Gaurtik abiatuta, Nazioarteko Telekomunikazioen Elkarteak (ITU ingelesezko sigletan) bilera egingo du Dubain eta Interneteko hainbat erabiltzaileren artean alarmak piztu dira azken hilabeteetan. Sareko eskubideak murriztu ditzakeen mundu mailako akordioa sinatu dezakete 193 estatutako ministroek, ateak itxita egingo den batzarrean.
Dubaiko bileran har daitekeen erabaki nagusietako bat ITUren erabaki ahalmenak zabaltzea da. NBEren barruko agentzia horrek botere handiagoa har dezake Internet erregulatzeko, eta eskumen berriak lor ditzake bestelako sareen, datuen pribatutasunaren, zibersegurtasunaren eta gailu mugikorren esparruetan ere.
Horretarako, Nazioarteko Telekomunikazioen Erregulaziorako akordioa (ITR ingelesezko sigletan) aldatu nahi du ITUk. Gaurko bileran aldaketa zirriborro bat (pdf) jarriko dute mahai gainean; gainera, beste hainbat aldaketa ere proposatu dituzte, publiko egin ez diren arren, Electronic Frontier Foundation erakundeak salatu duenez. Erakunde horren arabera, Interneteko eskubide zibiletan “inpaktu handia” izan dezake akordioaren aldaketak.
Interneteko arrain handiena ere kezkatu da bilkurarekin. Googlek kanpaina jarri du abian ITUren bilerari buruz informatzeko. “Interneten gaineko politikak Internet bezalakoa izan behar du, irekia eta inklusiboa” dio, Dubaiko bileraren harira sinadurak biltzeko prestatu duen webgunean. Beheko bideoa ere sareratu dute, web libre eta irekiaren aldeko mezua zabaltzeko.