Liskar larriak Hego Korean, presidentea ustelkeriagatik kargugabetu ondoren

  • Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak onartu du Park Geun-hye presidentearen kargugabetzea. Asanblada Nazionalak abenduan egin zuen proposamena, herrialdean inoiz egondako ustelkeria eskandalu handienarekin lotu zutenean. Hego Korean hauteskunde bidez hautatutako lider bat kargutik kentzen duten lehen aldia da. Hauteskundeak egin beharko dituzte 60 eguneko epean, eta eskualdearen oreka geopolitikoa kolokan egon daiteke.


2017ko martxoaren 10ean - 11:59
Liskarrak Seuleko kaleetan (Arg.: Reuters)
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Hego Koreako multinazionalak presionatu izana leporatu diote Park Geun-hyeri, bere gertuko enpresari baten konpainietan diru kopuru handia sar zezaten. Eskandaluak Hego Koreako enpresa talde nagusia zipriztindu du: Samsung. Enpresaren oinordekoa atxilotu dute, eroskeria eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta.

Auzitegiaren erabakiak askotariko erantzunak eragin ditu. Presidentearen aurkakoek pozez hartu dute berria, baina haren aldekoak kalera atera dira, kargugabetzearen aurka protesta egitera. Poliziaren eta manifestarien artean liskar gogorrak egon dira eta bi pertsona hil egin dira.

Park 2012an heldu zen presidentziara, programa kontserbadore batekin eta Ipar Korearen aurka gogor aritzeko promesarekin. Hego Koreako lehen emakume presidentea izan zen. Oso emaitza onak izan zituen hautestontzietan, baina haren ospe onak behera egin zuen eta iazko azaroan ehunka pertsonak kargugabetzea eskatu zuten. Azkenean, Asanblada Nazionalak kargutik kentzeko proposamena egin zuen eta tribunalek onartu dute. Gaitasungabetzeak immunitatea kenduko dio eta, ondorioz, epaitu ahal izango dute.

Hurrengo presidenteak arazo geopolitikoei aurre egin beharko die

Kargugabetzearen berrespena eta hauteskundeen deialdia garai nahasietan heldu dira. AEBak eta Hego Korea misilen aurkako sistema bat hedatzen hasi dira (THAAD izenekoa) Ipar Koreari aurre egiteko, eta erabakiak Txinaren haserrea eragin du. Aldi berean, Ipar Koreak bere armamentu programarekin jarraitzen du eta aste honetan lau misil jaurti ditu Japoniako itsasora. Hauteskundeak irabazten dituen alderdiak egoera hori kudeatu beharko du.  

Oraindik ez da zehaztu hauteskundeen data, baina datozen hilabeteetan izango dira eta oposizioaren alderdi nagusia, Koreako Alderdi Demokratikoa, da gogokoena herritarren artean.


Hego Korea kanalean gehiago
2024ko irailaren 18
José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
"Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu"

2021eko abenduaren 7
Txipen hornidura krisia
Gailur bat gutxiago, kolapsora bidean

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...