Hamasek Palestina erdigunean jarri du


2023ko abenduaren 08an - 09:56
Azken eguneraketa: 2023-12-11 15:02:55

Munduko Estatu nagusiek eta horiek kontrolatzen dituzten hedabide indartsuenek ezkutatu nahi diguten arren, Hamasek, bere erasoaren bidez, usteltzen ari zen eta galbidean zegoen Palestinaren gaia berriro nazioarteko agenda politikoaren erdian kokatzea lortu du. Eta helburu politiko nagusi hori lortzea ezinezkoa izango zen Israelek Gazan eman duen erantzun bortitz eta neurrigabea eman izan ez balu. Izan ere, inork uste al zuen Hamasen erasoak ez zuela Netanyahu bezalako sionista ultraeskuindar baten aldetik erantzunik ekarriko? Baina horrelako basatia izango zenik ere uste al zuen inork?

Netanyahu sionista Hamasek jarri dion tranpan erori da bete-betean, Gazan eman duen erantzun genozida neurrigabearekin. Izan ere, erantzun horrekin, Hamasen aurkako gerra ez irabazteaz gain, Palestinaren aurkako borroka politikoa galdu du Netanyahuk Palestinaren, Ekialde Hurbilaren eta mundu osoaren aurrean, gobernu nagusiek zein hedabide indartsuenek egunero kontrakoa adierazi nahi badigute ere. Gainera, kontrakoa adierazten ausartzen diren kazetariak hil egiten ditu Israelek. Dozenaka dira dagoeneko bere lana egiten ari zirela Gazan eta Palestinan hil dituenak.

Eta, halere, Israelen aldekoek ez dute beren helburua lortu. Palestinaren gaia inoiz baino indartsuago berpiztu da. Ikustea besterik ez dago, nazioarteko agintarien harresi politiko mediatiko multinazional horren gainetik, planetako bazter guztietan sortu eta indartu den Palestinaren aldeko herri erantzuna, Palestinaren aldeko jendartearen aktibazioa. Izan ere, gatazka ez da Hamas eta Israelen artekoa, Palestina eta Israelen artekoa baizik. Eta munduak ez du ahaztuko zer egiten ari den Israel.

Palestinarren garaipen politiko hori ezkutatzeko, epeltzeko edota ukatzeko maila guztietako ahaleginak egin dituzte Israelgo Gobernu sionistak, AEBek eta baita Europar Batasunak ere. Laguntza politikoa, militarra eta ekonomikoa eman dizkiote Netanyahuri; hedabideen bidez, nazioarteko iritzi publikoa manipulatzeko kanpaina osoa martxan jarri dute. Baina manipulazio sozial masibo hori, inoiz baino argiago geratu da munduaren aurrean eta manipulatzaileen kalterako, gainera.

Gero eta zailagoa da munduan Israelen aldeko jarrera politikoa babestea. Netanyahuk militarki irabazi dezakeen guztia galduko du politikoki etorkizunean, Palestinarrek larrutik ordaindu beharko duten arren

Gaur, gero eta zailagoa da munduan Israelen aldeko jarrera politikoa babestea. Netanyahuk militarki irabazi dezakeen guztia galduko du politikoki etorkizunean, palestinarrek larrutik ordaindu beharko duten arren. Izan ere, Israelek bakea nahi duela esango du, baina Israelen bakea eta Palestinaren askatasuna ez dira gauza bera palestinarrentzat eta ezta mundu osoarentzat ere. Ez dira sinonimoak.

Duela 75 urte, mundu osoan eman zen deskolonizazio garaian, Mendebaldeko potentziek Palestina palestinarren esku utzi beharrean, sionisten esku utzi zuten. Geroztik, 75 urte hauetan Israelek Palestinaren kolonizazioari eta okupazioari eutsi dio, bi estatuen etorkizuna ezinezko bihurtu arte. Milioika palestinar bota zituzten beren lurretatik eta geroztik, 800.000 kolono sartu dituzte bertako ehunka asentamenduetan, betiere, nazioarteko legeriaren eta nazioarteko instituzioen ebazpenen kontra. Eta orain zer? Orain arazoa Hamasen erasoa omen da… Urte luzeotako apartheid politika suntsitzailea ez omen da arazoa izan, ezta kolonizazioarena ere. Arazoa terrorismoarena omen da, nola ez. Eta ba al dago Israelek Gazan daraman politika baino jardunbide terroristagorik? Palestinarren erresistentzia nazio askapenerako borrokaren emaitza da, eta Israelen erasoa okupazio kolonialistarena.

Netanyahuk Gazan bideratu duen politikaren helburu argia, Gaza bera suntsitzeaz gain, ez da Hamas deuseztatzea, Palestinako herria eta etorkizuna akabatzea baizik. Argi esan du Netanyahuk, Hamas eta Palestinaren Aginte Nazionala gauza bera dira berarentzat.

Palestinarrek erakutsi duten borrokarako grina, irmotasuna eta erresistentzia betirako suntsitzea da Israelen helburua, palestinarrak betiko beldurtzea, Palestina inolako etorkizunik gabeko komunitate bilakatzea. Eta horrekin batera, bi estatuetako irtenbidea betiko ixtea. Netanyahuk Palestinaren erresistentzia deuseztatzea lortzen badu, Palestina estatu bakarra bilakatuko da, Israelena, eta bere baitan, minorizatutako bigarren mailako komunitate palestinarra izango du, AEBetan jatorrizko herriekin gertatzen den moduan, kasurik onenean.

Eta, azkenik, ekonomikoki eta geopolitikoki Israel bera baino askoz ere interesgarriagoak diren estatu arabiarren eta AEBen arteko hurbiltzea oztopatzea da Israelen beste helburu ezkutua, oholtza berri horretan Israelek pisu politikoa eta estrategikoa galduko lukeelako. Israel herri arabiar eta AEBen arteko talkari esker da garrantzitsua, eta munduan eraikitzen ari den nazioarteko ordenamendu berrian emango den Ekialde Hurbileko berrosaketan ez du, inolaz ere, estatus hori galdu nahi.

Bitartean, gu guztioi dagokigu Palestinaren aldeko ekimenak bultzatzea, politikoak, sindikalak, ekonomikoak, kirol mailakoak nahiz pertsonalak, besteak beste, BDZ kanpainak bultzatuz, Hegoafrikan apartheida zegoen garaian egin genuen moduan, guztiok batean eta elkarlanean. Palestina askatu!

Joseba Alvarez, Ezker Abertzaleko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude