La Insurgencia izeneko rapero taldea epaitzen ari da Auzitegi Nazionala. Bina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak rapero bakoitzarentzat.
La Insurgencia kolektiboak 3.300 jarraitzaile ditu bere Youtube kontuan. Kontu hau erabiltzen dute, euren abestiak zabaltzeko. Sareratu dituzten abesti horiengatik ari dira epaitzen Auzitegi Nazionalean hamabi abeslari.
Poliziaren bortizkeria, sistema judiziala eta alderdi politikoen aurkako mezuak igorri ohi dituzte abestietan. Poliziaren arabera biolentzia eta GRAPOren gisako “antolakunde terroristak” goraipatzen dituzte. Horregatik, iaz Espainiako Estatuan kolektibo honen aurkako polizia operazioa egin zuten. 2016ko azaroan deitu zituen deklaratzera Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina uko egin zioten deklaratzeari.
La Insurgencia kolektiboak salatu du Espainiako Gobernua dinamika errepresiboa handitzen ari dela, “sistemaren aurkako antolakunde, artista eta militanteen aurka”. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart jarri dituzte horren adibide gisa.