ARGIA.eus

2021eko maiatzaren 06a

Hiru urteko espetxe zigorra Sarkozyri ustelkeria eta influentzia trafikoarengatik

  • Frantziako presidente ohiak urte bakarra bete beharko du zigorretik, eta epaitegiak aukera eman dio espetxetik kanpo betetzeko. Helegitea aurkezteko aukera du oraindik politikariak. Beste bi epaiketa ditu zain, 2007ko eta 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainak legez kanpoko finantzatzeaz akusatuta.

ARGIA @argia
2021eko martxoaren 01a

Akusazioaren oinarria 2014an Poliziak grabatutako elkarrizketa batzuk dira. Sarkozyk bere abokatu Thierry Herzogekin hitz egiten du grabazio horietan –Paul Bismouth izen faltsuarekin kontratatu zuen telefono linea bat erabilita–. Epaitegiak frogatutzat jo du Sarkozyk eta Herzogek Kasazio Auzitegiko epaile zen Gilbert Azibertirekin “ustelkeria ituna” egin zutela: epaileak sekretupeko informazio bat helaraziko zion Sarkozyri, akusatua zegoen beste kausa baten ingurukoa, eta trukean Sarkozy saiatuko zen Azibertiri Monakon postu bat lortzen.

Frantziako presidente ohiari (2007-2012) hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Parisko Auzitegi Korrekzionalak, baina epaitegiak erabaki du horietatik bi ez direla bete beharrekoak, eta aukera eman dio hirugarrena etxean betetzeko, edo eskumuturreko elektronikoaren bidez lokalizatuta. Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu zuen, bi bete beharrekoak. Zigorra betetzeko modua halere irekita dituen beste kausetan gertatzen denak baldintzatu dezake. Sarkozyk helegitea aurkeztu dezake epaiaren aurka. Aziberti eta Herzog ere espetxe zigor berdinera kondenatu dituzte, eta abokatuari bost urteko gaitasungabetzea ere ezarri dio.

Epaiketa gehiago, hilaren 17an hasita

Aurrera begira beste bi epaiketa ditu zain Sarkozyk. Hilaren 17an hasiko den prozesuan, 2012ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako kanpaina legez kanpo finantzatu izana leporatzen zaio, Bygmalion komunikazio enpresarekin faktura faltsuak sortuta. Datarik ez duen bigarren epaiketan ere finantzazio irregularra egozten zaio, baina 2007ko presidentetzarako hauteskundeetan eta orduan Libiako presidente zen Muamar al Gadafik emandako dirua baliatuz.

Zigorrak presidente ohiaren etorkizun politikoa baldintzatu dezake, LR Errepublikanoak alderdiko sektore batzuek bera bultzatu nahi baitute 2022ko hauteskundeetan presidentegai izateko. Sarkozyk bere errugabetasuna defendatu du uneoro.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Nicolas Sarkozy  |  Ustelkeria

Nicolas Sarkozy kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude