Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan die Ilargiari nahiz Marteri, sakonera handiagotako eremu ilunari baino, ozeanoen bolumenaren %90 baino gehiago den arren. 200 eta 1.000 metroko sakonera bitartean, “eremu mesopelagikoa” dago, “ilunabar eremu” ere izendatua. Bertan, egunez iluntasuna erabatekoa ez bada ere, fotosintesia ezinezkoa da, eta beraz, ez dago fitoplanktonik; baina bizitza egon, badago, argi dirdirek adierazten duten moduan.
Aipatu eremuan, fotoforo deituriko organoei esker (bioluminiszentziaz) argia sortzeko gaitasuna duten arrain gehienak Miktofidoen familiakoak dira, “ilunabar-arrain” edo “linterna-arrain” modura izendatuak. Argi dirdirak komunikaziorako ezinbesteko dituzte: besteak beste, sardatan elkartzeko, edo ugalketarako.
Ilunabar-arrainek “eguneko migrazio bertikala” burutzen dute: egunean zehar, “eremu batipelagikoan” egon ohi dira, sakonera handiko ur hotzetan (4–7 gradutara), iluntasunaren babesean. Ilunabarrarekin batera, ordea, arrainok “eremu epipelagikora” igotzen dira, 100 metroko sakonerara edo ur azaletik are gertuago. Estrategia horri esker, egunean zehar harrapakariengandik urrun daude eta gauez, zooplanktonaren migrazio bertikala jarraituko dute, elikadura-iturri aberats horren bila.
Ezezagunak bezain ugariak, haien biomasa 10.000 milioi tonakoa izan daiteke; sakonera handiko arrain guztien biomasaren %65. Datuokin hotz geratu denarentzat, hona hemen beste ikuspuntu bat: munduko biztanle bakoitzeko, 1,3 tona arrain; hamar bider, mundu osoan egun ustiatzen den arrain kopuru totala, edo gehiago. Ezagutza handitu ahala zenbakiok ere gehiago handituko diren ustean –oraindik milioitik gora espezie deskribatzear daudela uste da–, dakigunarekin jada Lurreko ornodun guztien artean hedatuen dauden animaliez ari gara. Bigarren Mundu Gerran garatutako sonarrek nahiko lan izan zuten, itsas hondoa arrainon igeri-maskurien gasak islatzen zuen geruza mugikorrarekin bereizteko; harrezkero, “hondo faltsu” modura izendatzen da animaliok islatutako geruza. Duten eskala ikusita, ilunabar-arrainek arrantza-ustiapenerako interesa piztu dutela esan beharrik ez dago. Alta, egun ez dago haiei zuzendutako arrantza-araudirik, eta haien ugaritasuna modu fidagarrian zehaztu ezean, zaila izango da haien ustiapenerako kudeaketa jasangarria aurreikustea. Arrainok ozeanotako elikadura-katean jokatu dezaketen papera, nahiz klimaren erregulaziorako izan dezaketena, uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke, elikagai modura izan dezaketen balioa baino handiagoa. Izan ere, eguneko migrazio bertikalean planktonaz elikatzen diren heinean, karbonoa itsas hondora garraiatzen dute; asko. Horrek atmosferaren karbonoa itsas hondora garraiatzea dakar eta berotegi efektuan CO2ak duen eragina hein batean arintzen du.
Kontu handiz ibili beharko dugu, beraz, arrainok betetzen dituzten funtzio ekologikoak hankaz gora jarri nahi ez baditugu. Ozeano Barean, badaezpada, Ameriketako Estatu Batuek jada hauen arrantza debekatu dute. Baina ikusteko dago, iluntasuna argitzeko gai diren animaliok zaindu eta baloratu beharrean, txikitzeko joerari eusteko gai izango ote garen. Gutxi batzuen irabazien ordainetan, kalteak guztiok ordainduko ditugulako, beti bezala. Kalteak ordea, uste baino larriagoak izan daitezke, ezin baititugu neurtu.
ILUNABAR ARRAINA EDO LINTERNA ARRAINA (Myctophidae familia)
TALDEA: Ornoduna/Arraina.
NEURRIA: 10-15 cm.
NON BIZI DA? Mundu osoko eremu mesopelagikoan: 200–1.000 metroko sakoneran egunez, sakonera txikiagoetan gauez (eguneko migrazio bertikala burututa).
ZER JATEN DU? Zooplanktona.
BABES MAILA: Ez dago babestua.