Hausnartzeko


2023ko otsailaren 01an - 16:43
Hitzak bereizten

Teoria hutsean, hezkuntza ez da irakaskuntzaren berbera. Baina, esanahien diferentzia nabaria dela dirudien arren, etengabe nahastu egiten dira bi kontzeptu horiek. Eta ez bakarrik horretaz ezer berezirik jakin beharko ez lukeen jendearen artean, baizik eta administrazioan ere gauza bera errepikatzen da, behin eta berriz.

Egia da, hala bata nola bestea gizarte osoari dagozkiola, honetan hezi eta irakatsi egiten dugulako, baina, dudarik gabe, ikastetxeen ardura nagusi erreala irakastea da, hau da, ikasleei transmititzea gizarteratzeko barneratu behar dituzten ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak. Heziketa, berriz, gizarte osoari dagokio, familiatik abiatuta, eta lagunekin, eskolarekin eta komunikabideekin, besteak beste, jarraituta. Eta balioekin erlazionatuta dago, hots, izaera etiko-morala eratzen duten edukiekin. Beraz, ikastetxea heziketa prozesuan parte hartzen duen elementu bat baino ez da, garai batean oso inportantea, baina, gaur egun, etengabe eragina galtzen ari dena, irakaskuntzaren gerizpean geratzen delarik.

Baina, ez al da posible eta komenigarria ikastetxeetan biak uztartuta egotea? Eta, horrela balitz, nola egin beharko litzateke?

Irakastea

Zer da gizarte batek egin beharko lukeena irakaskuntza antolatzeko eta, bide nabarrez, heziketaz arduratzeko? Dudarik gabe, ezer baino lehen, zein diren heziketaren helburuak eta horien arabera irakaskuntza prozesua antolatu.

Historikoki, boterearen nahia une bakoitzean dagoen egitura soziala mantentzea izan da helburu hori, Platonengandik hasita, zeinek heziketa bere hiru klase sozialak mantentzeko proposatu zuen, gaur egun arte, non datu guztiek irakaskuntzaren antolakuntzak dagoenaren errepikapena bilatzen duela frogatzen duten. Hau da, botereak hezkuntza irakaskuntza barnean nahastea eta desegitea bilatzen du, betikotzeko, eta doktrinatzea da erabiltzen duen tresna.

Boterearen nahia eta errealitatea, ordea, ez datoz bat sarritan. Horren froga garbia frankismoaren esperientzia dugu. Izan ere, baliabide guztiak jarri zituen, Eliza Katolikoaren hierarkiak lagunduta, herritarrak haren ideologiari moldatzeko, baina, urteen poderioz, alderdi komunistak, sozialistak, independentistak, anarkismoa, sindikatuak, eta beraren kontrako abar luze bat izan ziren emaitza.

Zer ondorio atera ditzakegu hortik? Bat, gutxienez: doktrinatzeak ez du bermatzen ideologiaren transmisio fidela.

Hori jakinda, zer ote da bermatu nahi dena “hezkuntza sistema publiko burujabea” aldarrikatzen denean? Zertan datza abantaila: burujabea izatean edo duen helburuan, delakoa dena? Eta, azken honetan balitz, zein da helburu hori bera nahiago izateko: doktrina baten truke beste doktrina zabaltzea? Doktrinatzea da benetako akatsa, eta ez hainbeste doktrina zehatza.

Egoera

Aurrekoaren ondorioz, eta iradoki bezala, ikastetxeak ikasleek bizitzan zehar jasotzen duten besteen arteko eragin bat baino ez dira eta, agian, ez inportanteena. Gainera, ikasleak ez dira Pavloven zakurrak bezalakoak, baizik eta ematen dieten informazioa interpretatzen dute, haien eskema mentalen arabera: batzuetan, informazio hori onartuz; besteetan, bera kritikatuz. Gainera, askotan, ikasleriak nahitaezko irakaskuntza nahitaezko zerbait bezala hartzen du, irakaskuntza baino, honek dakartzan ondorioekin. Irakasleria, bere aldetik, ez da prestatua izan psikologoak, izpiritu aita-amak edo ikasleen guraso birtualak izateko, eta ez zaizkio eman sortzen diren gatazkak konpontzeko behar diren ikasketa soziologikoak edota antropologikoak. Baina, hori guztia eta gehiago eskatzen zaio.

Ikasleak mundu honetan kokatuta daude, eta mundu hau ez da imajinarioa, erreala baizik: ustelkeriaz, gezurraz, itxurakeriaz, diruaren balio absolutuaz, demokrazia faltsuaz -ikastetxeetan ere-, demagogiaz, publikoarekiko mespretxuaz… pozoitutako mundua delarik. Eta iturri horietatik edaten du ikasleriak, eta ez bakarrik irakaskuntzako iturritik. Egon badira irakasleak baino erantzukizun handiagoa dutenak, besteak beste, hamarkadak boterean daramatzatenak eta irakaskuntza publikoak jasan behar izan dituen arazoen aurrean pribatuari diru gehiago ematea erabaki dutenak, haien "kumeak" kutsaduratik aldentzeko asmoz, segur aski.

Proposamena

Dena dela, bai, hezitzea eta irakastea modu egoki batez posible izango da ikastetxeetan, baldin eta hipokrisia alde batera uzten bada, hau da, hauek bezalako oinarrizko ezagutzak ikasleei helarazten bazaizkie:

Ezer baino lehen, ikasleen egoera naturala ez dela jakinarazi behar zaie, eta goraipatzen den jaiotzezko askatasuna faltsukeria hutsa dela, zer baldintzatan jaiotzen garen inork erabakitzen ez duelako.

Jaiotzezko diskriminazioak gainditzeko egoera okerrenean daudenei hasierako egoera hori berdintzeko behar diren bezainbeste baliabide eman behar zaiela, ikasle bakoitzak duen egoeraren alderantziz proportzionala den laguntza jasoz, eta horren erantzuleak erakunde publikoak direla, ez pribatuak, ezta karitatekoak ere.

Ikasteak, gaur egun, zabalduta badago ere, ez duela berdintasuna bermatzen, zeren benetan agintzen dutenek mota ezberdineko iragazkiak sortu baitituzte, hala nola ikastetxe zehatz batzuekiko loturak/akordioak (haietatik kontratuak sinatzeko), tituluen eta masterren hierarkia (botere horrek sortua, gutxi batzuk ordain dezaketen unibertsitateek ematen dituztenak goian kokatuz) eta oposizioetako tribunalak, maizegi, endogamiaren bidez kontrolatuz…

Teoria praktikarik gabe zerbait hutsa dela, eta, horregatik, demokrazia ere ekinez ikasten dela eta ikastetxeak leku aproposa direla horretarako.

Ofiziala eta egiazkoa ez direla gauza bera, baina ofiziala ez dena ez dela egiazkoa nahitaez.

Administrazioen giza eskubideen urraketak ez du horien balioa deuseztatzen, ezta hiritarrek ez betetzea justifikatzen, honetan, beti, boterea duenak erantzukizun handiago daukalarik.

Zuzena dela gizartearen injustizien kontra borrokatzea…

Ideia guzti horiek, eta gehi daitezkeen antzekoak, kontuan hartzen badira, ikasleei transmititzen zaizkien hitzak sinesgarriak bilakatuko dira, baina, horretarako, gizarte osoak, ez bakarrik irakaskuntzan dihardutenek, bere egin beharko ditu eta lege berri bat egitekotan haietatik abiatu beharko litzateke. Horrela, gaztediak desadostasuna adierazten duenean manipulatuta dagoela eta, berriz, helduek espero dutena egiten duenean heldua dela esatea ekidin egingo da. Zeren Nietzschek zioen bezala, “gaztediak badu arrazoitzeko berezko modua: bizitzan, maitasunean eta itxaropenean hazi egiten den arrazoia”. Hori, ez beste ezer, izan behar da heziketa eta irakaskuntzaren helburua.

Julen Goñi, filosofia irakasle ohia

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude