Goi-tentsioko lineetan hildako hegaztien kopurua murriztu asmoz, datozen hiru urteetan 750 dorre erregulatzea adostu berri dute Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak. Dorre gutxiegi direla eta duela hamar urte egin behar zela salatu du Eguzkik.
Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 7an eginiko hitzarmena “ahulegia” dela esan du Eguzki talde ekologistak. Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 7.000 dorre identifikatu ditu hegaztientzako arrisku egoeran, eta hiru urteren buruan 750 dorre erregulatzea adostu dute. Erritmo horretan 28 urte beharko liratekeela eta hori gehiegizkoa dela salatu dute ekologistek.
Duela hamar urteko kontuez ari garela diote. 2008an egindako 1432 Dekretuak agintzen du linea elektrikoak egokitzeko neurriak hartzeko, eta hortaz, Iberdrola eta Jaurlaritza “oso atzeratuta” dabiltzala salatu dute.
Enpresei isunak
EFE agentziak iazko martxoan jakitera eman zuenez, urtean gutxienez 33.000 hegazti hiltzen dira goi-tentsioko lineek eraginda; elektrokutatuta edo talka eginda. Tartean, desagertzeko arriskuan dauden hegaztiak. Dena den, SEO Espainiako Ornitologia Elkartearen ustez, datu hori zifra errealetik oso urrun dago.
Orain gutxi hasi dira epaiketakenpresen aurka, eta Eguzkiren aburuz, horregatik hartu dituzte neurriak orain eta ez lehenago. Iberdrolak, adibidez, 40.000 euro inguruko isuna ordaindu beharko du babestutako hegazti bat elektrokutatu izanagatik.