Hego Koreako emakume baserritarrek gobernuko presidentearen dimisioa eskatu dute

  • 1.000tik gora emakume elkartu ziren abuztuaren hondarrean 2023ko Emakume Baserritarren Biltzar Nazionalean. Yoon Seok-yeol Koreako Gobernuko presidenteari kargua uzteko eskatu diote, nekazaritzarentzat eta nekazarientzat kaltegarriak diren politikak ezartzen ari delako.


2023ko irailaren 12an - 08:10
Argazkia: Korean Agricultural News.

Korean Agriculture News-ek argitaratutako artikulua jaso du bere webgunean Via Campesinak. Iturri horretan jasotzen den kronikak abuztuaren 23ko biltzarraren eta mobilizazioen berri jaso du. Ekitaldia Hego Koreako Emakume Baserritarren Elkarteak antolatu zuen eta COVID-19 ondorengo lehenengo konferentzia izan zen.

Elkarteko lehendakari Yang Ok-heek nekazariek bizi duten egoera estua salatu zuen, baita agintariek duten jarrera tamalgarria ere. Yangen hitzetan, joan den hilean euri jasa gogorrak izan zituzten eta nekazarien lurrak urak estali zituen. Hainbat nekazari hil zen. Garai horretan presidenteak egindakoa kritikatu du Yang Ok-heek: “Albistegietan ikusi nuen presidentea Ukrainara joan zela gerra babestera eta emazteak luxuzko gauzak erosteko baliatu zuela bidaia. Zalantza dut presidente hori herrialde honetarako gai den”. Elkarteko kideen ustez, Amerikako Estatu Batuen, Hego Korearen eta Japoniaren arteko aliantza militarra sendotu izanak Hego Korean gerra arriskua areagotu du.

Yangek gaineratu du Hego Koreako presidenteak nekazarien eskaerei entzungor egiten diela: “Orain gure bizitzak arriskuan jarri behar ditugu eta itsasoan barneratu. Yoon Seok-yeolen gobernuarekin haserre nago, jendearen segurtasunaz eta bizitzaz ez da arduratzen, eta aldiz, begiko du ur kutsatu erradiaktiboa askatzeko Japoniaren plana”.

Argazkikoa Yang Ok-hee da, Hego Koreako Emakume Baserritarren Elkarteko lehendakaria. Kartelean 'elikadura burujabetza' dago idatzita. Argazkia: Han Seung-ho / Korean Agriculture News.
Nekazariak bigarren lanetan, hilaren bukaerara iristen ez direlako

Kim Mi-sun nekazariaren adibidea eman du Korean Agriculture News hedabideak. Kalabazak eta piperrak ereiten ditu hainbat negutegitan. Nekazaritza politikek eraginda, prezioen beheraldiaren ondorioz, ezin du lurretik soilik bizi. Hamar urte daramatza zaintzaile lanetan. Goizeko bostetatik zortzi eta erdiak arte negutegietan jarduten du, bederatzietatik ordu biak eta erdiak arte zaintzan ari da eta hiruretatik aurrera lurrari lotzen zaio berriro. Lanbide bikoitza izateaz gain, eskubide ezaz kexu da: “Laborantza-kudeaketaz arduratzen diren elkarteetan ezin dut izenik eman nekazari laguntzaile gisa, eta beraz, ez ditut jasotzen baserritarrei ematen zaizkien onurak”. Kim Mi-suni gertatzen zaion bezala, emakume baserritar askok dituzte bi lanbide, sarri bigarrena zaintza esparruan izaten da, eta bigarren horretako langile gisa erregistratuta daudenez, nekazaritzako politiketatik at gelditzen dira.

Biltzarra hiru gairen inguruan ardaztu zen: herrialdeko presidentea kargutik botatzea, elikagaien burujabetza gidatzea, eta justizia klimatikoa.

Argazkia: Korean Agriculture News.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hego Korea
Txipen hornidura krisia
Gailur bat gutxiago, kolapsora bidean

Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu... [+]


Hego Koreako koronabirus agerraldi berri batek Seulgo tabernak ixtera derrigortu ditu

Igandean 34 kasu berri zenbatu zituzten Hego Korean, apirilaren 9tik herrialdeak izan duen zifrarik altuena. Agerraldia hiriburuan eman zen, gau giroko tabernetako erremuan. Hori horrela, Gobernuak tabernak ixteko erabakia hartu du.


Koronabirusaren krisia kudeatu duen presidenteak gehiengo absolutuz irabazi ditu hauteskundeak Hego Korean

300 eserlekutik 180 eskuratu ditu Moon Jae-inen Alderdi Demokratak. 1987tik, diktaduraren osteko lehenengo hauteskundeetatik, gehiengo handiena izan da Jae-inena. Parte hartzeak ere gora egin du, %66,2koa izan da; altuena 1992tik.


Eguneraketa berriak daude