Hala Bedik auzitara eramango du Eusko Jaurlaritza, kazetari bati Mozal Legea ezartzeagatik

  • Ia urtebeteko prozesuaren ostean, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari ezarritako isuna berretsi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak: Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatu zioten kazetariari Gasteizko Errekaleor auzoan polizia-operazio bat grabatzeagatik. Alegazio guztiak baztertuta, Mozal Legeak zigortutako Euskal Herriko lehen kazetaria izango litzateke Saenz de Buruaga.

ARGIA @argia
2018ko apirilaren 18a

Hala Bedik iragarri du "amaierara arte" iritsiko direla, "informazio-askatasunaren aurkako erasoari" aurre egiteko. Salatu dutenez, "Ertzaintzak egindako txosten faltsu bat" da erasoaren oinarria, eta horregatik administrazioarekiko auzi-epaiketara joko dute ebazpen zehatzailearen aurka.

Hala Bedik aurkeztutako froga guztiak baztertu dizkiete. Hedabideak salatu du prozesu administratibo "kafkarra" izan dela

Eusko Jaurlaritzaren jokabidea gogor kritikatu dute, "eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen lege bidegabe bat" aplikatu duelako eta "muntaia polizial bati babesa" eman diolako. Eusko Legebiltzarrak aipaturiko legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu dute.

Prozesu administratibo "kafkarra" bizi izan dutela adierazi dute eta defentsarako eskubidea urratu egin zaiela uste dute, izan ere aurkezturiko froga guztiak ukatu dizkiete, ikus-entzunezko fitxategiak eta polizien bertsioa auzitan jartzen duten lekukoen adierazpenak tarteko.

Gainera, zigor-eskaera muntaia poliziala delakoan daude, "zalantzarik gabe". Gertaeren egunean bertan antolatutakoa baino, gerora eraikitako akusazioa dela uste dute, "Errekaleorren egindako kazetaritza-lanaren zigor gisa" eta egun hartan pairatutako erasoaren ondoren egindako "salaketa publikoaren mendeku gisa". 

Zer gertatu zen Errekaleorren, 2017ko maiatzaren 18ko goiz hartan?

Zergatik zigortu zuten Hala Bediko kazetaria bere lana egiten ari zen bitartean? Zergatik egin zioten eraso lanean ari zela? Zergatik ez zioten egunean bertan jakinarazi zigorra? Nola liteke polizia-txostenetan bere kazetari-izaera ez aipatzea, prentsa-txartelarekin identifikatu ondoren ere?

Maiatzaren 18 hartan, Hala Bediko bi kazetarik egin zuten Errekaleorren gertatu zenaren jarraipena goizean goizetik, Errekaleor auzo okupatuan polizia-operazio abiatu zela jakinda, argindar-mozketa egin behar zutela-eta. Egun hartan argitaratutako eduki guztiak erraz aurki daitezke oraindik sarean: minutuz minutuko jarraipena sare sozialetan, telefono bidezko zuzeneko konexioak edota egun haietan milaka ikustaldi izan zituen bideoa bera. 

Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari eraso egin zion ertzain batek: grabatzeko erabiltzen ari zen telefonoa lurrera bota eta txikituta utzi zion

12:30ean, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari eraso egin zion ertzain batek, kazetaria poliziaren jarduna sakelako batekin grabatzen ari zen bitartean. Ertzain berak bota zuen sakelako telefonoa lurrera, nahita, eta txikituta geratu zen. 

Horren ondoren, Hala Bediko bi kazetariek polizia identifikatzea eskatu zuten, eurek uneoro prentsa-txartelak eskuetan zituztela. Jasotako erasoagatik azalpenak ere eskatu zizkioten operazioaren buru ziren ertzainetako bati. Hori hala izanik ere, kazetariak eurak izan ziren azkenean identifikatu bakarrak.

Mikel Saenz de Buruagaren kasuan, Ertzaintzak prentsa-agiria kendu zion, baita NA ere, inolako azalpenik eman gabe. Azkenean, ertzain-buruak bi agiriak itzuli zizkion, eskuz idatzitako paper batekin batera, ustez erasoaren erantzulearen identifikazio-zenbakia idatzita jasotzen zuena. Une hartan, ertzain-buruak iruzkina ere egin zuen: "Ezagutzen zaituztegu. Badakigu ingurune erradikalekoak zaretela".

Hori gertatu bitartean, kazetariak ez zuen izan jokabide ezegokia izatearen berririk, eta inork ez zuen adierazi isuna ezartzeko asmorik. Areago, arratsalde hartan bertan, gertatutako guztia salatzeko komunikatua kaleratu zuen Hala Bedik.

Bideo honetan ikus daiteke kazetaria Errekaleorren egon zela goiz osoan kazetaritza-lan hutsa egiten, polizia-hesiaren atzean: sakelako telefonoarekin grabatzen, sare sozialetan irudiak zabaltzen eta irratiarekiko telefono-konexioak egiten, berriemaile gisa.

Ertzaintza iritsi eta minutu gutxira, beste polizia-hesi bat ezarri zuen Errekaleorreko sarreran eta, horren ondorioz, beste hedabide batzuetako kazetariek ezin izan zuten gertatutakoaren berri eman bertatik bertara. Hala salatu zuten haietako askok auzoaren sarreran bertan; areago, batzuek Hala Bediren irudiak ere erabili zituzten gertatzen ari zenaren berri emateko.

Mozal Legearen eta prozedura administratiboen labirintoa

Uztailean, baina, Errekaleorreko gertakariak izan eta bi hilabetera eta aldez aurreko inolako berririk gabe, Eusko Jaurlaritzak jakinarazpena igorri zion kazetariari: 602 euroko isuna ezarri zioten, Herritarren Segurtasunerako Legearen urraketa larriagatik, Mozal Legea izenez ezagutzen dena urratzeagatik, alegia.

Espediente zehatzaileak polizia-txosten bat zuen oinarri eta, bertan jasotakoaren arabera, Hala Bediko kazetariak aipaturiko legearen 36.6. artikulua urratu zuen, "autoritatearekiko desobedientzia edo erresistentzia" baliatuta, ustez maiatzaren 18ko Errekaleorreko polizia-hesia gainditu zuelako.

Akusazioa uneoro ukatu dute Hala Bedik zein kazetariak berak, eta "mendekutzat eta informazio-askatasunaren aurkako erasotzat" jo dute isuna.

Une hartan, Hala Bediko asanbladak erasoari kolektibo gisa erantzutea eta publikoki salatzea erabaki zuen, "desobeditzeko asmoa" adieraztearekin batera: isuna ez zutela ordainduko jakinarazi zuten, baita azken ondorioetaraino errekurrituko zutela ere. Asanblada horrek berak jarri zuen erantzun hori mahai gainean "bidegabekeria" baten aurreko erantzun gisa, "legea bera ez delako bidezkoa eta egotzitako gertakariak faltsuak direlako".

Elkartasuna eta hedabideetako oihartzuna oso handiak izan ziren, Mozal Legea euskal kazetari bati aplikatzen zioten bigarren aldia baitzen (Axier Lopez ARGIAko kazetaria izan zen lehena; isuna kendu zioten azkenean). Kolektibo eta elkarte askok eman zioten babesa Hala Bediri eta zigortuari berari, eta isuna «prentsa-askatasunaren urraketa» gisa hartu zuten.

Hainbat hedabidek eta kolektibok salatu dute Hala Bediri jarritako isuna. Informazio Askatasunaren Aldeko Elkarteak salatu du Mozal Legearen "neurri gabeko hazkundea"

Uztailaren 28an, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak komunikatu bateratua kaleratu zuten "informazio-eskubidearen aurkako eraso zuzena" salatzeko.

Informazio Askatasunaren Aldeko Elkarteak ere kexa aurkeztu zion Espainiako arartekoari, "informazio-askatasunaren aurkako isunak arau-hauste generikoen artean ezkutatzea" salatzeko eta isun horien "neurri gabeko hazkundea" agerian uzteko. 

Abuztuan, Espainiako arartekoak jarduketak abiarazi zituen, PDLIren kexaren haritik. Aldi berean, Hala Bedik EAEko arartekoarekiko kontaktuak egin zituen, eta horrek baieztatu zuen Herriaren Defendatzaileak espediente bat ireki zuela.

Orain gutxi, PDLIk auziaren berri eman du 2017, el año de los delitos de opinión txostenean.

Abuztuan, Hala Bediko kazetariak lehen errekurtso administratiboa ipini zuen. Gerora, zortzi hilabeteko prozesuaren eta sei jakinarazpen ofizial eta bost errekurtsoren ondoren, joan den martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehapen-ebazpenaren jakinarazpena igorri zuen: Mikel Saenz de Buruagaren aurkako isuna baieztatzen zen bertan.

Prozesu osoan kazetariak indefentsio-egoera pairatu duela salatu du Hala Bedik, baita isunaren arrazoia "goitik beherako gezurra" direla ere. Hala, beste hainbaten artean, "jakinarazpen-helegite-jakinarazpen labirintoan zehar etengabeak" izan diren elementuak kritikatu ditu. Hona horien laburpena:

Espedienteak ez ditu egiaztatzen isunaren oinarri diren gertakariak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ukatu ere egin du Saenz de Buruaga bere prentsa-agiriarekin identifikatu zenik, eta Hala Bedik salatu duenez, "gai horren inguruan gezurretan aritzea bereziki larria da, hainbat pertsonak ikusi baitzuten hala izan zela".

Salaketa ipini zuten polizien berrespen-aktarik ez du jaso oraindik defentsak, ezinbesteko dokumentua izanik ere

Hala ere, behin eta berriz jo da Herritarren Segurtasunerako Legearen 52. artikulura, zeinak honakoa dioen: "Gertaeren lekuko izan diren agintaritzako agenteek eginkizunak betez egindako salaketak, atestatuak edo aktak –salatutakoek horiek ukatzen badituzte agenteek berretsi ondoren– oinarri nahikoa izango dira dagokion ebazpena hartzeko". Betiko "euren hitza zurearen aurka", baina muturrera eramanda, ez baitu ematen inolako aukerarik kontrakoa demostratzeko. Areago, behin eta berriz eskatuta ere, defentsak ez du oraindik jaso salaketa ipini zuten polizien berrespen-akta, eta hori ezinbestekoa da aipaturiko 52. artikulua aplikatzeko.

Ukatu egin dira aurkezturiko bi lekukoen idatzizko deklarazioak eta horien inpartzialtasuna auzitan ipini da, Hala Bediko lankideak direla argudiatuta. Horietako bat gertatutakoaren lekuko zuzena izan zen, eta bestea erredakzioan zegoen, isuna jaso duen kazetariarekiko etengabeko kontaktuan. Era berean, kazetaria bere lana egiten ari zela frogatzen duten audioak ere badaude, Hala Bedi irratiarekin zuzeneko hainbat konexio egin baitzituen egun hartan. 

Froga gisa aurkezturiko bideoaren balioa ere ukatu egin da, ez dituelakoan gertakariak "bere osotasunean" jasotzen. Hala Bediren esanetan, hori esatea "bideoaren edukiaren aurrean ez ikusiarena egitea da, ahaztu gabe behin betiko froga gisa balioko lukeen bideo bakarra txikitutako sakelakoarekin grabatutakoa izango litzatekeela".

Hala Beditik salatu dutenez, "formula argia da: erruduna da, kontrakoa demostratzen ez bada". Horregatik, gaitzespen argia egin dute: "Isuna salatu nahi dugu, baina baita prozesu administratibo zehatz hau ere, eta Mozal Legea, orokorrean". Prozesua "gezur baten gainean eraikitakoa" dela uste dute eta "amaieraraino" iritsiko direla adierazi, "bidegabekeria gauzatu ez dadin".

Isildu gabe, mozalik gabe, adierazpen-askatasunaren alde

Ez da kasu bakarra. Mozal Legearen bitartez zigortutako lehen euskal kazetaria izango litzateke, baina Eusko jaurlaritzak 8.000 alditik gora aplikatu du legea 2016ko uztailetik, legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen arren. Gainera, eskubideak urratzeko erabiltzen da: eskubide zibil eta politikoak eta adierazpen-, prentsa- eta informazio-askatasuna daude jokoan.

Eusko Jaurlaritzak 8.000 alditik gora aplikatu du Mozal Legea 2016ko uztailetik

"Ez da kazetari baten aurkako erasoa, baizik eta Hala Bediren aurkako erasoa, Errekaleorren aurkakoa, herri-mugimenduaren, disidentzia politiko eta sozialaren aurkakoa eta, batez ere, informazio-askatasunaren aurkakoa", azaldu dute hedabideko kideek. "Hala Bedik salbuespenezko legea desobeditzea erabaki zuen kolektibo gisa, eta horren arabera jardungo du hemendik aurrerakoan ere, akusazioa faltsua delako eta legea bera bidegabea delako, demokrazia baten oinarrizko askatasunak arriskuan ipintzen dituelako, azken batean. Herritarrei informazio osorako sarbidea ukatzen dien eta kazetaritza-lana oztopatzen duen sistema bat ezin da sistema demokratikotzat jo".

"Hala Bedik ez du onartuko zentzugabekeria honen oinarrian dagoen premisa: polizia baten lekukotza froga gisa onartzeak poliziak bere lana profesionaltasunez egiten duela onartzea dakar, eta kazetariak, aldiz ez". Egoera onartezina dela adierazi dute Hala Beditik, informazio-askatasuna arriskuan ipintzen baitu eta informatze-lana auzitan ipintzen baitu. "Xehetasun hori kontuan hartzen ez bada, poliziei edozein gehiegikeria egiteko aukera eman dakieke bere gustuko ez diren kazetari edo hedabideen aurka".  

Datozen asteotan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ipiniko du Hala Bedik ebazpen zehatzailearen aurka. Hala, bide juridiko guztiak agortzeko asmoa adierazi dute, baita epaiketara jotzeko asmoa  ere, euren informatzeko askatasuna defendatzeko ez ezik, informazio-aniztasunerako eskubide kolektiboa defendatzeko ere bai.

Gainera, datorren ostiralean, apirilak 20, goizeko 10:30ean, Hala Bedik agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean informazio-askatasunaren aurkako erasoa salatu, isuna bertan bahera utzi eta Eusko Legebiltzarrari Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bete dezan exijitzeko.

Bitartean, euren lana egiten jarraituko dutela esan dute, orain arte egin duten bezala, horixe izango baita bidegabekeriaren aurkako desobedientzia-ekintzarik eraginkorrena. "Isildu gabe, mozalik gabe. Eurengatik, guztiongatik".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Mozal legearen mehatxua kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude