ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 07a

Hor dira geure paperak

  • Irailaren 10ean Iruñean jokatu zen Joanikot pastoralaren kronika.

Patxi Larrion @plarrion
2017ko irailaren 11

Hiri Buruzagian behar zuen. Altzai eta Lakarriko herritarrek Iruñeko Baluarten eman zuten pasa den igandean Joana Etxartek idatzi Joanikot pastorala. Testuan nonahi ageri da geure imajinarioa. Bai, Iruñean behar zuen.

Euriak eragotzi zuen karrika-ingurua.  Ezin izan genuen Arberoako Joan  Frantziako ataritik Baluartera promenatzen ikusi. 1521ean Donibane Garazin atxilo hartu eta Iruñean laurdenkatu zuten Joanikot kapitaina, eta, patuaren kiribilak, konkistatzaileek XVI. mendean eraiki bastioian haragitu zen geure imajinarioa Arberoako Joan eta emazte Oztako Maiaren eskutik.

"Joanikot izan zen erruduna". Aldamenekoa mintzo zait, nonbait pastoralaren sujeta gogoan semeari Joanes paratu zioten. Liburuxka lagun, nonahi atzeman ditugu Nafarroa Garaiari eta bereziki Iruñeari egindako erreferentziak, horietako batzuk geure iruditerian berriki txertatu direnak, Jerusalem galdua kasurako. Bestalde, pastorala honen geografia marrazten ahalegindu gara, eta esanguratsua oso begitandu zaigu Arberoa-Ozta-Tebas ardatzarena.

"Prozesu hori ikusia dut". Artxiborako tirria du lagunak eta patua ageri da berriz ere,  pastoral batean, Altzai-Lakarrin, Mañuetan edota Etxalarren, prozesua da gakoetako bat, prozesua da berritasun gutxien ametitzen duena, eta Nafarroako Konkista ikertzean prozesuak, epaiketak izan dira informazio iturririk behinena. Etxarteren balizko iturriak zerrendatzen ahalegindu gara, baina berehala uxatu dugu ariketa, afera ez baita Altzai-Lakarrikoek J. M. Lakarraren liburuak ezagutzen ote dituzten, Pedro Esarte edota Peio Monteanoren ikerketen berri ote duten... Joanikot pastorala historian murgiltzeko era gustagarria ere izan daiteke, eta pasa den igandean Iruñeko Baluarten,epaiketa guzien gainetik,  imajinarioa garaile atera zen.

"Hori oparia egin digutena!" Ez diot berehala ulertu, Iruñar jente fierrak estribilloaz ohartarazi dit lagunak, godaleta eskuan kantatzeko moduko ereserkia iruditu zaio Joanesen aitari, hurrengo Sanferminak izanen ditu gogoan, menturaz txikitoak.

"Horiek feriatu behar ditut". Arizale baten galtzak ditu aipagai. Diseinu kontuetan iaioa da bera, arizaleen arropa merkaturatzea proposatzen ari ote den otu zait. Ez zen munta txikiko berritasuna izanen. Berrikuntza izan dugu hizpide, bera alde, osotoro alde, eta 2014ko maiatzaren 17an Etxekopar-Lougaroten Ederlezi pastoralaren kari gertatu pasadizoa ekarri du gogora.

Larunbata da, bazkalondoan ari gara Iruñeko Duguna taldearen egoitzan,  ipar-haizea lagun ezin izan ditugu eszenatokia edertzen duten oihalak ezarri. Ordubete falta da pastorala Iruñeko Burgoen plazan eman dezaten. J. Christophe mahaitik altxatu eta kanpora joan da, behin karrikan espaloiaren goiko aldea hobetsi du luzaketak egiteko tenorean, nire presentziaz ohartu eta Iruñeko Artxibategi Nagusiari begira baieztapenetik duen galdera egin dit: "Hor al dira geure paperak?".

Bai, bertan dira geure paperak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Pastorala  |  Nafarroaren Konkista  |  Iru˝ea

Pastorala kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude