hitza hartzea, lotsa galtzea, iritzia eraikitzea,… horiek guztiak eta gehiago partekatzen dituzte taldean: "Haiek aukeratuta eraikitzen ari diren gazte identitatearen ezaugarriak dira. Hori guztia euskaraz".

Hiztun berrientzako akuilu eta traba

Bertso-eskolako hiztun berrien ibilbideei ere erreparatu die Artetxek bere ikerketa lanean; UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, iaz, horren inguruan aritu zen zehazki. Horretarako bi hiztun berrien legitimizazio prozesuetan sakondu du: “Haien rol soziolinguistikoak aski legitimizatzen zituen bertso-eskolako galbahean oharkabean zeharkatzeko, eta ez dute etxean euskara ez ikasi izanagatik haiek eta gu bereizketarik sentitu. Bertso-munduan eta, bereziki, Hego Euskal Herrian sozializatzean, ordea, hiztun kategorien arteko bereizketarekin egin dute topo; eta horrek zalantzan jartzen du, inplizituki, hiztunon legitimitatea”, azaltzen du ikertzaileak.

Txanponak, izan ere, bi aurpegi ditu hiztun berriei dagokionez: "Bertsotan ari denari hizkuntza gaitasun altua eta erabilera trinkoa egozten zaizkio", eta beraz, bertso-eskolan sozializatzea hiztun berrien legitimizaziorako akuilu izan daiteke. Aitzitik, traba ere izan daitekeela aipatzen du Artetxek, izan ere, "bertsolari kanonikoa hiztun legitimoa da", hiztun zaharra, alegia.

Era berean, euskara berak zein hizkuntza gatazkak bertsolaritzaren gaitegian leku zentrala izan badu ere, Artetxeren ikerketaren arabera, "hiztun berrien errealitatea gutxi aipatu izan da gaur arte bederen".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude