Hitzak motz geratu direnekoa

  • Greba, planto, amantalak zintzilik, bakoitzak bere modura eta bakoitzak beretik emanda. Horiek izan dira mugimendu feministaren aukerak aurtengo M8rako. Zabalak eta denon ahal-gusturako. Herriak, baina, bestela erantzun du: saltokiak itxi dira, bazterrak pankartaz bete dituzte eta kaleak lehertzear egon dira. 2018ko emakumeen nazioarteko eguna ez da beste egun more bat izango; idatzita dago jada.

Goizean goizetik girotu da Donostia. Bizikleta martxak emakume ugari bildu ditu eta motorrak berotzeko balio izan du. Eztanda, ordea, ondoren iritsi da: Bulebar etorbidea txiki geratu da eguerdi aldean. Ordurako gainditu dira mugimendu feministak egindako aurreikuspen guztiak. Jarrera baikorrenak ere ez luke horrelakorik imajinatuko. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak bildu dira, herrialde ezberdinetakoak, klase ezberdinetakoak. Funtsean, emakume borrokalari eta anitzak.

Goizak eman duena ikusita, eguerdia indarrak hartzeko unea izan da. Baina gutxik esperotako ezusteko bat iritsi da: Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak iradoki bezala, deabruak azaldu dira hirian eta aurpegia eman dute Artzain Onaren aurrean. Dudarik gabe, eguneko argazkietako bat izan da.

Greba klasikoaren estandarra albo batera utzi gabe, eredu berriak ere sortu daitezkeela erakutsi dute milaka emakumek. Hainbat etxetan nahiz hezkuntza zentroetan gertatu diren kaos “txiki-handiak” emakumeek daukaten lan karga azaleratu dute. Gizonek kargu hartu behar izan dute, zenbat izan diren oraingoz ezin zehaztu bada ere, hausnarketa prozesu bat abiatzeko balio izango du. Emakumeek erakutsi dutena da nazkatuta daudela, gainkarga handia bizkarrean daramatelako eta egunak joan ahala ezer gutxi aldatzen delako.

Martxoaren 8ko ohiturari jarraituz, Bulebarrean biltzekoak ziren donostiarrak. Tradizioa izanik ere, historia egin zen atzo: manifestazioren buruak buztana harrapatu du. Aldarrikapen oihuak ozen entzun dira. Zarata nonahi izan da. Irrintziak bazter guztietan entzun dira. Historikoa izanda ere, ez dezala erlaxatzeko balio eta hurrengo urtean beste hainbeste elkartzeko balio dezala.

Bulebarrak ezohiko irudia eman du 22:00ak iristear zirela: kalea moztuta, autobusak geldirik eta emakumeen joan etorria errepidean. Esperientzia gehien dutenak Donostian halakorik inoiz ez dela izan nabarmendu dute hedabideen aurrean. Gazteenek ilusioz ospatu eta borrokatu dute eguna. Erabat konforme geratu ez  denik ere egongo da, baina biharamuneko egunkariek nekez azpimarratuko dute balorazio ahulik. Greban parte hartu dutenen tripetan beste zerbait mugitu da: Eta mugimendu handiago baten hasiera baino ez dela dirudi.

Hausnarketarako balio izan du, barrenak mugitzeko, kaleak betetzeko, eskolak husteko, saltokiak ixteko, zaintza lanak baloratzeko, alboko emakumea gehiago miresteko, elkarrengandik gertuago sentitzeko, indarrak batzeko. Inork gutxi espero zuena gertatu da eta testigu izateko parada izan dugu. Hemendik urte batzuetara emakume askok akorduan gordeko duten eguna izan da. Bilobei kontatzen zaizkien horietakoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude