'Hiruka' ekonomikoki itolarrian dago eta babes kanpaina abiatu du

  • Uribe Kostako euskarazko hedabideak, urtea amaitu baino lehen babesle gehiago aurkitu ezean haren iraupena kolokan dagoela ohartarazi dute. Duela lau urte sortu zen Hiruka, eskualdeko hainbat hedabide elkartuta.


2018ko azaroaren 23an - 08:42
'Hiruka' Uribeko Kostako euskarazko hedabideak babes kanpainarako erabili duen irudia (arg: Oskar Gutierrez / Hiruka)

Hiruka-ren webgunera sartzen denak edo haren papereko astekaria jasotzen duenak, albisteetako argazkien ordez mezu deigarria irakurriko du egunotan: “Argazki batek egon behar zuen hemen, baina Hiruka-ren egoera larria dela-eta, ezin dugu gure lana behar bezala bete”. Hedabidea babestuko duten lagun berriak lortzeko Zu zara giltza kanpaina jarri dute abian, urtea amaitu baino lehen 333 hirukalagun lortzeko asmoz, zifra sinbolikoa baina garrantzitsua aurrera segi ahal izateko.

Uribe Kostako euskal komunikazio proiektuaren aurreikuspen ekonomikoak ez dira betetzen ari aurten: publizitatearen arloan behera egin du eta herritarren aldetik ez dute esperotako babesa lortu. Gainera, erakunde publikoen diru-laguntzek ere “gorabehera asko” izan dituzte, Unai Brea Hiruka-ko kideak azaldu duenez. “Proiektuaren iraupena oso kolokan dago”, ohartarazi du kazetariak, eta oraindik ezer erabaki gabe duten arren, seguruenik baliabide gutxiago eskatuko dituen beste plan bat egin beharko dute hedabidearentzat.

2015eko urtarrilean sortu zen Hiruka kooperatiba gisa, krisi garai betean, UK aldizkariak eta UKberri.net agerkari digitalak bat egin ostean. Baina diru-laguntza publikoak ez ziren tamaina horretara egokitu eta hori ei da egungo egoeraren arrazoietako bat. Azaldu dutenez, administrazioarekin ere harremanetan daude irtenbide bila.

Euskaraldiaren aparretan, ura orkatiletaraino

Edukiak sakontasunez lantzen dituen 16 orrialdeko astekaria egiten du Hiruka-k eta 8.000 ale zabaltzen ditu eskualdean, 450 banaketa punturen bidez. Horrez gain, webgunean egunerokotasunari loturiko albisteak eta multimedia ekoizpenak paratzen dituzte: “Hurbileko informazioa jorratzen dugu, hurbileko protagonistei hitza eman. Baina eskualdean jende asko bizi da, eta Euskal Herriko edo atzerriko pertsonaia inportanteak pasatzen direnean horien berri ere ematen dugu”, dio Break.

Hiriburuen ostean, 'Hiruka' da jende gehienarengana irits daitekeen tokiko hedabidea: 102.000 euskaldun hartzaile

160.000 biztanle inguru biltzen ditu Uribe Kostak –horien erdia Getxok–, zentzu horretan, hiriburuen ondoren, Hiruka da jende gehienarengana irits daitekeen tokiko hedabidea: 102.000 euskaldun hartzaile egon daitezkeela uste da. Baina eskualdea oso erdalduna dela oroitarazi digu Hiruka-ko kideak, euskara ezagutzaren eta erabileraren artean langa handia dago: “Hemen euskaraz bizi nahi duen jendearentzat komunitate trinkorik ez dago, peleatu behar den eremu bat da. Eta zentzu horretan Hiruka bada arnas gune bat, euskara hutsezko informazioa ematen”.

Hiru hankako proiektua izateko bokazioz jaio zen Hiruka, eskualdeko irratiari berriz ekitea baitzen bere etorkizuneko asmoetako bat. Orain, ikusteke dago hamar udalerri eta hamaika auzotan euskaraz sintonizatzeko aukera izango ote duten, bertokoaren berri jasotzeko.

Euskaraldiaren aparretan gaude, baina beste behin euskal hedabide batek ura orkatiletaraino dauka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Eguneraketa berriak daude