Independentismoa ezkerrerantz indartu da

  • ERCk sorpasso egin dio Junts per Catalunyari, eta Generalitateko presidente izateko hautagai izango dela iragarri du, eserlekuak bikoizten dituen CUPen eta En Comú-ren babesa jasotzeko. Ciutadans amildu egin da eta Voxek ordezkatuko du hamaika eserlekurekin. Illa efektuak boto unionistaren gehiengoa jaso du, baina gobernatzeko aukerarik gabe.


2021eko otsailaren 15an - 09:46
Pere Aragones (ERC), Dolors Sabater (CUP), Laura Borras (Junts) eta Salvador Illa (PSC). Argazkia: Arainfo

O14-k bi ezaugarri nagusi izan ditu: abstentzioa eta gehiengo independentista ezkerrerantz biratzea. Parte-hartzea 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetakoa –155. artikulua indarrean zela– baino hogei puntu beherago jarri da. Desafekzio aktibo horrek edo pandemiaren beldurrak indar handiagoz eragin die alderdi unionista edo federalistei independentistei baino. Bi datuk bermatzen dute: independentismoak lehen aldiz botoen %50 lortu du (%50,7 PDeCATen 76.000 botoak gehituz gero, parlamentutik kanpo geratu dira); eta diputatu independentistak 70etik 74ra pasatu dira, CUPek izandako jauziari esker, bost eserleku berri lortuta.

Ia alderdi guztiek boto kopuru handia galdu dute, baina kasurik odoltsuena Ciutadansena da, 36 eserlekutik 6ra pasa eta milioi bat boto-emaile galdu ditu. PSCk eta Voxek haien herentzia jaso dute, Salvador Illa alderdiaren kasuan 16 diputatu gehiagorekin –33 guztira, baina ez dute gobernatzeko aukera aritmetikorik– eta eskuin muturra hemiziklora indarrez sartu da. JxCat-ek 400.000 boto-emaile galdu ditu eta ERCk 334.000. CUPek ia berdindu ditu duela hiru urte lortutako 190.000 botoak, baina ordezkaritza bikoiztu egin du: bost diputatu ditu Bartzelonan, bi Gironan eta eserlekua berreskuratu du Lleidan eta Tarragonan. En Comú Podem-ek zortzi eserlekuei eutsi die, baina 133.000 boto-emaile galduz.

Aragones inbestidurara aurkeztuko da

Oriol Junqueras ERCko presidenteak hauteskunde gaueko agerraldian "azken 80 urteetan lehen aldiz ERCk Generalitateko presidentetza berriz hartuko duela" adierazi zuen, "gerra, diktadura eta erregimen autonomikoa tarteko, 80 urteko bazterketari amaiera eman diogu". Pere Aragonesek nabarmendu zuenez, "lehen aldiz botoen %50 gainditu dugu eta etapa berri bati ekingo diogu, preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera lortzeko. Erreferenduma nahi dugu, errepresiorik gabe". Eta ingelesez mezu bat bidali zuen "sit & talk" leloarekin. Ondorengoa zehaztu zuen: "Ez gara diputatu independentistekin konformatzen, diputatu soberanistak batu nahi ditugu". Argi eta garbi En Comú-ko jendeari zuzendutako mezua.

Jessica Albiachek (En Comú Podem) ezkerrera biratzearen ideia ere azpimarratu zuen, baina begirada PSCn jarrita eta CUPen hautagaitza aipatu gabe: "Ezkerreko gobernua behar dugu eta Illa eta Aragonés jaunei deituko diet mahaian esertzeko eta betorik gabeko ezkerreko gobernu zabala eraikitzeko".

Dolors Sabater CUPeko zerrendaburua emaitzekin pozik agertu zen eta aipatu zuen "eskuin muturra Kataluniako Parlamentuan inoiz imajinatuko ez genukeen indarrarekin sartu izana larria" dela. "Errepresio handiko garaiotan, gatazka politikoa konpondu gabe egonda, azkar joan behar dugu, neurriak hartu eta herrialde gisa ibilbide-orria zehazteko". Eta gaineratu zuen: "Zer egingo dugun eta nola baldintzatuko dugun galdetzen diguzue, eta guk kanpainan esandakoa esaten jarraituko dugu. Hemendik dei egiten diegu sindikatuei, erakundeei eta mugimendu sozialei: adostasun handiekin konprometitzen gara. Kataluniako jendea ekina da bi gauzatan: autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen eta ezkerrerantz joaten".

Unionismoa, gobernatzeko aukerarik gabe

Salvador Illa Kataluniako eta Espainiako Estatuko biztanleei zuzendu zitzaien, Inés Arrimadasek 2017ko hauteskunde gauean lortutako garaipenaren diskurtsoaren antzera: "Kataluniak gizalegezko eta heldutasunezko lezioa eman du gaur. Gure hautagaitzak boto kopuruari dagokionez argi eta garbi irabazi du eta horrek esan nahi du orrialde berri bat idazteko orria pasatzea. Berriro entzun eta berriro elkartu. Betiko Katalunia itzuli da, inoiz joan ez den Katalunia. Gaur esango dizuet inbestidurara aurkeztuko naizela". Aritmetika argia da eta ez dio Generalitateko presidente izateko aukerarik ematen. Ciutadans-eko katastrofearen emaitzek eta Alejandro Fernándezek gidatutako PPk –hemizikloan azken indarra– ezinezkoa egingo dute. Ciutadanseko Carlos Carrizosak porrota onartu zuen, baina "kataluniarrak, espainiarrak eta europarrak inolako iskanbilarik gabe defendatzeko" lanean jarraituko dutela ziurtatu zuen, eskuin muturrari erreferentzia eginez, nahiz eta Andaluzian eta Madrilen gobernatzeko akordioak lortu dituzten. Ignacio Garrigaren alderdiak Bartzelonako hotel batean ospatu zituen emaitzak, Ortega Smith eta militante neonazi ezagunekin batera, esaterako Alejandro Fernández MSR-ko kide ohiarekin, urte batzuk lehenago Alemanian Rudolf Hessi egindako omenaldi batean parte hartu zuena. Legegintzaldiko buruko min handienetako bat izango da alderdi faxista Kataluniako parlamentuan egotea, 220.000 lagunen botoak lortu eta Vilamalla edo La Pobla de Mafumet bezalako udalerrietan lortutako garaipen harrigarrien ostean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


hauteskunde aurrerapena Katalunian
Juntsek dio Puigdemont izango dela bere hautagaia maiatzaren 12ko hauteskundeetan

Pere Aragonès Generalitateko presidenteak asteazken honetan aurreratu ditu Kataluniako hauteskunde autonomikoak, En Comú-rekin batera atera behar zituen 2024ko aurrekontuek porrot egin ondoren. Juntsek iragarri du bere hautagaia Carles Puigdemont izango dela; azken... [+]


Azken 20 urteetan etxebizitzetako ur grisak birziklatzen ditu Kataluniako herri batek

Ura aurrezteko ordenantzak onartu nahi dituzten udal guztiak, tartean Bartzelona, Sant Cugat del Vallèsera joaten dira. Udalerri horrek ura aurrezteko bere lehen araudia onartu zuen 2002an, eta 2008an eta 2018an eguneratu zuen, murriztaileagoa izan zedin.


Kopa eta kulero menstrualak doan Katalunian

Kopa baten, kulero menstrual baten edo konpresa berrerabilgarri pare baten artean aukeratu ahal izango da.


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude