"Hedabideek gazteoi buruz sortzen dituzten estereotipoetatik kanpo dagoen telebista izan nahi dugu"

  • Sareko telebista berri batek argia ikusiko du urtarrilaren 14an: Blai Gazte Telebista estreinatuko da, 2016ko Gazteraiki topaketetan lantzen hasi ziren egitasmoa. “Ikuspuntu kritikotik gazteontzat interesgarriak diren gaiak landuko ditugu”, azaldu dio ARGIAri Garazi Conde Orubek (Lesaka, 1995). Telebistako kide da eta  "Intriga sortzeko" primiziak azken une arte gordeko dituztela onartu duen arren, proiektuaren nondik norakoak kontatu ditu hurrengo lerroetan.

Hiru formatu izango ditu telebistak. Irudian, Mahai Gainera izeneko saioa.

2018ko urtarrilaren 04an - 10:50

Zer aurkeztuko duzue urtarrilaren 14an?

Martxan jarriko dugun proiektua Blai gazteon telebista da, 2016ko abenduan egin ziren Gazte Eraiki topaketetatik sortu zen egitasmoa. Komunikazioaren lan ildoan hainbat pertsona ibili ziren lanean eta gazteontzako telebista batek nolakoa izan behar zuen galdetzera eraman zigun eztabaidak. Urtebeteren ostean, telebista alternatibo bat sortu dugula uste dut; ikuspuntu kritikotik eduki propioak ekoiztu eta argitaratzeko aukera emango diguna. Hedabide handiek Euskal Herriko gazteen inguruan sortzen dituzten irudi estereotipatuak ere baztertu nahi izan ditugu. Gazteok gazteontzat sortu dugu. Urtebetez nahiko isilpean ibili gara lanean eta azkenean urtarrilaren 14an hasiko gara emititzen.

Nola gauzatuko dituzue xede horiek?

Telebista xumea da, ez da telebista kate handi bat. Proiektuan gabiltzan guztiok boluntarioak gara eta baliabide oso murritzak ditugu. Hala ere, saiatuko gara formatu ezberdinak sortzen gure helburuak betetzeko. Hiru saio mota izango dira momentuz: ikuspuntu kritikotik landuko den mahai-inguru bat, umorezko albistegi bat eta gazte musikariak oinarri izango dituen saio bat. Lehenengoan gai ezberdinak nahi ditugu landu, gazteen interesekoak direnak. Euskal gazteen artean umorea gutxi erabiltzen den tresna dela uste dugunez, umorezko albistegi bat ere sortu dugu. Azkenik, kontzertu-elkarrizketa formatuan musikaz arituko gara hainbat gazterekin. Laugarren saio bat ere egiteko asmoa dugu baina momentuz ez dugu ezer zehatzik.  

Urtarrilak 14an aterako den saio horretatik, zerbait esan dezakezu?

Estreinaldia Mahai Gainera izeneko saioarekin egingo dugu. Mahai-ingurua izango da eta gaiari dagokionez, ezin dut ezer aurreratu. Primizia azken astera arte gorde nahi dugu, intriga sortzeko. Esan dezakedana da, gai polemiko xamarra dela eta gazteoi zuzenean eragiten digula.  

Aurrerantzeko gaiak nondik joango dira?

Gehien bat gazteoi interesatzen zaizkigunak eta eztabaidarako aukera ematen duten gaiak izango dira: kontsumo ereduak, alternatibak, feminismoa… Saio batzuk grabatuta dauzkagu eta horiek botatzen hasiko gara. Ondoren ikusiko dugu nondik jarraitu. Iritzi ezberdineko jendea biltzen saiatuko gara, eztabaidak anitzak izan daitezen.

Profil ezberdinetako gazteengana iritsi nahi duzue?

Bai, azkenean gazte euskaldunentzat planteatzen dugu telebista, orokorrean. Ez dugu mugarrik jarri nahi. Hori dela eta, euskaraz izango da, euskara hutsean. Ezinbestekoa dela ikusten dugu euskaraz izatea, gazte guztiek ulertu ahal izateko.

Lan taldea boluntarioz osatuta dagoela aipatu duzu. Nola ari zarete antolatzen?

Dena antolatzeaz arduratzen den koordinazio talde bat dugu. Hala ere, saio bakoitzak bere lan taldea du. Gutxi gorabehera bost eta hamar lagunek osatua. Ideiak jasotzeko prest gaude, asko eskertuko ditugu, eta interesa duen edonor jarri daiteke gurekin harremanetan. Ez da proiektu itxi bat, are gutxiago lan talde itxi bat eta jendeari parte hartzeko deia zabaldu nahi genioke.

Estreinaldiko ordua eta eguna deigarriak dira: urtarrilaren 14an, igandea, arratsaldeko 20:00etan.

Ez du misterio berezirik igandea aukeratu izanak lehenengo saioa argitaratzeko. Igandeak, eta igande arratsaldeak batez ere, nahiko egun “hilak” direla pentsatu genuen: ikasleak ikasten duten hirietara itzultzen dira eta orokorrean mugimendu gutxiko tartea izaten da. Hori dela eta, edukiz hutsik dagoen momentu hori aprobetxatu nahi izan dugu. Gainera  jendeak saioa elkarrekin ikusteko ekitaldiak antolatu ditzakeela pentsatu genuen. Ideia hori zabaldu nahi dugu: jendea gaztetxeetan, tabernetan edo beste lekuren batean bildu dadila saioa elkarrekin ikustera.

Hala ere, igandeaz gain, beste egunetan ere ikusteko aukera izango da.

Argi utzi behar da web-telebista bat dela eta edozein momentutan egongo dela ikusgai: Youtuben publikatuko dugu saioa, baita Topaturen webgunean ere. Tokiko telebistekin ere elkarlanean gabiltza, laguntzarik behar izanez gero beraien sostengua izateko. Hala nola, Hamaika Telebistarekin edo Kanalduderekin.

Erronka bat izan da Blai Gazte Telebista sortzea?

Bai, ikaragarrizko erronka izan da. Alde batetik, proiektuan inplikatuko den jendea lortu behar da. Proiektu erakargarri bat sortzen saiatu gara eta hori ere ez da lan erreza. Lan taldearen antolakuntza eta telebistaren nondik norakoak zehazten ere orduak pasa ditugu, besteak beste, gaiak nola landuko ditugun finkatzen. Dena dela, azkenean atera da eta ikusiko dugu ea zer moduz joaten den.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komunikazioa
2024-03-31 | Tere Maldonado
Mezu subliminalak

Mezu subliminalak hartzailearen kontzientziarentzat hautemanezinak diren noranzko bakarreko komunikazioak dira, eragina izan dezaketenak haren nahimenean, portaeran edo pentsamendu kontzientean. Horregatik, mezu subliminal eraginkor bat izate hutsa manipulaziotzat har daiteke:... [+]


Euskarazko Wikipedia genero desoreka gainditzeko lanean

Historikoki egin diren entziklopedia gehienetan gizonezkoek leku handiagoa izan dute emakumezkoek baino. Wikipedian ehunekoa handiagoa bada ere, desoreka nabaria da. Gauza bera gertatzen da euskarazko Wikipedian ere. Hala ere, egoera horri buelta eman nahian ari dira wikilariak.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude