Psikologiako 2.mailako ikaslea nauzue, etxetik lanean aritu eta irakasle baten gomendioz artikulu hau bidaltzera animatua. Jarrain datozen lerroak psikologiako ikasleen ikuspuntutik daude idatzita, eta fenomeno sozialen gogoeta bat aurkezten da hauetan.
Duela egun batzuk aparteko egoera batean murgilduak ikusi dugu geure burua, inoiz ezagutu ez bezalako alarma sozial baten aurrean etxean gelditzera “behartuak” izan gara. Puntu honetan gizabanako orok euren eskubideak urratuak izan direla ikusi dugu: etxetik atera ezinean gure paretak, gure kaiola, dira geratzen zaigun gotorleku bakarra, gure errealitatea babestuko duen espazio xumea. Eta txoko honetan bahituta jaso izan ditugu komunikabideek botatzen zizkiguten ogi apurrak, koarentenako orden soziala eraikitzeko puzzle piezak.
Baina zein izan da egunetik egunera bizi izan dugun egoera? Bada, larrituz joan den heinean gure pentsamenduak aldatzen joan dira. “Ez da hainbesterako izango” batetik “Egoera hau benetan larria da” puntura iritsi gara, eta gizartean aldez aurretik ezaguna izan den sentimendu binomioa hedatu da: ezjakintasunak dakarren beldurra.
"Krisi egoerek gizartean aldaketak ematen dituztela esan ohi da, eta ironiaz bustiriko egia dela uste dut, ez baikara etxetik mugitu behar aldaketa hau ikusteko"
Beldurraren aurrean kaosa. Arrazionaltasunari uko egin eta entzun nahi duguna bilatu eta aurkitzera ekin dio jendeak. Eta bitartean etxean egotera. “Egonean ez da ezer egiten” dio esamoldeak, eta ezer egin ezean, zertarako eman horretan denbora? Denbora, bai, gizarte mailako kondena honen zaindari. Gu, bitartean, edozein tokitan entzundako lelokeriez liluratu gera: Koronabirusaren aurkako gomendioak, etxean egiteko jarduerak, baina gehienbat buloak: komunikabideek eskaintzen duten boterearen eztiaz segundo batzuetan gozatzeko asmatutako gezurrak. Badaukate xarma gero buloek, azkenean ez dira indibiduo batek nahita asmaturiko gezurrak, “Patxik esana da” edota “Nekaneri entzun diot” gisako justifikazioek borobiltzen dituzten ipuin ditugu.
Krisi egoerek gizartean aldaketak ematen dituztela esan ohi da, eta ironiaz bustiriko egia dela uste dut, ez baikara etxetik mugitu behar aldaketa hau ikusteko. Fidagarritasun gutxi bermatzen duten hedabideen aurrean norbanakoak estrategia berria garatu du: begiz ikusten dudanak osatuko du nire errealitatea. Eraikuntza prozesu honetan, gainera, ez dago arrazionalizatzeko beharrik, aldaketa egoera batean gauden heinean, mundua ikusten eta hautematen dudan moduan ulertuko dut. Ikusi eta ikasi.
Egunak pasa ahala, bizitza komunitarioa errazten duen elementu batekin topo egin dugu, parez pare: balkoia. Herdoilduriko bizikletak, landare zaharrek, eta lehortzen dagoen arropak gustuz hartu gaituzte euren erreinuan. Balkoietan ahaztua genuen mundu miresgarri bat gogoratu dugu, teknologia berrien iraultzaren aurrekoa. Deskuidu batean ohartu gara hainbat bizilagunek osatzen dutela gure komunitatea, eta jada bakardade sentimendua asetu dugu. Talde berri bat jaio da! Zein prozesu polita Talde Psikologiako ikasleek aztertu dezaten!
Hori azterketa polita, bai, onddo liburuxka bat besapean eramanda mendian murgiltzen den mikologo sentitu naiz egun hauetan. Talde sentimendua azkar uztartu da “Balkonian” (Espainiar unitatea aldarrikatzen dutenek Tabarnia badute, balkoietako jendeak Balkonia behar luketela uste dut): txalotzea, kazeroladak, bizilagunen arteko jokoak, DJ altruistak,... Honek guztiak hautemandako pertenentzia areagotu du, etxean preso izatetik, balkoian libre izatera, eta Balkoniako lagunekin gauzak egitera eraman gaitu. Familia berri bat bakardade egoera honetan.
Baina ez dezagun ahaztu momentu kritikoak bizitzen ari garela: jendarteko kontaktua ekiditea beharrezkoa da erabat, eta zentzu honetan eztabaidak: zein da Arantxa Tapia eta konpainiak defendatzen duten produkzio eredua? Nola kudeatu behar da osasungintza egoera honetan? Zein zentzu du asteburua etxean pasa eta astelehen goizean jendez beteriko metroa hartzeak lanera joateko?
"Ez dezagun ahaztu momentu kritikoak bizitzen ari garela: jendarteko kontaktua ekiditea beharrezkoa da erabat, eta zentzu honetan eztabaidak: zein da Arantxa Tapia eta konpainiak defendatzen duten produkzio eredua?"
Tira, politikariak euren gerra egiten ari dira boterearen subiranotasun minimo bat bermatzeko, baina politikariak bakarrik? Ez, gerra egoera gizarteak hauteman behar du, hori da, gutxienez, Estatuko botere militarrak nahi duena. Diskurtso belizista ahoan eta eskua metralletan dutela atera dira kalera militarrak, presentzia poliziala areagotuz, herriaren zaindariak ote diren usteko dute. Kuriosoa da halako pandemia egoera batean indar militarrek birusa geldituko dutela pentsatzea, “antigorputz espainolen” gaia galduko ote nuen biologia ikastean. Mundu mailan eredugarria den AEBek argi daukate, azken asteetako armen salmentek egingo diote aurre osasun publikoaren gabeziari.
Eta AEB aipatuta, ikus dezagun benetan liluragarria den trantsizioa: 1971an, Philip Zimbardok Standforreko kartzela gisa ezagutu zen esperimentu famatua eraman zuen aurrera. Behatzaileen ezusterako, boterea esleitu zitzaien subjektuek azkar asko erabili zuten indarkeria, jokabide benetan sadikoak azalduz. Esperimentua bertan behera utzi, eta Pandoraren Kutxan sartu zuten ikerketa hura, giza eskubideen halako urraketa berriz eman ez zedin.
Zerk egiten du gaizto, orduan, gizakia? Ez dut lan hau Hobbes eta Lockeren kontratu sozialaren inguruko disertazio bihurtu nahi, baina Zimbardoren esperimentua kontuan hartuz, esan dezakegu botere esleipen minimo batek rol dominatzaile bat barneratzea daramala, eta rol dominatzaile honek bere boterea bermatu behar du dakien gauza bakarra eginez: dominatzea.
Balkoniara bueltatuz, egunak joan, egunak etorri, geroz eta tentsio gehiagorekin bizi da gizarte egoera. Lehenago borondatezko konfinamendu gisa hautematen zena, orain, inposaturiko egoera bihurtu da. Jendeak jada ikasi du etxean gelditu behar duela, autoritatearen zigorra ez jasotzearren, eta eskerrak, nahiko arazo bagenituen eta birusarekin!
Taldea, boterea, autoritatea, gerra,... inboluzioa. Tartiniren Sol menorreko biolin sonata bezala, Deabruaren Trino gisa ezagutua, termino hauek dantza makabro baten erara osatzen dute Balkoniako fenomenoa: atsekabetasun itsaso batean, tristuraz inguraturik, murgildurik aurkitzen den edertasuna.
Egoera ederra dela diot, betiere analisi sozial bat gauzatu dezaketela kontuan hartuz. Hau da gaur egungo bolada honetan nire buruak eman duen arrazionalizatze prozesua, gertakariak ulertu eta aztertzea, alegia. Hala ere, pentsamendu analitiko hau baztertuko banu, beldurra eta nazka lirateke gailentzen lehen emozioak.
Zer gertatu da, ba, Balkonian? Edo hobe esanda, zer ez da gertatu oraindik? Zimbardok irri maltzur batekin ikusiko du, ziurrenik, ematen ari den prozesu sozial hau. Balkonia erresistentzia da, gudariak dira, gerrate garaiko bandoa, eta jakin badakigu gerrateetan irabazle eta galtzaileak daudela soilik (galtzaileak denak, baina ulertzen da bandoen kontua). Zer da, beraz, Balkoniak egiten duena? Errazena: gizartean hartu duen botere estatusa bermatu, erresistentzia gisa bere burua identifikatu, talde sentimendua uztartu, baina, garrantzitsuena dena: zigortu.
"Egoera ederra dela diot, betiere analisi sozial bat gauzatu dezaketela kontuan hartuz. Hau da gaur egungo bolada honetan nire buruak eman duen arrazionalizatze prozesua, gertakariak ulertu eta aztertzea, alegia"
Autoritate hegemonikoko figurek ez dute balio: xakean bezala, beste partida bat jokatzen ari dira, haien desfile eta indarkeria erakustaldiek “hemen gaude” diote, baina balkoitik so egin eta “ez daude” dio Balkoniak. Hortaz, neurriak hartzea da geratzen den irtenbide bakarra, autoritatea taldekideengan esleitu, eta honen erabileraz gizarte kontrola bermatzea. Gainera, kontu erreza da etsaia identifikatzea: naziek besokoak eramatera behartu zituzten juduak, desberdintze soziala errazteko; desberdintzeko elementu hau beharrezkoa zen, bi taldeen arteko homogeneotasuna dela eta, ezinezkoa baitzen judu eta naziak begi-bistaz banatzea. Balkoiak dira, gaur egun, nazien besokoak; gizabanako bat gure taldekidea den edo ez jakiteko hurrengo behaketa egitea besterik ez da behar: balkoi batean dago? Erantzuna ezezkoa bada, beste talde bateko indibiduoa den seinale.
Eta has dadila akelarrea! Has dadila purga! Behatza altxa eta seinalatzea besterik ez da behar! Salemeko epaiketen antzera, sorgina identifikatu eta eraman dezagun sutara! Gu bezalakoak ez direnak ez ditugu onartuko! Gu etxean zigortuak eta haiek kalean? Ezta pentsatu ere! Balkoniako ez den jendeak gure giza eskubideak urratzen ditu! Eta hau onartezina da, jende honek ez du ezer merezi!
Hau da sortu den munstroa. Txakurra paseatzen duen bizilagunarekiko bekaizkeriak hauspoturiko herensugea. Kalera irtetea inoiz baino arriskutsuagoa da orain, poliziaren isun nahia ez asetzearren buru-belarri ibili ez, eta arreta balkoietan jarri behar baitugu. Egoera distopikoa, eta esan beharra dut ez dudala inoiz Lovecraft-en La Sombra Sobre Innsmouth eleberriko protagonistarekin hainbeste enpatizatu. Beldurra eta ezjakintasuna, hasieran aipatu bezala, etxean lotzen gaituen binomioa.
Analisi apokaliptiko honek korronte existentzialista ekartzen dit burura, gizakiaren izatea dudan jarri eta hausnartzera. Ikusitakoak ikusita, ez dakit zer espero dudan konfinamendu hau bukatzen denerako. Izan liteke egoerak hobera egitea, edo alderantziz, geroz eta bereizketa handiagoak ematea sortu berri den gatazkaren inguruan. Hala ere, denboraren menpe egonda, jakin badakit hurrengoa: egoera honek zailtasun sozialak bizi dituen jendea baztertzen duela gehien.
Igande arratsaldetan telebistan ematen dituzten sasi komedia estatubatuarren antzera, gizarte ikuspegi orokortua dugu: badira existitzen diren gauzak, agerikoak, baina beste asko isilpean geratzen dira ahaztuta. Honela, pobrezia, depresioa, prekaritatea, herstura nahasteak, suizidioa, eta beste hainbat nahaste psikologiko bigarren plano batean bizi den jendeak pairatzen ditu. Gure gizartearen alde ustela tapatzen dugu, eta ikusten ez badugu, existitzen ez den seinale. Hemen jarri behar dugu, psikologo bezala, fokoa: ikasi eta barneratu dugun gizabanako prototipikoaren ezaugarriak partekatzen ez dituen jendean, alegia. Norbanako hauek dira Balkoniako errepresio inkisitiboaren aurrean pertsona zaurgarrienak, eta gure lana da pertsona hauek ahalik eta hobekien zaintzea gizarte sistemaren moraltasuna bermatu nahi badugu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Bizipen multzoa da gure historia. Esperientziek osatutako atal eta kapituluak. Errutina eta egunerokoa zipriztintzen dituzten gertaerak. Baina adin batera iritsita, bizi izandako momentu batzuk atzenduta geratzen dira, buruaren zokoren batean ostenduta. Ez ahaztuak,... [+]
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]
Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak... [+]
Ez dira gauza bera. Sistema demokratiko bat, edozein eskalan, parte-hartzailea ez bada ez da demokratikoa. Demos batek ez badu lehentasunik erabakiak hartzerakoan, demokrazia eredu hori hutsala da. Israelgo Estatuan hauteskundeak egiten dira, baina ariketa politiko horrek ez dio... [+]
Teknologien azken joerengatik galdezka aritu da mastodon.eus-eko erabiltzaile bat, ezagutzen zuenak ez baitzion zirrararik eragiten. Zer pentsatua eman digu zenbaiti, eta jaso dituen erantzunak oso ezberdinak izan dira.
Nik adierazi diot teknologiek gizakion arteko... [+]
Ez dut ikusi nahi gorputza arimaren kartzela gisa. Baina ezin dut saihestu gorputz atletikoak, gazteak, osasuntsuak, ulertzea luxuzko ibilgailuak balira bezala, jabeen eramaile arinak. Gazte (osasuntsu, atletiko) ez garenon gorputzek ere bere jabeok eramaten gaituzte, baina kasu... [+]
Ikasturtearen hasiera, lankideekin, laneko deskantsuan, kafe baten inguruan, atzean utzitako hilabeteen oroimenak mahairatuz. Deskantsua paraje desberdinetan egin izanagatik ez ditugu alboratu gizarte gisa ibiltzen dugun garaia. Distantzia hartu eta geldiunean gaudenean gai gara... [+]
Trumpen muga-zergen dantza da azken hilabeteetako berri nagusietako bat. Gerra komertziala eta ekonomikoa hedabideen eta analisten ahotan daude oraindik ere. Gehienetan, baina, herritarrei gauzak era oso sinplean azaltzen zaizkie, gutxi-asko esanez Etxe Zurian ero bat dagoela... [+]
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]
Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.
Akordatzen naiz Blanca Llum Vidal poeta maitasunaz hizketan entzun nuen lehendabiziko aldiaz. Bere esperientziaz aritu zen, besteak beste. Esan zuen bere ordura arteko bizitzan maitasuna beti amaitzen zela, baina maitasunak ez lukeela amaitu beharko sentituz bizi dela. Ez dela... [+]